ANIMALIATEGI ZERBITZU OROKORRA BIZKAIKO CAMPUSA
Sartzeko Arauak
Bizkaiko Campusean esperimentazioko animaliekin egiten den ikerketa-jarduera oro Bizkaiko Animalien Zerbitzuaren instalazioetan bakarrik egingo da, animaliategiak berak ez duen azpiegitura bat behar duten instalazioetan izan ezik.
Ikerketa-jarduerak animaliak animaliategitik ateratzea eskatzen badu, animaliategiko langileei eskatu eta justifikatu beharko zaie, eta haiek baloratuko dute eskaera eta justifikazioa egokiak diren ala ez.
- Euskal Herriko Unibertsitateko, beste unibertsitate batzuetako eta erakunde publiko nahiz pribatuetako ikertzaileek Animaliategiko Zerbitzu Nagusiak erabili ahal izango dituzte, arau hauek eta IZOko araudia betez.
- Animaliategi Unitate bakoitzak Campuseko animaliategi-zerbitzuari dagozkion "Erabilera Arauak" banatuko dizkie interesdunei; eskainitako zerbitzuak ere bertan jasoko dira. Gogorarazi nahi dugu EHUren unibertsitate campusetako animaliategien gaikuntza ofizialen ezaugarriak aldatu egiten direla batetik bestera. Hartara, funtzionamendu arauak ere alda daitezke.
- Animalien eta Animaliategiko zerbitzuen eskaerei harrera-hurrenkeraren arabera erantzungo zaie. Halaber, eskaera guztiak jasoko dira Animaliategi bakoitzaren eskaera-orrien artxiboan edo erregistro-liburuan.
- Eskaerei erantzuteko hurrenkera aldatu ahal izango da, arrazoi teknikoengatik edo zerbitzuko arduradunak behar bezala justifikatutako larrialdiko lanengatik. EHUren kanpoko zerbitzuen lehentasunak ezingo du animaliategiaren asteko lanaldiaren %30 gaindituko.
- Animaliategi Unitateak eginiko lanak ekarpen nabarmena egiten badio talde baten ikerketari edo ikerkuntza-proiektu bati, horren gainean eginiko argitalpen guztietan berariaz aipatuko da zerbitzuaren erabilera.
- Ikerketako Batzordeak urtero zehaztuko ditu tresnak erabiltzeko tarifak. Emandako zerbitzu guztiak, kanpokoak nahiz barnekoak, EHUren Kontabilitate Zerbitzuaren edo aurrekontuetako prozeduraren bidez fakturatuko dira, finkatutako tarifak aintzat hartuz.
- Laborategiko animaliekin lana egitean espezie bakoitzari dagokion teknologia erabiliko da. Halaber, indarrean dauden lege-araudiak bete beharko dira beti, eta horretarako Animaliategiko langileek aholkularitza eskainiko dute. Jarduera hori Euskal Herriko Unibertsitatearen Animaliategi Unitate Bakoitzaren Erabilera Arauen arabera arautuko da.
Barne Arauak
a) Animalien harrera: 1201/2005 Errege Dekretua (2005/10/21) betez, zerbitzuan baimen ofiziala duten hazkuntzako eta mantenuko zentroetatik ekarritako animaliak bakarrik onartuko dira. Gainerako kasuetan, ezinbestekoa izango da dagokion unitatearen Zientzia Zuzendariak beraziazko baimena ematea. Jaso eta sarrera-erregistroa egin ondoren, animaliak berrogeialdiko gunera eramango dira.
b) Animaliak ukuiluratzea:
- Animaliak erabiltzaileei eman aurretik, eginkizun hori duten zerbitzuko langileak arduratuko dira animalien ugalketaz (Bizkaiko unitatean) eta mantenuaz (unitate guztietan).
- Animaliak erabiltzaileei eman ondoren, mantenua zerbitzuko langileek egingo dute animalia tratatuak sartzeko geletan, ikerketaren beharrek bestelakorik eskatzen duten kasuetan izan ezik.
Dagoeneko erabiltzailearen esku dagoen animalia ezingo da, inolaz, ugaltzeko eta hazkuntzako gunera berriro eraman.
c) Portaera-azterketak: Animaliategitik portaera-azterketetara animaliak ateratzea ez dago baimenduta; izan ere, esperimentazio hori, gaur egun, Bizkaiko Campuseko Animalia Zerbitzuaren bi eraikinetan egin daiteke:
- Eraikin Konbentzionala. Irakasleen eta ikertzaileen zerbitzurako portaera-unitate bat dago. Animalia-zerbitzuaren eskaera-prozesua webgunean argitaratu da.
- Rita Levy eraikina. 22 m2 inguruko portaera-gela bat dago, panel batzuekin, gela box desberdinetan banatzeko. Ez du guztiek erabiltzeko ekipamendurik instalatuta, eta, beraz, erabiltzaileek eramango dute ekipamendua esperimentazioan zehar, eta amaieran kenduko dute. Zerbitzu hau Animalien Zerbitzuaren webgunean erreserbatu daiteke: https://www.ehu.eus/eu/web/sgiker/bizkaiko-animaliategia-zerbitzuaren-eskaria
Bizkaiko Animalien Fenomika Unitatean sartzeko, SGIkerretan fenomika-unitatean sartzeko eta erabilgarri dauden zerbitzuak erabiltzeko protokoloan ezarritako baldintzak bete behar dira.
d) Animalia-jatorriko zelulak eta produktuak ezartzeko prozeduretarako arauak: Animalien osasun-estatusa zaintzeko, eta saguetan inokulatutako animalia-jatorriko zelulak eta produktuak infekzio-iturri izan ez daitezen, honako protokolo honi jarraitu behar zaio
e) Materiala: laborategietara eramaten den zerbitzuko materiala lehenbailehen itzuliko da. Zerbitzuaren materiala eraldatzeko baimenik ez dago.
f) Animaliak hiltzea: erabiltzaileak, edo, hala eskatuz gero, zerbitzuko langileek hilko dituzte animaliak, eutanasia-metodo baimenduak erabiliz. Langileek izotzgailu bakarrean gordeko dituzte gorpu guztiak, dagokion zerbitzu ofizialak jasotzen dituen arte. Kasu guztietan, zorroztasunez beteko dira oinarrizko segurtasun neurriak, hondakinak kudeatzen dituzten langileak zauritu ez daitezen.
Protokolo orokorra
Bizkaiko Animaliategian sartzeko, SGIkerretara sartzeko eta eskuragarri dauden zerbitzuak erabiltzeko protokoloan zehaztutako baldintzak bete beharko dira.