CURSOS-ELE

Gaztelania Atzerritar Hizkuntza (GAH) eta Bigarren Hizkuntza (GH2) irakaslegoarentzako formakuntza ikastaroak

​​​​​​Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzaren bitartez, irakasleen etengabeko prestakuntzarako ikastaroak antolatzen dihardu 1992az geroztik, gaztelania atzerriko hizkuntza gisa irakasteko. Horrela, ELEko (Gaztelania Atzerritar Hizkuntza) edo EL2ko (Gaztelania Bigarren Hizkuntza) irakasle izateko ezagutza espezifikoak eta beharrezkoak eskaintzen ditu UPV/EHUk, egungo munduan gaztelaniak sortzen duen interesari behar bezala prestatutako irakasleekin erantzun ahal izateko.   

Etengabeko prestakuntzako ikastaro horiek prestakuntza akademiko ofiziala ez diren arren (master bat izan litekeen eran), ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak eguneratzen eta areagotzen laguntzen dute, eta ELE/EL2 irakastean kontuan izan beharreko alderdi guztien ikuspegi orokorra ematen dute ikuspegi teorikotik eta praktikotik, orain edo etorkizunean gaztelaniako irakasle izan nahi duten pertsonen lana bideratzeko eta errazteko. Era berean, kontuan hartuta eskaera handia dagoela, hainbat saio eskaintzen zaizkio etorkinentzako gaztelaniaren irakaskuntzari, alderdi guztietatik, eta kontuan hartuta EL2ren berezitasunak.

Gutxieneko bertaratze baldintzak betetzen dituzten ikasleek lortzen duten ziurtagiria baliagarria izan daiteke, halaber, bigarren hizkuntzetako irakasleen ziurtagiria, bekak edo irakurletzak lortzeko eta goi mailako ikasketak egiteko beharrezkoa izan ohi den hizkuntzen irakaskuntzako berariazko prestakuntzaren eskakizuna betetzeko. Gure helburua da eginez ikastea; horregatik, zeregin praktiko txikiak egoten dira saioetan, emandako edukiak finkatzeko eta ikasleen parte hartze aktiboa sustatzeko.​​​​​

Ikusi ikastaroen aurkezpen-bideoa esteka honetan: https://ehutb.ehu.eus/video/63f724e5af192361725cfbd2

 

Gure ikastaroak

GAH eta GH2 irakasteko teknikak eta baliabideak

Online sinkronoa. 2024ko martxoaren 1etik apirilaren 20ra.

Matrikula itxita.

Nola izan GAHko irakaslea

Online sinkronoa. 2024ko urriaren 18tik azaroaren 30era

Matrikula itxita.

Irakasle taldea

Gure ikastaroen oinarria den taldeari dagokionez, nabarmentzekoa da prestakuntza teoriko zabala izateaz gain, ELEko eta EL2ko jarduneko irakasleak direla. Horrek esan nahi du ikasgelako benetako esperientzia dela ikastaro horien edukien eta metodologiaren oinarria, eta, beraz, modu eraginkorrean erantzuten dietela gure eguneroko hezkuntza lanean izan ditzakegun arazoei. Gure helburua da eginez ikastea; horregatik, zeregin praktiko txikiak egoten dira saioetan, emandako edukiak finkatzeko. Gainera, ikastaroaren koordinatzailearen laguntza du irakasle taldeak etengabe, eta saio guztietan parte hartzen du koordinatzaileak, ikasle guztiei lagundu ahal izateko gai teknikoetan eta akademikoetan.

Aipatutako guztiaren ondorioz, gure ikastaroei "bikain" jarri diete ikasleek, haien iruzkinetan ikus daitekeenez (ikusi ikasle ohien iruzkinak jarraian).

 

Gure ikastaroetan parte hartu duten ikasleen iruzkin eta balorazio batzuk:

Asko gustatu zait landu diren gaien askotarikotasuna, irakasleen maila (arloan adituak direla erakutsi dute denek) eta hitzaldi gehienen ikuspegi praktikoa. Etorkizunean gehiago sakondu nahi nuke landutako zenbait gaitan.
Iruditzen zait ikastaroa oso ongi antolatuta dagoela, eta ELEren irakaskuntzarako oso garrantzitsuak eta askotarikoak diren gaiak jorratzen dituela. Nire ustez, kontu handiz aukeratu dira hizlariak, eta material benetan praktikoak eta baliagarriak prestatu dituzte gu irakasle gisa trebatzeko. Gainera, gure galderak eta zalantzak argitzeko prest egon dira beti hizlariak eta ikastaroaren antolatzaileak.

Ikastaroak nire itxaropenak gainditu ditu. Ez neukan oso argi nola landuko ziren kontzeptu teorikoak eta praktikoak, baina hizlariak eta ariketak oso entretenigarriak eta egokiak izan dira gure mailarako. Klaseak oso parte hartzaileak izan dira, eta hainbat gairi buruz hausnartzeko aukera izan dut, neurri batean ikaskideen iruzkinei esker.

Ikastaroa oso atsegina da, eta oso baliagarria etorkizuneko lan aukerei edo ikasgelako esperientziei begira. Uste dut asko lagunduko didala eskolak prestatzen, aukera iristen zaidanean. Gainera, gurekin partekatu dituzten baliabideak oso erabilgarriak eta interesgarriak dira, eta edozein hizkuntzaren irakaskuntzan aplika daitezke.

Ikastaroan eskuratutako ezagutzak beste hizkuntza batzuetan ere erabil daitezke, ez bakarrik ELE irakasteko.

Sarrera ezin hobea da atzerritarrei gaztelania irakasteko bidea egin nahi dugunontzat. Harrituta nago irakaskuntzaren alderdi ugari landu direlako ikastaroan, eta horiek lantzeko moduagatik, horren denbora gutxian gainera. Nire itxaropenak gainditu ditu ikastaroak: beharrezko teoria guztia ikasteaz gain, materia errealean jarri ditugu eskuak, eta hori are interesgarriagoa eta garrantzitsuagoa da.

Ez da erraza gauza bakar bat aukeratzea, baina nire etorkizunean eragin handiena izango duena da ikasgelan lantzen diren irakaskuntza material errealak landu, aztertu eta diseinatu izatea, lan praktiko hori izan da garrantzitsuena. Eta hori kontuan hartuta normalean lan teorikoaren bidez hasi nahi izaten dudala gai berriak lantzen.

Nire ustez, ikasteko oinarri on bat ezartzeko balio dute ikastaroan lantzen diren irakaskuntzaren alderdiek, ELEren arloan trebatzen jarraitu ahal izateko. Gaien askotarikotasuna eta unitate gisa lantzen diren alderdien garrantzia direla eta, prestakuntza hau lehen urrats on bat da arlo honetan interesa duen edonorentzat.

Pribilegio handia da hizlariek esperientzia izatea bai ELE/EL2ko irakasle gisa, bai landutako gai bakoitzean, eta hain hurbilak izatea.

 

Informazioa eta harremana

Ikasle Bisitarientzako Hizkuntza-Ikastaroen Bulegoa
Arabako Campuseko Errektoreordetza – Beheko solairua (Nazioarteko Harremanetako Bulegoa) 
Izarduy komandantea, 2
E-01006 Vitoria-Gasteiz

Telefonoa: +34 945 013356
Helbide elektronikoa: cursosidiomas@ehu.eus