UPV/EHUk graduko titulazioen curriculuma garatzeko oinarriak onartu zituen, 2010eko apirilaren 26ko Gobernu Kontseiluan. Proiektu hori aurrera eramateko esparrua IKD ereduak zehazten du; hots, ikasleak ardatz dituen irakaskuntza-ikaskuntza eredu kooperatibo eta dinamikoa. Ehundu programa tituluak modu estrategikoan bultzatzeko tresna nagusia izan da, eta ekintza berritzaileak egin ditu, hezkuntza eredu hori garatzeari begira.
IKD eredua zehazteko, UPV/EHUren ikastegiak eta fakultateak aldaketa eta eraldaketaren motortzat hartu behar izan dira, nola prozesuen hala produktuen mailan.
Alde batetik, ikastegiak dira tituluetako barne bizitzaren arduradun nagusiak. Tituluak diseinatzeko, garatzeko eta hobetzeko eginkizuna dute, unibertsitate osorako orientazio komuna edukita, baina bakoitzaren berezitasunetik abiatuta, eta denboran zehar modu dinamikoan egokituta. Azken sei urteetan, ekimen asko jarri dira martxan, besteak beste, irakasle taldeak aktibatzeko, irakaskuntza metodologiak hobetzeko, etengabeko ebaluazioa txertatzeko edo ideia eta proiektu berritzaileak probatzeko, non ikasleak ikaskuntzaren erdigune diren. Emaitza horiek jasota geratu dira lehenengoz unibertsitateko esperientziari buruzko EHUn Bizi galdetegiaren bidez, non azken mailako ikasleek beren jarduera akademikoa eta gaitasunak nola hautematen dituzten adierazi duten.
Bestalde, ikastegiek kontuak eman behar dituzte, kanpo agentzien aurrean. Hala, alderdi hauei erantzun behar izaten diete: a) hartutako konpromisoen lorpena, tituluen eta kudeaketa sistemaren hedapenean, aldaketan eta hobekuntzan, b) Unibasq agentziak emandako gomendioen gauzapena (titulazioen akreditazioa berritzea eta jarraipen txostenak), eta c) Ikastegien barne kalitaterako sistemen ezarpena ziurtatzeko txostenak, sistema horiek izango baitira epe labur eta ertainera unibertsitate ikastegiak akreditatzeko oinarrizko elementuak.
Ikastegiak tituluak garatzeko eragile nagusitzat hartzeko erabaki estrategikoa, zeina UPV/EHUk hartu baitzuen 2010ean, indartu egin da, araudi berri hauen harira: 420/2015 Errege Dekretua, maiatzaren 29koa, unibertsitate eta unibertsitate ikastegiak sortu, aitortu, baimendu eta akreditatzeari buruzkoa (ikus 5. eranskina), eta Europako Unibertsitate Eremuan (ESG) kalitatea ziurtatzeko irizpideak eta ildoak - 2015 (ikus 6. eranskina). Hori guztia kontuan hartuta, ikastegiek tituluak akreditatzeari begira hartzen dute garrantzi gehien, antolakuntza eta kudeaketa unitate nagusiak diren neurrian. Hau aldaketa handia da, eta unibertsitateak laguntza bitartekoak eta baliabideak jarri beharko ditu hori lortze aldera.
Araudi berri horiek eragin zuzena dute maila praktikoan. Maila operatiboan, berriz, UPV/EHUren ikastegiek bi eskakizun handiri erantzun beharko diete, beren erakunde akreditazioa lortzeko. Alde batetik, tituluen akreditazioa eskuratzea, neurri handi batean, ikastegi guztiek lortu dutena, eta, bestetik, KBBSren ezarpenaren ziurtagiria eskuratzea, AUDIT programaren bidez; horrek esan nahi du Europako Unibertsitate Eremuan (ESG-2015) kalitatea ziurtatzeko irizpideak eta jarraibideak ikastegietan ezarri behar direla.
Kontuan hartu beharreko garrantzi handiko beste kontu bat honako hau da: UPV/EHUren araudiaren arabera beharrezkoa da ikastegiari atxikitako arduraldi osoko plantillako irakasle eta ikertzaileen % 70 doktoreak izatea, eta, edozein kasutan, ikastegiak gutxienez arduraldi osoko 50 irakasle eta ikertzaile iraunkor izatea atxikita (Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 3. artikulua, 2016ko urtarrilaren 4ko EHAA). Eskakizun horiek bereziki eragiten diete lan arloari lotutako tradizioa duten ikastegiei, orain beren ikerketa jarduera indartu beharrean egongo baitira.
Eskakizun berri horiek guztiek testuinguruaren arabera ikastegiei laguntzen jarraitzeko beharra indartzen dute; hala, egoera partikular bakoitzetik abiatuta, erronka horiei aurre egiteko estaldura eta laguntza eman beharko zaie.
Ikastegien berrantolaketa norabide horretan egindako lehen urratsa izan da, zeina barruan indartzeko estrategia orokortzat ulertu behar baita eta lagungarria izango baita erakundearen kanpo akreditaziorako. Ikastegien bat egitea 2014an hasi zen, eta, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 27ko Akordioaren arabera, hainbat helburu planteatzen zituen, hala nola ikastegien lehiakortasuna, ikusgarritasuna eta gizarte lidergoa areagotzea, graduko eta graduondoko tituluen eskaintzen arteko erlazioa hobetzea, ikerketa bultzatzea, gastuaren kudeaketan eta eraginkortasunean efizientzia areagotzea, eta sailen antolakuntza sinplifikatzea.
Estrategia global horren bigarren urratsa EHUndu-Aurreratua (ehundu-A hemendik aurrera) programaren edizio berri hau da, eta honen bidez erronka berri horiei guztiei erantzuteko tresna operatiboak ematen dira.