Breadcrumb

FORMALIZACION-CONEVIOS-PRACTICAS-DOCTORADO

Doktorego praktika hitzarmenak formalizatzea

UPV/EHUko ikasleen kanpoko praktika akademikoen arautegiak berariaz aurreikusten ditu kanpoko praktika akademikoak doktorego ikasketei lotuta. Praktikak doktoregoarekin lotutako eta enpresa edo erakunde hartzailearentzat interesgarriak diren jardueretara zuzenduta daude, esaterako: doktorego tesia egiteko beharrezkoak diren esperimentuak egitea ingurune batean; ikerketa kasuak egitea, zeinetan doktorego tesian egindako proposamen berritzaileak aplikatu; doktorego tesia egiteko beharrezkoak diren teknikak eta/edo tresnak ikastea eta praktikan jartzea. Praktika horiek unibertsitatean bertan edo erakunde laguntzaileetan egin daitezke, hala nola, estatuko eta nazioarteko erakunde publiko eta pribatuetan.

Are gehiago, esan dezakegu Doktorego Ikasketen europar paradigma berria doktoreak lan merkatuan txertatzeko beharraren emaitza dela, ezagutzan oinarritutako gizartea eta ekonomia sustatze aldera. Hortaz, kanpoko praktikak egitea goreneko gaitasun maila duen komunitate baten laneratzea ahalbidetu dezakeen tresna bat da. Horrenbestez, doktoregoko kanpoko praktikei esker, batetik, doktoregoko ikasleek esperientzia profesionala lortzen dute eta, bestetik, enpresa eta erakunde hartzaileek doktoreak beren plantilan hartzeko aukera ezagutu eta doktoreak hartzearen balioa ere azpimarra dezakete. Eta hori guztia ahaztu gabe, zeharka, Unibertsitatearen eta Enpresaren arteko harremanetarako onuragarria dela.

Doktorego programa batek hitzarmenik egin gura badu enpresa edo erakunderen batekin doktorego programako ikasleek praktikak egiteko aukera izan dezaten, indarrean egongo den prozedurari jarraitu beharko dio praktikei hasiera eman ahal izateko, eta praktikak hasiko diren eguna baino 25 egun lehenago, gutxienez, jarri beharko du abian prozedura hori. Prozedura abian jarri aurretik, honako hau izan behar da kontuan:

  • UPV/EHUko antolakuntza unitatea (UPV/EHUn egingo diren praktiketarako baino ez, UPV/EHUren zentro mistoak eta nortasun juridikorik ez duten erakundeak): erakunde laguntzailea UPV/EHUko antolakuntza unitate bat bada, atal horretako arduradunak, lehenik eta behin, praktiketako hitzarmenaren ezaugarriak adostu beharko ditu ikaslearen doktorego programako arduradunarekin. Behin ezaugarriak adostuta, UPV/EHUren antolakuntza unitate horren arduradunak UPV/EHUko antolakuntza unitate batean kanpoko praktika akademikoak egin aurreko baimen eskaera egin beharko du bat etorrita indarrean dagoen UPV/EHUko Ikasleen kanpoko praktika akademikoen arautegiarekin (III. eranskina). Praktikak baimendu ondoren, praktika hitzarmena izapidetzeari ekin ahal izango zaio, ondoren zehazten prozedurari jarraituta.
  • Baimendutako gehieneko ordu kopurua (Doktorego Eskolako Kontseilu Iraunkorraren 2024ko apirilaren 22ko Erabakia):
    • Doktoregoko ikasle batek doktoregoko prestakuntza aldi osoan hezkuntza lankidetzan egin dezakeen gehieneko ordu kopurua: 1.000 ordu.
    • Doktoregoko ikasle batek ikasturte berean hezkuntza-lankidetzan gehienez egin dezakeen ordu kopurua: 450 ordu.

Prozedura

  1. Doktorego programaren arduradunak edo praktiken ardura duen Batzorde Akademikoko kideak formulario hau bete beharko du, eta doke.praktikak@ehu.eus helbidera bidali, ikasle bakoitzak egingo duen borondatezko praktika bakoitzeko. Hitzarmenaren hasiera eta amaiera datek uneko ikasturtearen barruan egon beharko dute, eta hitzarmena amaitzeko azken eguna irailaren 30a izango da gehienez ere.
    Garrantzitsua:

    • Enpresak ikaslearen Gizarte Segurantzako kotizazioa bere gain hartu beharko du, kontuan hartu gabe laguntza poltsa dagoen ala ez.

    • Enpresako instruktoreek ikasleen bertaratze ordutegia kontrolatu beharko dute, eta praktikak amaitzean, tutoreari bidali beharko diote.

    • Erakunde laguntzailea UPV/EHUko antolakuntza unitatea bada, eskaerarekin batera III. eranskinaren kopia bat aurkeztu beharko da, beteta eta sinatuta.

    • Erakunde laguntzailea UPV/EHUko antolakuntza unitate bat bada, praktikaren tutorea eta instruktorea ezin izango dira pertsona bera izan. Gomendatzen da praktikaren tutorea doktorego tesiaren zuzendaria izatea, eta instruktorea antolakuntza unitateko langile bat.

    • Erakunde laguntzailea UPV/EHUko antolakuntza unitate bat bada, eta praktika ORDAINDUAK badira UPV/EHUko Praktiken Zuzendaritzaren aginduz:

      • Ikerketako fondoen kargura finantzatuko badira, eskaria egin beharko zaio Ikerketaren arloko errektoreordeari eta III. eranskina sinatu beharko du. Gainontzeko egoeretan, antolakuntza unitateko arduradunak kontuan hartu beharko du UPV/EHUko Ikasleen kanpoko praktika akademikoen arautegiko 21. artikulua.

      • Ikaslearen kotizazioa kudeatzeko, antolakuntza unitateko arduradunak eskaria egin beharko dio UPV/EHUko Gizarte Segurantzako Zerbitzuari (segsocial@ehu.eus) honako hauek erantsiz: (1) Zerbitzu horrek emandako Excel formularioa beteta; (2) III. eranskina behar bezala beteta; (3) sinatutako hezkuntza lankidetzako hitzarmena behar bezala beteta.

    • Finantzaketa (UPV/EHU, Eusko Jaurlaritza, Ministerioa …) duten doktoregaiek ziurtatu beharko dute ez dutela inolako bateraezintasunik, eta, behar izanez gero, erakunde finantzatzaileari dagokion baimena eskatu.

  2. Doktorego Eskolak eranskinak helaraziko dizkio kasuan kasuko doktorego programako idazkaritzari eta bertatik ikaslearekin jarriko dira harremanetan jakinarazteko dokumentazioaren bila joan daitekeela idazkaritzara (doktorego programako idazkaritzarekin harremanetan jartzeko datuak).

  3. Ikasleak batu beharko ditu sinadurak eta sinatuta itzuliko dio doktorego programako administrariari. 

  4. Doktorego programako administratzaileak zainduko du V. eranskinaren jatorrizko alea, ikaslearen espedientearekin batera.

Zalantzak edo kontsultak