Aurkezpena
Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saila, egoitza Zientzia eta Teknologia Fakultatean duena, Zelulen Biologia eta Zoologia jakintza arloei atxikitako irakasle eta ikertzaileek osatzen dute. Bikaintasunean oinarritutako ikerketa jardueragatik nabarmentzen da saila, Eusko Jaurlaritzaren aitorpena jaso duten hainbat ikerketa talde egonkortuk baitihardute bertan. Horregatik, irakasle ugari dabiltza unibertsitate masterretan irakaslana eskainiz eta hainbat doktorego programatan doktore tesiak zuzenduz. Saila erantzulea den bi masterretatik batek EBko Mundus Erasmusen zigilua dauka. Sailak koordinatzen dituen bi doktorego programek, berriz, MECen Bikaintasuneranzko Aipamena jaso dute. Graduondoko irakaskuntzaren zati bat "Plentziako Itsas Estazioa/ Estación Marina de Plentzia" Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroan, 2012an inauguratutakoan, eskaintzen da. Saileko irakasle eta ikertzaileek nazioko zein atzerriko ikerketa proiektu ugaritan parte hartzen dute, eta baita enpresekiko eta beste erakunde batzuekiko kontratuetan ere.
Sailak bere bizkar dauka Zelulen Biologia eta Zoologia jakintza arloei atxikitako irakasgaien graduko irakaskuntza lana, honako titulu hauetan: Biologia, Ingurumen Zientziak, Biokimika eta Biologia Molekularra eta Bioteknologia. Gainera, Biologia irakasgaia ere eskaintzen da Ingeniaritza Kimikoko Graduan eta Kimikako Graduan. Irakaskuntza lan hori, zehazki, Zientzia eta Teknologia Fakultatean (Bizkaiko Campusa) eta Farmazia Fakultatean (Arabako Campusa) egiten da.