Interes arloak
Lurreko moluskuen azterketa sistematiko, taxonomiko eta biogeografikoa
Sistematikaren helburuetako bat taxoiak beren harreman ebolutiboen arabera deskribatzea, sailkatzea eta izendatzea da. Sistematika molekularrak datu morfologikoak, paleontologikoak eta fisiologikoak osatzen dituzten datu gehigarriak eskaini dizkigu "Tree of Life" delakoa eraikitzeko; gainera, hari esker, taxonomoek aukera izan dute taxoien arteko harreman filogenetikoak metodo anitz erabilita ikertzeko, sailkapeneko zenbait mailatan. Horrek ez du esan nahi datu molekularrak morfologikoak baino egokiagotzat jo behar ditugunik lan horretarako; alderantziz, informazio-iturri aberats hori organismo taldeak nola dibertsifikatu diren eta nolako bilakaera morfologikoa izan duten ezagutzeko erabiliko dugu, "bauplan" edo egitura komuna abiapuntu hartuta.
Gaur egun, Pyrenaearia eta Iberus generoak eta Helicodontidae eta Trissexodontidae familiak ikertzen ari gara. Horiek guztiak Iberiar penintsulako espezie endemiko ugari dituzten lurreko moluskuak dira. Horietako batzuk desagertzeko arriskuan daude, zenbait katalogo autonomikotan eta IUCN erakundearen zerrenda gorrian ikus dezakegun moduan. Ikerketen bidez, talde bakoitzaren taxonomia eguneratu nahi dugu; izan ere, orain arte oskola eta ugaltze-aparatua bakarrik hartu dira kontuan, eta desadostasunak izan dira taxoi horietan adituak direnen artean. Morfologia konparatutik eta ADN sekuentziatik ateratako datuei esker, taxoi bakoitzak zenbat espezie dituen zehazteko aukera dugu, baita haien arteko ahaidetasun-harremanak ezagutzekoa ere; gainera, datu horiek datu paleoklimatikoekin erlazionatuz gero, espezien sakabanaketa geografikoa nola gertatu zen zehaztuko dugu. Gainera, ikerketa horietako emaitzak oso erabilgarriak dira espezie bakoitzak edo eboluzio esanguratsuko unitate bakoitzak (ESU) desagertzeko duen arriskua ezagutzeko eta haiek kontserbatzeko neurriak proposatzeko. Gainera, ikertutako taxoien arteko harreman filogenetikoak argitu nahi ditugu, eta espezieak eta populazioak desberdintzean izan diren zenbait alderdi ebolutibo ezagutu nahi ditugu.
Biodibertsitatearen kudeaketa eta kontserbazioa
Gaur egun, "Atlas de Invertebrados Amenazados de España" proiektuko partaide gara. Proiektu hori Ingurumen Ministerioko Biodibertsitatearen Zuzendaritza Orokorraren Biodibertsitatearen Inbentario Nazionala programaren barruan dago.