Ardatz tematikoak
Kongresua hizkuntza gutxituei eta hizkuntza-aniztasunari arreta berezia (baina ez esklusiboa) eskaintzen dioten lau ardatzen inguruan egituratzen da.
1.ardatza: Teoriak eta epistemologiak
Ardatz honetan hizkuntzalaritza orokorreko ekarpenak sartzen dira. Hain zuzen ere, ISDtik abiatuta mintzaira-jardueraren ikerketaren kontzeptualizazioan sakontzeko aukera ematen duten ekarpenak: hizkuntza eta gizartea, gramatika eta testua, hizkuntza eta hizkuntzen arteko harremanak, hizkuntza-aniztasuna, testua eta testu-generoak, diskurtso motak, testuaren egitura/arkitektura, hizkuntzen didaktika zientzia autonomo bezala eta bere izaera sozio-politikoa, hizkuntza eta garapen psikologikoa…
2.ardatza: Hizkuntzaren ikaskuntza eta garapena
Ardatz honek, psikologia ebolutiboaren ikuspegitik, testuinguru eleaniztunetan (jadanik ez dagoelako guztiz elebakarra den testuingururik) hizkuntzen garapena eta ikaskuntza barne hartzen ditu, besteak beste aipa daitezke: lehen eta bigarren hizkuntzei lotutakoa, hizkuntza gutxituak, tokian tokikoak, nazionalak, atzerrikoak, atzerritarrenak…, eta baita ohiko eta ez-ohiko garapena ere (hizkuntza-arazoak, eta abar).
Ardatz honetan interesgune da gramatikaren eta diskurtsoaren ezagutzarekiko ikasleen ikaskuntza-prozesuen identifikazioa, hala nola, garapenaren analisirako psikolinguistikan eta hizkuntzen didaktikaren arloan egiten diren azterketen eta erabiltzen diren metodologien transposizio posibleak irakaskuntzari begira.
3.ardatza: Interbentzioa eta praktika (sozio-diskurtsibo) didaktikoak
Hirugarren ardatzak hizkuntzen didaktika du ardatz. Gure ustez, ISDaren ekarpen gehienak ikaslea ardatz duten irakaskuntza-praktikak hobetzeko moduak bilatzera bideratu dira: irakaskuntza maila desberdinei dagozkien curriculumak eta materialak programatzea eta lantzea; ikasitako edukiez jabetzeko eraginkortasuna bermatzen duten gailu didaktikoak garatzea; mintzaira-jardueraren edukiak ahozko eta idatzizko komunikazio-sistema gisa tratatzea, gogoeta metalinguistiko gisa, literatura-kultura gisa, eta hizkuntza-aniztasunarekiko eta hizkuntza gutxituekiko sentsibilitate gisa.
Gaitasun eleaniztunak garatzeko hainbat estrategia eta dispositibo ere sartzen dira ardatz honetan: murgilketa bigarren hizkuntzan, transferentzia interlinguistikoa, translanguaginga, multimodalitatea, informatika-baliabideak eta, azken finean, ingeniaritza didaktikoari ekarpena egiten dioten hainbat planteamendu, irakaskuntza eleanitzean zein lehen hizkuntzaren edo bigarren hizkuntzaren irakaskuntzan erabilgarriak direnak.
4.ardatza: Mintzaira-jarduera irakasleen prestakuntzan
Ardatz honetan sartzen dira irakasleen prestakuntzarekin lotutako ikasketak, bai hasierakoari eta baita etengabeko prestakuntzari dagokiona ere. Gaia hainbat ikuspegitatik landu daiteke: eskola-testuinguruan garatzen den irakaskuntza-jardueraren azterketa; keinu profesional espezifikoen ezaugarritzea; irakaskuntza-praktikak eta irakasleek beren lanen gainean dituzten irudikapenak aztertzeko tresnak; autokonfrontazioa, galdetegiak, elkarrizketak, ekintza-figurak eta abar.
Gainera, hizkuntza gutxituak eta atzerriko hizkuntzak irakasten, helduei hizkuntza irakasten, alfabetatzen eta literaritatea garatzen, espezialitateko hizkuntzetan, goi-mailako hezkuntzaren barruko hizkuntzen esparruan, hezkuntza-testuinguru elebi-eleaniztunetan, etorkin-jatorriko populazioetan eta abarretan lan egiten duten irakasleen prestakuntzarako azterlanak eta tresnak gogoan hartzen dira.
Ardatz honetan, halaber, ISDaren tradizioan izan diren beste lan mota batzuk ere sartzen dira, esate baterako, mintzaira-jardueraren azterketa lanbide jakinetan.