Breadcrumb

Doktorego programetan izena ematea

Doktorego programetan izena ematea

IZENA EMATEKO EPEA: 2024ko ekainaren 24tik irailaren 27ra arte.

Zer egin behar dut doktorego programa batean izena emateko?

Doktorego programa baterako izena online emango da aipatutako datetan.

Izena emateko aplikazio informatikoan sartzeko, SAKATU HEMEN.

Izena emateko prozesua errazteko tutorial bat prestatu dugu, eta bertan dago jasota urratsez urrats zer egin behar den izena emateko.

Arazoren bat baduzu izena ematean, jarri harremanetan doktorego programaren webgunean administrazio harremanetarako agertzen den pertsonarekin.

Izena emateko tramitea behar bezala osatzeko, programarako eskatzen diren dokumentu guztiak online igo behar dituzte interesdunek. Aplikazioarekin gorabeherarik izanez gero, dokumentazio hori zuzenean bidali ahal zaio doktorego programaren webgunean administrazio harremanetarako agertzen den pertsonari.

UPV/EHUko Doktorego Ikasketa Ofizialen Gestiorako Arautegia 2024ko apirilaren 25ekoan ezarritako sarbide baldintzak bete arren graduko/masterreko titulua eskatzeko moduan ez dauden pertsonek ere izena eman ahal izango dute, eta onartuak izango dira baldin eta matrikula egiten dutenean titulua eskuratuta badute.

Eskatzen den dokumentazioa

Dokumentazio orokorra:

  • NAN, AIZ edo pasaportea (nahitaezkoa, UPV/EHUko ikasleen kasuan izan ezik).
  • Curriculum vitae.
  • Aurretik egindako unibertsitate titulazio ofizial guztien ziurtagiri akademikoen fotokopia, halakorik izanez gero, irakasgai guztietako kalifikazioak eta deialdiak adierazita.
  • Sarbiderako tituluen fotokopia, edo titulu horiek eskatu izanaren frogagiriak.
  • TGE edo GHKEE 3. maila egiaztatzeko ziurtagiria (Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparrua).
  • Doktorego-programan sartzeko baldintza espezifikoak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa (bisitatu programan onartzeko irizpideak atala).
  • Merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa, hala badagokio (bisitatu Programan onartzeko irizpideak atala).
  • % 33ko desgaitasuna edo handiagoa egiaztatzen duen dokumentazioa (nahitaezkoa, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plaza batean onartua izateko).

Homologatu gabeko atzerriko titulua daukaten pertsonek, aipatutako dokumentuez gain, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

A. Titulua Europako Unibertsitate Eremuko kidea den herrialde bateko unibertsitate batek eman badu:

  • Sarbideko unibertsitate-titulazio ofizialen egiaztagirien zinpeko itzulpena, gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez idatzita ez badago (ziurtagiriak eta tituluak).
  • TGE edo Kualifikazioen Europako Esparruko KEE 7 maila egiaztatzeko ziurtagiria.Aurkeztutako ziurtagirian ez badago jasota titulu horrek doktorego-ikasketak egiteko ahalmena ematen duenik, bi modu hauetako batean egiaztatu beharko da:
    • Jatorrizko unibertsitatearen ziurtagiria, non adieraziko den egindako ikasketek herrialde horretan doktorego bat egiteko aukera ematen dutela.
    • Eskatzaileak idatzi eta sinatutako agiria, non aipatuko dituen informazioa egiaztatzen duten iturriak (webguneak, etab.), bai eta aurkeztutako dokumentazioa zuzena dela dioen zinpeko adierazpena ere.

B. Titulua Europako Unibertsitate Eremuko kidea ez den herrialde bateko unibertsitate batek eman badu, aipatutako dokumentuez gain (TGEa edo KEE7 maila egiaztatzeko ziurtagiria izan ezik), honako hauek aurkeztu beharko dira:

  • Unibertsitateko titulu ofiziala legeztatuta/Hagako zigiluarekin aurkeztu behar da.
  • Espediente akademikoan irakasgaien ordu kopurua agertu beharko da.
  • Titulu horrek doktorego-ikasketak egiteko ahalmena ematen duela egiaztatzen duen ziurtagiria, honako bi modu hauetako batean egiaztatu beharko dena:
    • Jatorrizko unibertsitatearen ziurtagiria, non adieraziko den egindako ikasketek herrialde horretan doktorego bat egiteko aukera ematen dutela.
    • Eskatzaileak idatzi eta sinatutako agiria, non aipatuko dituen informazioa egiaztatzen duten iturriak (webguneak, etab.), bai eta aurkeztutako dokumentazioa zuzena dela dioen zinpeko adierazpena ere.
  • UPV/EHUn doktoregoko ikasketak egiteko baimena, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak emana. Baimen horrek ez dauka loturarik doktorego programa batean onartua izateko prozesuarekin.