Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean master amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko arautegia
Zioen azalpena
Urriaren 1393/2007 29 errege dekretuak, 861/2010 errege dekretuak eraldatuta, IV. kapituluan, masterreko ikasketa ofizialei buruzkoan, xedatzen du ikasketa horiek bukatzeko, master amaierako lan bat egin eta defendatu beharko dela eta lan horrek 6 eta 30 kreditu bitartean izango dituela. Ez du lana egin eta ebaluatzeko beste xedapenik jasotzen eta hortaz, unibertsitate bakoitzak arautu behar du zein bere autonomiaz baliatuta.
Master amaierako lanen (aurrerantzean MAL) plangintza eta ebaluazio sistema guztiontzako berdina dela bermatu nahian, arautegi honek xede dauka prozedura eta irizpideak bateratzea, edozelan ere, kontuan izanda titulazio bakoitzak bere ezaugarriak dituela eta, beraz, ikastegietako batzarrek arautegi honetan egokitzapenak egin eta onartu beharko dituztela. Hala ere, arautegi honetan xedapen orokorrak biltzen dira eta masterretako ikasketetan ezartzeko esparru orokorra zehazten da.
1. artikulua.– Helburua eta ezarpen eremua.
1.1.– Arautegi honek UPV/EHUn ematen diren masterretako ikasketa planetan zehaztutako MALak definitu, egin, defendatu, kalifikatu eta tramitatzeko irizpideak jasotzen ditu.
1.2.– Araututako jarduera profesionaletan aritzeko gaitasuna ematen duten master tituluetako MALen kasuan, titulua egiaztatzeko baldintzak zehazten dituen Aginduan jasotakoari jarraitu beharko zaio; hala ere, arautegi hau ezarriko da, subsidiarioa bada ere.
1.3.– Arautegi honen edukia, besteak beste, ebaluazio sistemaren, kredituen transferentzia eta onarpenaren eta ikasleen mugikortasunaren arloetan indarrean dauden UPV/EHUko gainerako arau eta prozedurekin osatuko da.
1.4.– Ikastegiko batzarrak arautegi hau ikastegian ematen diren master tituluen ezaugarrietara egokitu ahal izango du. Edonola ere, ezartzen diren arauak ikastegiko batzarrean onartu beharko dira eta ikastegian argitara eman.
2. artikulua.– MALa zer den.
2.1.– MALa gauzatzeko, ikasleek, banaka, proiektu, memoria edo azterlan orijinal bat egin behar dute, zuzendari baten edo gehiagoren gidaritzapean, eta bertan masterreko ikasketa aldian jasotako prestakuntza gaiak eta lortu dituzten ahalmen, gaitasun eta trebetasunak bildu eta garatuko dira.
2.2.– MALa titulazioarekin lotutako gaitasun orokorrak aplikatzeari begira egingo da, baita datu garrantzitsuak bilatzeko, kudeatzeko, antolatzeko eta interpretatzeko trebatzeari begira ere, ikasleak gizarteari, zientziari, teknologiari edo etikari loturiko gai nabarmenei –normalean, bere ikasketa gaiei lotutakoei– buruzko gogoeta egin eta iritzia eman dezan eta gogoeta eta iritzi horiek kritikoak, logikoak eta sortzaileak izan daitezen.
2.3.– Oro har, MALa defendatu eta ebaluatu ahal izateko, egiaztatu egin beharko da ikasleak ikasketa planeko gainerako gai guztiak gaindituta dituela da eta, hortaz, MALari dagozkion kredituak izan ezik, masterreko titulua lortzeko beharrezkoak diren gainerako kreditu guztiak dituela.
Hala ere, ikastegiek adostu dezakete MALa defendatzea eta ebaluatzea masterreko titulua lortzeko beharrezko diren gainontzeko kredituak gainditu gabe izan arren, betiere, ikasleak ikasketa planeko gainontzeko irakasgai guztietarako matrikula egina badauka. Titulazioa ikastegi batean baino gehiagotan ematen bada, baldintzak berberak izan behar dira guztietan.
2.4.– MALa Jabetza Intelektualari buruzko legeak babestutako lana da. Ondorioz, jabetza intelektualeko eskubideen titularra lana egin duena izango da, MALa esleitzeko dokumentuan bestelakorik zehaztu ez bada, ikaslearen beraren onarpenarekin eta indarreko legerian xedatutako baldintzen arabera.
3. artikulua.– Izena ematea eta deialdiak.
3.1.– MALerako matrikula unibertsitateak matrikula egiteko ezarriko duen epe orokorrean egingo da edota kasuan kasuko ikasturtean zehar, esleituta dituen kredituetarako ezarritako prezio publikoak ordainduta. Matrikula hori egiteko, ikasleak bete egin beharko ditu Master Amaierako Lanaren defentsa egin ahal izateko 2.3 atalean ezarritako baldintza orokorrak, edo bere ikastegian zehaztutakoak.
Edozelan ere, Master Amaierako Lanaren matrikula egin ahal izateko, ikasleak matrikulatuta izan beharko ditu ikasketa plana bukatzeko geratzen zaizkion irakasgai guztiak, betiere, ikasketa planean bestelako baldintzarik ezarri ezean. Nahiz eta ikasturte horretan MALa bakarrik egin, ikasleak ikasturtearen hasieran egin beharko du matrikula.
3.2.– Matrikulak ikasturtean bi deialdi izateko eskubidea ematen dio ikasleari. Lana kasuan kasuko ikasturteko deialdietan aurkeztu ez duen edo gainditu ez duen ikasleak matrikula egin beharko du berriro hurrengo ikasturtean.
3.3.– Ikasleek MALa zein hizkuntzatan egin eta defendatu nahi duten zehaztuko dute.
3.4.– Ikastegiek, irakaskuntza antolatu eta programak egiteko irizpideak kontuan hartuta, master amaierako lanen defentsak ikasturte akademikoan zehar banatuta egin daitezela ezarri ahalko dute edo, bestela, multzokatuta egin ditzakete, azken kasu horretan ikasturte bakoitzean gutxienez bi aldi zehaztuta, eta kontuan hartuta Master Amaierako Lana masterreko azken mailako azken lauhileko irakasgaia dela.
3.5.– MALaren ebaluazioaren akta unibertsitateko ebaluazio arauei jarraituz itxi beharko da eta epaimahaiko idazkariaren ardura izango da akta behar bezala egitea eta administrazio zerbitzuei helaraztea ikastegiak zehaztutako prozeduraren arabera. Ikastegiko zuzendaritzaren eginkizuna izango da artikulu honetan esandakoa bete dadin bermatzea.
4. artikulua.– Zuzendaria, hura esleitzea eta lanaren gaia aukeratzea.
4.1.– MALen zuzendariak irakasle doktoreak izango da, MALa zuzendu ahalko duten irakasleen zerrendan jasoak. Irakaslearen ardura izango da ikasleari lanaren ezaugarriak azaltzea, ikasleari lana egiteko orientazioa ematea eta zehaztutako helburuak betetzen direla zaintzea, bai eta lanaren jarraipena egitea eta ikasleari lana defendatu aurretik emango zaion txostena idaztea ere.
Irakasle ez-doktoreak MALaren zuzendarikide izan ahalok dira irakasle doktore batekin batera. Aparteko kasuetan, master profesionalen kasuan eta Graduondoko Batzordeak baimena emanda, irakasle ez-doktoreak izan ahalko dira MALaren zuzendari, baina behar bezala arrazoitutako idatzia aurkeztu beharko da.
4.2.– MALak gehienez bi zuzendari izan ditzake.
4.3.– Ikasleak MAL osoa edo zati bat UPV/EHU ez den erakunde batean egiten badu, praktika hitzarmen baten barruan, MALa unibertsitateaz kanpoko pertsonek zuzendu ahalko dute, betiere, doktore titulua badute eta MALa zuzentzeko gai diren irakasleen zerrendan jasota badaude.
4.4.– Masterreko batzorde akademikoak, matrikulatzeko epea amaitu aurretik, Master Amaierako Lanari buruzko prozedura bat idatzi eta argitaratuko du. Bertan azalduko du nola esleituko diren zuzendariak eta gaiak, bai eta lana zein hizkuntzatan egin eta defendatu ahal izango den ere.
5. artikulua.– Epaimahaia.
5.1.– Epaimahaiak ikastegiak ezarritako moduan eratuko dira ikasturtean zehar, kontuan izanda matrikulatutako ikasle kopurua eta egin diren master amaierako lanen gaiak. Epaimahaiak osatzerakoan kontuan izan beharko da MALa zein hizkuntzatan egin den, eta bermatu egin beharko da kideek badutela hizkuntza horretan ebaluatzeko gaitasuna.
5.2.– Epaimahaiak hiru kide izango ditu, eta, gutxien dela, ordezko bat, guztiak ere, MALak zuzen ditzaketen irakasle doktoreen zerrendakoak. Kideen artetik, gutxien dela hiru masterrean eskolak ematen dituzten saileko kide izan behar dira; salbuespena izango dira unibertsitate arteko masterrak, horietan hitzarmenean zehaztukoari jarraitu beharko baitzaio. Lanbide arauturako sarbidea ematen duten masterren kasuan, xedapenetan jasotakoari jarraitu beharko zaio.
5.3.– Epaimahai bakoitzean epaimahaiburu bat eta idazkari bat egongo dira. Ikastegiak bestelako zehaztapenik eman ezean, epaimahaiburua eta idazkaria izendatzeko irizpideak kategoria eta antzinatasuna izango dira. Epaimahaiburuak eta idazkariak zeinek bere karguan jardungo dute beti epaimahaian.
6. artikulua.– MALaren aurkezpena eta defentsa.
6.1.– Ikasleek matrikula eginda daukaten ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko dute master amaierako lana paperean edo/eta euskarri informatikoan, lanaren izaerak bestelako biderik eskatzen ez badu behintzat, eta ikastegiak zehaztutako ale kopurua entregatu beharko dute, ikastegi bakoitzak ezarritako epearen barruan. Ikastegiak kopia elektroniko bana bidaliko die epaimahaikideei, eta MALak biltegiratu eta banatzeko, unibertsitateak daukan sistema erabili ahal izango du.
6.2.– Ikasleak aurrez aurre defendatu beharko du Master Amaierako Lana. Aparteko kasuetan, eta behar bezala arrazoituta, MALa bideokonferentziaz aurkeztu ahal izango da, baina ikastegiak berariazko baimena eman beharko du.
Ikaslea mugikortasun programa batean badago eta programa horretan dagoela egiten badu Master Amaierako Lana, defentsa beste unibertsitatean egin ahal izango du, betiere, bi unibertsitateek aldez aurretik horretako baldintzak zehaztuta badituzte.
6.3.– Titulua egiaztatzeko memorian ezarritakoaren arabera, masterrean eskolak emateko erabili diren hizkuntzetako edozeinetan egin, aurkeztu eta defendatu ahalko da lana, baldin eta hizkuntza horiek menperatzen dituzten epaimahaiak osatu ahal badira. Edonola ere, MALa autonomia erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin eta defendatzeko eskubidea bermatuko da.
6.4.– Ikasleak defentsa egiteko hamabost minutu izango ditu gehienez, eta tarte horretan bere lanaren helburuak, metodologia, edukia eta ondorioak azaldu beharko ditu. Gero, epaimahaiko kideen galdera, argibide eske, iruzkin edo iradokizunei erantzun beharko die.
7. artikulua.– Ebaluazioa eta kalifikazioa.
7.1.– Ikaslearen aurkezpena bukatutakoan eta zuzendariaren txostena ikusitakoan, epaimahaiak ikasleari eman beharreko kalifikazioa eztabaidatuko du, ikasketen gidaliburuan master amaierako lanari buruz argitaratutako irizpideen arabera eta tituluaren egiaztapeneko memorian ezarritakoari jarraiki.
7.2.– Suspentso jarriz gero lanari, epaimahaiak txostena helaraziko dio ikasleari, lana hobetu eta berriz ebaluatzera aurkezteko aholkuak adierazita. Zuzendariari txostenaren kopia bidaliko diote.
7.3.– Kalifikazioa epaimahaiak zehaztuko du, eta 0tik 10era bitarteko zenbakizko eskalan emango da, hamartar bakarrarekin, eta kalifikazio hori letraz ere adieraziko da:
- Aurkezteke (AKE).
- 0 – 4,9: suspentso (S).
- 5,0 – 6,9: nahikoa (N).
- 7,0 – 8,9: oso ongi (OO).
- 9,0 – 10: bikain (B).
Deialdiren batean defentsa eskubideari uko eginez gero, «Uko eginda» jarriko da.
Ikasturteko MAL guztiak kalifikatu ondoren, ikastegiak «ohorezko matrikula» eman ahal izango die 9,0 kalifikazioa edo handiagoa lortu duten ikasleei, baina, betiere, gehienez ere Master Amaierako Lanaren defentsan kalifikaziorik onena lortu duten ikasleen % 5ari.
7.4.– Master amaierako lanen azken kalifikazioen berrikuspenak edo erreklamazioak unibertsitateko ebaluazio arautegiari jarraiki egingo dira, baina epaimahaia tartean dagoenez, ebaluazioaren lehenengo berrikuspena epaimahaiak berak egingo du eta, ondoren, masterreko batzorde akademikoak emango du erabakia; erabaki horren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio unibertsitateko errektoreari.
7.5.– Nolanahi ere, MALaren kalifikazioa urriaren 31 baino lehen agertu beharko da jasota ikaslearen espedientean.
8. artikulua.– MALa kanpoko erakunde batekin lankidetzan egitea edo eta zuzentzea.
8.1.– MALaren zati bat edo osoa UPV/EHUtik kanpoko erakunde batean egin ahal izango da. Horrelakoetan, erakundean arduradun bat egon behar da. Era berean, MALeko zuzendaria kanpoko erakundeko pertsona bat izan daiteke, unibertsitateko kide ez dena, baina doktore titulua izan behar du eta MALa zuzentzeko gai diren irakasleen zerrendan jasota egon behar da.
8.2.– MALa kanpoko erakunde batekin lankidetzan egin edo zuzentzeko, hitzarmena sinatu beharko da, eta hitzarmenerako izapideak arautegi honetan zehaztutakoari jarraitu beharko zaio, eta bat etorri beharko da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiko 25.g) artikuluarekin (2005eko abenduaren 5eko EHAA).
Graduondoko Batzordeak onartuko du MALa kanpoko erakunde batekin lankidetzan egin edo zuzentzeko sinatu behar den hitzarmenaren eredua, izapideak eta sinadurak errazte aldera.
8.3.– Hitzarmenaren sinatzaileak izango dira kanpoko erakundeko kide bat, sinatzeko ahala daukana, eta kasuan kasuko ikastegiko zuzendaritzako kide bat, sinatzeko ahala daukana.
Hitzarmena bat badator arautegi honetan zehaztutako ereduarekin, zuzenean sinatu ahalko da. Ez badator bat ereduarekin, ikastegiak egiaztatuko du edukiak arautegi honetan zehaztutakoa betetzen duela, eta horrela izanez gero, sinatu ahalko da.
9. artikulua.– Konfidentzialtasuna.
9.1.– MALa egiteko erakunde publiko edo pribatuetako datuak erabiltzen direnean edo MALa erakunde publiko edo pribatuan egiten denean, gerta daiteke datu horiek babestu beharrekoak izatea edo isilpekoak, eta, beraz, bitarteko egokiak jarriko dira konfidentzialtasuna bermatzeko.
Bitarteko horiek konfidentzialtasun akordioan jaso behar dira, besteak beste honakoak zehaztuta: MALean izaera konfidentziala daukaten edukiak eta erakundearen baimena ikasleak MALa aurkeztu eta defendatzeko arautegian zehaztutakoari jarraituz.
Konfidentzialtasun akordioa bat badator Graduondoko Batzordeak onartutako ereduarekin, zuzenean sinatu ahalko da.
Bat ez badator ereduarekin, sinatu aurretik Graduondoko Batzordeak onartu beharko du.
9.2.– Era berean, inork MALean izaera konfidentziala daukan edukirik ikusi nahi badu, idatzi bat sinatu beharko du konfidentzialtasuna gordeko duela bermatuz.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Ikasleak 2018-2019 ikasturtean edo lehenago hasi baditu masterreko ikasketak, arautegi hau ezarriko zaio, bai eta arautegi hau garatzeko Doktoregoko Eskolak zehaztuko dituenak.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Unibertsitateko Graduondoko Batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatzeko, bai eta arautegia aplikatzerakoan sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ere.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.
Arautegi hau 2019-2020 ikasturtean sartuko da indarrean, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu eta EHAAn argitaratu ondoren.