PRESENTACION

QUALIKER ikerketa taldea

Logo de Qualiker

Euskal Herriko Unibertsitateko Qualiker ikerketa taldeak Gipuzkoako campuseko Psikologia Fakultatean du bere egoitza. Nekane Balluerkak zuzentzen du eta jakintza-alor ezberdinetako kideek osatzen dute, taldeari diziplina anitzeko izaera ematen diolarik.

Qualiker-en ardatz nagusia osasuna da, zeina ongizate fisiko, mental eta sozial gisa ulertu daitekeen, eta ez soilik gaixotasun eza bezala.

Ebidentzian oinarritutako ikuspegi batetik abiatuta, Qualiker-en xedea honakoa da: haurtzaroan hasi eta zahartzarora bitartean ongizate sozio-emozionala eta osasun psikosoziala hobetzea helburu duten esku-hartze programak diseinatu, inplementatu eta ebaluatzea.

Honenbestez, gaitasun sozio-emozionalak garatzera zuzendutako hainbat programa proposatzen dira, egokitzapen psikosoziala errazteko eta egoera pertsonal edota sozial konplexuen aurrean babes-faktore gisa jokatzeko (antsietatea, depresioa, ideia suizida, nahi ez den bakardadea, eskola-zailtasunak, etab.). Zailtasun guzti hauek sufrimendu handia eragiten diote pairatzen dituzten pertsonei eta haien ingurune hurbilenari, gainera, ondorio sozial eta ekonomiko garrantzitsuak eragiten dituzte.

Era berean, arreta berezia jartzen zaie adineko pertsonei, baita euren zaintzaz arduratzen diren pertsonei ere, biztanleriaren zahartzeak eragindako behar soziosanitario berriak direla eta.

Bestalde, osasun psikosozialarekin loturiko aldagaien ebaluazio tresnak sortu eta berauen kulturarteko egokitzapena burutzeko metodologian espezializatuta dago Qualiker, euskarara zein gaztelerara. 

Azkenik, ikerketa lerro berri bat abian jarri da duela gutxi, zeinak COVID-19aren pandemiak eragindako beharrei erantzuna eman nahi dien. Lerro honen helburu nagusia pandemiaren kalteak estatu mailan eta Euskal Herrian saihestea litzateke, zehazki, ondorio psikologiko larriak (depresioa, antsietatea, estresa) eta arrisku jokabideak (tabakoaren, alkoholaren eta beste drogen kontsumoa).

Qualiker taldeak Psikologiako Graduan eta honako graduondoetan ikasle direnen formakuntza prozesuan parte hartzen du: Psikologiako Ikerketa Masterrean eta Osasun Psikologia Orokorreko Masterrean. Baita Psikologia doktorego programako doktoregaien formakuntzan ere.

Qualiker taldeak Psikologia Fakultateko balioak partekatzen ditu, hauetatik ardura soziala, izpiritu kritikoa, konpromiso etikoa eta bikaintasunarekiko konpromisoa nabarmenduz. Era berean, Fakultatearen eginkizunarekin bat egiten du berrikuntzan oinarritutako kalitatezko ekoizpen zientifikoa bultzatuz. Ildo horretan, Qualiker ikerketa-taldeak unibertsitateko ikasleentzat eta euskal gizarte osoarentzat erreferente zientifikoa izateko ahalegina egiten du.