Zuzendarikide izatea eskatzeko prozedura
UPV/EHUren Doktorego Ikasketa Ofizialen Gestiorako Arautegiaren III. Kapituluaren 10.3 artikuluaren arabera, tesiak zuzendarikide bat edo gehiago izan ahalko ditu, gaiaren diziplinartekotasunak edo arrazoi akademikoek hala eskatzen badute edo doktorego programa lankidetzan egiten bada estatuko edo nazioarteko beste unibertsitateren batekin edo batzuekin. Zuzendarikideek ez dute zertan doktorego programakoak izan. Batzorde Akademikoak baimena eman beharko du tesia zuzendarikidetzan egiteko. Baimen hori atzera bota daiteke aurrerago, baldin eta, batzorde akademikoaren iritziz, zuzendarikidetzak tesiaren garapenari onik egiten ez badio.
Zuzendarikideek zuzendarien baldintza berak bete beharko dituzte ikerketa esperientziari dagokionez, nahiz eta Batzorde Akademikoak baimena eman ahal izango duen ikerketa esperientzia egiaztatuaren baldintza (10.1 artikuluan zehazten dena) betetzen ez duten doktoreak zuzendarikide izateko. UPV/EHUren Doktorego Ikasketa Ofizialen Gestiorako Arautegiaren III. Kapituluaren 10.3 artikuluaren arabera, ikerketa esperientzia egiaztatua izango da Ikerketa Ebaluatzeko Espainiako Batzordeak (CNEAI) aitortutako ikerketa aldi bat gutxienez edukitzea, unibertsitateko irakasleen ordainsariei buruzko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuari jarraituz, edo, bide horretatik ezin badute egiaztatu, pareko ikerketa merezimenduak edukitzea, Graduondoko Batzordeak zehazten duenaren arabera.
Doktorego programan lehen aldiz 2023/24 ikasturtea baino lehen matrikulatu ziren ikasleek bi zuzendari eduki ahal izango dituzte gehienez. Haien doktorego ikasketak 2023/24 ikasturtetik aurrera hasi duten ikasleek, berriz, gehienez hiru zuzendari eduki ahal izango dituzte.
Zuzendarikide berriek Doktorego Programako Batzorde Akademikoari helarazi beharko dizkiote zuzendarikide izateko eskaerak, doktorego programaren helbide elektronikora mezua bidalita, eta ondoren adierazten den dokumentazioa erantsita:
- “Zuzendarikide izateko eskaera” inprimaki normalizatua, beteta.
- Doktoregoko titulua, UPV/EHUko irakasle ez diren, doktoregoko titulua UPV/EHUn eskuratu ez duten eta titulua, beste zuzendarikidetza batzuen esparruan, aurrez aurkeztu ez duten zuzendarikide berrien kasuan. Ez dute tituluaren kopia aurkeztu beharko doktorego titulua beharrezkoa den postuetan dauden unibertsitate irakasleek.
- Doktorego Programaren Batzorde Akademikoak hala eskatzen badu UPV/EHUko irakasle ez diren eta, beste zuzendarikidetza batzuen esparruan, aurrez titulua aurkeztu ez duten zuzendarikide berrien kasuan:
- Seiurtekoen ziurtagiria
- Ezin badu seiurtekorik aurkeztu*, bost ekarpen garrantzitsu aurkeztu beharko ditu. Dagozkion ereduak erabili ahal izango ditu horretarako. Ekarpen bakoitzerako aurkeztu beharko dira kasuan kasuko kalitate adierazleak, bat etorrita Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Espainiako Batzordearen erabakiaren bidez jakintza arlo bakoitzerako onartuta dauden irizpide espezifikoekin (balorazioa egiten denean indarrean egongo direnak).
*Arrazoiak:
(a) posizio akademikoagatik edo profesionalagatik, ezin du ikerketa seiurtekorik eskatu;
posizio akademikoak edo profesionalak ematen du ikerketa seiurtekoak eskatzeko aukera ematen, baina:
(b) seiurtekoen eskaerari buruzko erabakiaren zain dago;
(c) ez da egon seiurtekoak eskatzeko deialdi irekirik egon lanpostu akademikoa eskuratu zuenetik.
Doktorego Programako Batzorde Akademikoak, eskaera aztertu ondoren, izangaiak zuzendarikide izateko egindako eskaera baimentzen badu, ondorengo dokumentazioa bidali beharko dio administrariari:
- “Batzorde Akademikoaren Erabakia, Doktorego Tesiaren Zuzendarikidetza onesten duena” inprimaki normalizatua, beteta.
- Sinatzaile guztiek izenpetutako konpromiso agiria