Eraikin sostengarria
Aitzindaria ingurumen-sostengarritasunaren arloan

UPV/EHUk apustu garbia egin du ingurumen-sostengarritasunaren alde, eraikin osoan ahalik eta energi eraginkortasunik handiena lortzeko sistema berri-berrienak baliatuz.
UPV/EHUren eta EVE Energiaren Euskal Erakundearen arteko lankidetzari esker, eraikinak truke geotermikorako sistema dauka, lurraren egonkortasun termikoa profitatuz, % 40 eta % 70eko aurrezte kontrastatuak erdiesteko, hotza edo beroa sortzeko sistema konbentzionalen kontsumo energetikoarekiko.
Sistemak eraikinean (kanpoko tenperaturaren arabera) soberan den hotza edo beroa lur-azpian ezarritako hodieriara sartzen du, hodiotatik doan urak 14º eta 17º arteko tenperatura konstantea duelarik. Era berean, Ikerguneak eguzki-panel fotovoltaikoen 80 Kw-tako potentziadun sarea dauka teilatuan.
Energia-eraginkortasuna bilatzeko filosofia hori bera iragazi zaio eraikinaren gainontzekoari, argiztatze edo klimatizazioaren gestio domotikoaren bidez, bertako baliabideen ahalik eta gestiorik onena lortzen delarik.
Eraikinak A mailako energi kalifikazioa dauka (daitekeen gorena, CADEMek ziurtatua) eta % 41,4ko energi aurrezpena dakar, era honetako sistemarik ez leukakeen antzeko eraikin baten parean (nahiz eta zurrun-zurrun indarreko legeria beteta).

Eraikin honen proiektuak 2009ko Eguzki saria jaso du EUROSOLARek, energia berriztagarrien aldeko europar elkarteak emana.
