Parte hartzeko baldintzak GLOBAL TRAINING 2023
1.– «Global Training» bekak eskuratu nahi dituztenek baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte:
- Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea irekitzen den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik edo 5 urtez jarraian aurreko 10 urteetan.
- Unibertsitateko gradu-titulua edo goi-mailako Lanbide Heziketako titulua edukitzea. Onartuko dira atzerrian lortutako tituluak, baldin eta tituluarekin batera aurkezten bada agintaritza eskudunak egindako homologazioa edo baliokidetza.
- Praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzea.
- 2023ko urtarrilaren 1ean 30 urte bete gabe izatea.
- Ingelesa jakitea. Unibertsitateko irakaskuntza ofizialetako graduko tituluen kasuan, erreferentziatzat hartuko da B2 maila, eta goi-mailako Lanbide Heziketako tituluen kasuan, B1 maila. Baldin azken 4 urteetan hautagaiak ez badu eskuratu eskatzen zaion hizkuntza-maila egiaztatzeko titulu ofizialik, ahozko eta idatzizko proba bat egin beharko du eta eskatutako ingeles-mailari dagozkion ezagutzak egiaztatu beharko ditu.
- Beka onartzeko unean ez izatea beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik, ez eta eguneroko bizitza mugatzen duen patologiarik.
- Antzeko prestakuntza-helburua duten eta unibertsitate-tituludunei zuzenduta dauden laguntza edo beken onuradun ez izatea, baldin eta beka eta laguntza horren bidez 6 hilabete edo gehiagoko praktikak egin badira nazioarteko erakunde edo enpresetan. Zehazki, beka hauek ez dira bateragarriak beste hauekin: aurreko ekitaldietako Global Training bekak, ICEXenak edo beste administrazio autonomiko batzuenak, merkataritza-ganberenak, merkataritza sustatzeko EBko erakundeenak edo antzeko beste erakunde batzuenak.
- Lanik edo praktikarik egin ez izana Global Training praktikak egingo diren enpresa edo erakundeetan.
- Egunean egotea indarrean dauden xedapenek agindutako zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan.
- Oinarri hauen bitartez araututako bekarik ez dute jasoko bekak edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat dutenek, edo horretarako legezko debekuren bat dutenek, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 4/2005 18 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.
- Ez dira onuradun izango Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko kasuren batean dauden pertsonak.
2.– Ondoko hauek aurkeztuko zaizkio beken erakunde arduradunari egiaztatzeko betetzen direla aurreko atalean jasotako baldintzak:
- Jaiotza-data egiaztatzeko dokumentazioa (NANa, jaiotza-agiria edo datu hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein agiri).
- Curriculum vitaea.
- Bi karnet argazki.
- Artikulu honetan zehaztutakoari jarraikiz, administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzen duen dokumentazioa.
- Dokumentu hauetakoren bat erabiliz egiztatuko da graduko unibertsitate titulu ofiziala:
- Titulua.
- Titulu-eskaeraren gordekina, hura emateko eskubideak ordaindu dituela egiaztatzeko dokumentuarekin.
- Ikasketa-espedienteko oharra, zeinetan adierazten baita gainditu duela titulazioari dagokion proba orokorra eta ordaindu dituela titulua lortzeko eskubideak.
- Atzerrian lortutako unibertsitate-tituluak agintaritza eskudunak emandako homologazioarekin edo baliokidetzarekin batera aurkeztu beharko dira.
- Eskatutako hizkuntza-maila ziurtatzen duen egiaztagiria, gehienez ere 4 urteko antzinatasuna duena. Halakorik izan ezean, hizkuntza-maila egiaztatzeko ahozko eta idatzizko proben emaitzak aurkeztu beharko dira.
- Erantzukizun adierazpena (eskaera orrian dago), honako hauek adieraziko dituena:
- Ez duela beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik; edo beka onartzeko orduan ez duela eguneroko bizitza mugatzen duen patologiarik.
- Ez dela izan antzeko beka baten onuradun, artikulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz.
- Ordainduta dauzkala dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
- Egunean dagoela zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan.
3.– Jakiteko hautagaia egokitzen den praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera, elkarrizketa bat egingo da Hautaketa Epaimahaiarekin eta bertan erabakiko da eskatutako profilera egokitzen den ala ez.