Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
121. Hobe da doilor, doilorretsi baino
Hobe da doilor, doilorretsi baino,
ez dena omen denez gaur ezbidez;
hor da galtzen atsegin zuzen oro,
ez gure juzguz, baizik arrotz-soez.
Ezen zergatik behar naute begi
faltsu inorenek keinuz txalotu?
Edo, ustelok ustel-barrandari,
ene on-ustea berenez txartu?
Ez: naizena bainaiz; eta haiek, ni
eraitsi ordez, berak dira jausten;
zuzen dirauket, okerroi ez-adi;
haien zitalak ez nau ni ukitzen;
non ez duten gaitzirizten gizonez
makur dela oro, makurron legez.