Informazio orokorra GLOBAL TRAINING 2023

Informazio orokorra GLOBAL TRAINING 2023

2023ko GLOBAL TRAINING programaren edukia eta ezaugarriak

1. Planteamendua

Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia (SPRI), Basque Trade & Investment eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasuna eta Ingurumen Sailak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan (beste erakunde kudeatzaile batzuen artean), Europan zein mundu osoan sortzen ari diren errealitate berriei eta etorkizuneko erronkei irtenbide eraginkorrak eman nahian, atzerrian praktikak egiteko "Global Training" izeneko beka-programa jarri du martxan. Programa horren bidez, EAEko gazteak atzerrira irten daitezen bultzatu nahi da, beren ezaugarri akademikoekin eta profesionalekin lotutako jarduerak eta proiektuak egin ditzaten atzerriko enpresetan/erakundeetan (6 hilabete), aldez aurretik planifikatutako prestakuntza praktikoko plan baten barruan.

 

2. Global Training programaren helburuak

  • Gazteen nazioartekotzea bultzatzea, jarduera profesional batekin zuzenean lotutako praktikak eginez atzerrian.
  • Kohesio ekonomikoa eta soziala bultzatzea, eragile desberdinen arteko lankidetzaren bidez, eta gaztearen zein enpresa hartzailearen onura bilatzea.
  • Nazioarteko ikasketa praktikoaren zeregina indartzea, herritartasuna, ezagutza, kultur arteko elkarrizketa eta beste herri eta kultura batzuetara irekitzea bultzatzen dituelako.

 

3. Partehartzaileak

«Global Training» bekak eskuratzeko interesa dutenek honako baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte:

a) Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea irekitzen den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik edo 5 urtez jarraian aurreko 10 urteetan.

b) Unibertsitateko gradu-titulua edo goi-mailako Lanbide Heziketako titulua edukitzea. Onartuko dira atzerrian lortutako tituluak, baldin eta tituluarekin batera aurkezten bada agintaritza eskudunak egindako homologazioa edo baliokidetza.

c) Praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzea.

d) 2023ko urtarrilaren 1ean 30 urte bete gabe izatea.

e) Ingelesa jakitea. Unibertsitateko irakaskuntza ofizialetako graduko tituluen kasuan, erreferentziatzat hartuko da B2 maila, eta goi-mailako Lanbide Heziketako tituluen kasuan, B1 maila. Baldin azken 4 urteetan hautagaiak ez badu eskuratu eskatzen zaion hizkuntza-maila egiaztatzeko titulu ofizialik, ahozko eta idatzizko proba bat egin beharko du eta eskatutako ingeles-mailari dagozkion ezagutzak egiaztatu beharko ditu.

f) Beka onartzeko unean ez izatea beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik, ez eta eguneroko bizitza mugatzen duen patologiarik.

g) Antzeko prestakuntza-helburua duten eta unibertsitate-tituludunei zuzenduta dauden laguntza edo beken onuradun ez izatea, baldin eta beka eta laguntza horren bidez 6 hilabete edo gehiagoko praktikak egin badira nazioarteko erakunde edo enpresetan. Zehazki, beka hauek ez dira bateragarriak beste hauekin: aurreko ekitaldietako Global Training bekak, ICEXenak edo beste administrazio autonomiko batzuenak, merkataritza-ganberenak, merkataritza sustatzeko EBko erakundeenak edo antzeko beste erakunde batzuenak.

h) Lanik edo praktikarik egin ez izana Global Training praktikak egingo diren enpresa edo erakundeetan.

i) Egunean egotea indarrean dauden xedapenek agindutako zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan.

j) Oinarri hauen bitartez araututako bekarik ez dute jasoko bekak edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat dutenek, edo horretarako legezko debekuren bat dutenek, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 4/2005 18 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

k) Ez dira onuradun izango Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren

13. artikuluko kasuren batean dauden pertsonak.

 

 4. Hautaketa egiteko irizpideak:

  • Atzerriko enpresa hartzailean egin beharreko lanerako profil profesional egokia.
  • Atzerriko enpresa hartzaileak garatzen duen jarduera-esparruan prestakuntza espezifikoa izatea.
  • Bekaduna hartuko duen herrialdeko hizkuntza edo enpresa hartzailearen lan-hizkuntza ezagutzea.
  • Programarako eta eskainitako jardueretarako motibazio-faktoreak.

 

5. Beken ezaugarriak

5.1. IRAUPENA

  • Beken gutxieneko iraupena 6 hilabetetakoa da.
  • Enpresak luzatuko ahal du bekadunaren egonaldia beste 1 eta 6 hil gehiagotan, bekadunaren eginarekin gustura bada, luzapen hori web gunean argitara emandako eskaintza bakoitzean ezarritako baldintzekin bat etorrita eginen delarik. Enpresa guztiek ez dute erabakitzen egonaldia luzatzea (kasuan kasu egingo dute). Enpresaren erabakia da luzapenaren aukeraz baliatzea.
  • Bekaren hasieran bi astetako prestakuntza saioa emango da, hautatutako pertsonei eskainiko zaie helburuko enpresara joan aurretik.

5.2. ORDUTEGIA

  • Ordutegia enpresa lankideak zehaztuko du, bertako pertsonalaren lanaldia erreferentzia hartuta, nahiz prestakuntza praktikoak astean, gehien dela, 40 ordu eta, gutxienera, 25 ordu izan.
  • Praktiketan den bekariak ez du ezelako lan harremanik izango enpresarekin eta, horregatik, ez da lan kontraturik formalizatuko alde bien artean praktika aldiak dirauen bitartean. Praktika aldia amaitu baino lehen lan harremana ezarri nahi bada, praktiketan den bekadunak uko egin beharko dio espresuki Global Training programa aplikatzeari eta berori idatziz jakinarazi beharko dio UPV/EHUri, enpresak ere ontzat eman ondoren.

5.3. BEKEN EKONOMI EKARPENA ETA ASEGURUAK

Lehenengo 6 hiletan zehar:

  • Beka bakoitzak lehenengo 6 hiletan izango duen ekonomi ekarpena 1.635 eurotakoa (gordina) izango da hilean eta Euskal Gobernuaren industri sailaren eta programa hau finantzatzen duten euskal erakundeen konturakoak izango dira. Lehenengo 6 hiletan zehar, praktiketako bekariak ez du enpresaren edo erakunde anfitrioiaren ezelako ekonomi ordain gehigarririk jasoko, Global Training programak oso-osorik finantzatutako esleipena baitauka.
  • Praktiketan egingo dituen lehenengo 6 hiletan, bekariak istripu eta gaixotasunetarako aseguru poliza baten babesa izango du, bai eta aseguru mediko bat eta Euskal Herriko Unibertsitateak xede honetarako sinatuta duen erantzukizun zibilerako beste aseguru bat ere.

Luzapeneko hiletan zehar (enpresak hala erabakiko balu):

  • Luzapen aldietarako, ez euskal gobernuak ez UPV/EHUk ez dute diru kopururik jarriko eta enpresaren kargurakoak izango dira bekariarentzako ekarpen ekonomikoa egoki leritzoketen kopuruan, bai eta aseguruen ordaintzea ere. Informazio hau egon badago askotan web gunean aurkeztutako eskaintzetan. Enpresak erabaki beharrekoa delarik, luzapena bekadunaren lanaren eta enpresaren egoeraren menpe egongo da.

 

6. Bekadunaren konpromisoa

«Global Training» programako beken onuradunek betebehar hauek dituzte

a) Emandako beka onartzea. Hartara, beka eman izanaren jakinarazpena egiten denetik 5 eguneko epean eta idatziz espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da onartu dutela beka.

b) Helmugako herrialdean praktikak egiten hasi aurretik emango den prestakuntza-ikastarora joatea, eta jarrera kooperatiboa izatea, bai irakasleekin eta bai ikaskideekin.

c) Erakunde, enpresa eta organismo kolaboratzaileek ezarritako osasun-neurriak errespetatzea bekak dirauen bitartean.

d) Helmugako herrialdeak bertara joan aurretik eskatzen dituen bisa, txerto eta baimenak lortzea.

e) Emandako jarraibideak onartu eta betetzea: jomugako enpresa eta erakunde kolaboratzaileetan lanean hasi eta amaitzeko datak, laneko egutegia eta ordutegia, eta bekaren helburuak betetzeko beharrezko den beste edozein jarraibide. Praktikaldiak dirauen bitartean, bekadunaren lan-ordutegia eta -egutegia erakunde kolaboratzailearen ordutegi eta egutegiaren araberakoa izango da, eta gehienez 40 orduko lanaldia izango du astean.

f) Arduraldi esklusiboa izatea bekaren berezko jardueretarako, eta ez egitea bestelako jarduera ordaindurik. Bekak dirauen bitartean, bekadunak uneoro bete beharko ditu  rakunde, enpresa eta organismo kolaboratzaileen funtzionamendu-arauak.

g) Praktikak eskaini dizkion enpresak edo organismoak agindutako zereginak egitea, aldez aurretik ezarri edo adostutako lan-planaren esparruan.

h) Bekaren erakunde arduradunak praktiken garapenari buruz eskatzen dizkion txostenak egitea eta txosten horiek zein eskatutako beste edozein informazio bidaltzea.

i) Helmugako herrialdera iritsitakoan kontsul-etxean edo enbaxadan erregistratzea, bekaaldiko bizilekua finkatzeko.

j) Bekaren erakunde onuradunak finkatutako lan-ebaluazioetan parte hartzea. SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Invesment-eko (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) ordezkari batek parte hartu ahal izango du ebaluazio horietan.

k) Bekadun izateari utziz gero, soberan jasotako zenbatekoak itzultzea. Itzuli behar den zen batekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da praktikaren egonaldirako aurreikusitako epearen eta praktika hori estaltzeko esleitutako zuzkidura ekonomikoaren arteko harreman proportzionala; bekadunak jaso duen zenbatekoa egin duen egonaldiari dagokiona baino handiagoa bada, jaso duen soberako zati hori itzuli beharko dio erakunde arduradunari.

l) Beken erakunde arduradunek ezarritako jarraibideei jarraiki, argi jakinaraztea helmugakoak ez diren beste herrialde batzuetara praktikengatik nahiz arrazoi pertsonalengatik egindako bidaiak, aseguru-poliza eguneratzeko eta estaldura bermatzeko. Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak egiaztatzen badute herrialde edo eskualde jakin bat arriskutsua dela, posible izango da bekadunen nazioarteko mugikortasuna mugatzea.

m) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunak betetze aldera.

n) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainontzeko betebeharrak betetzea.

Informazio osagarria