Ebaluazio berezia: baldintza eta irizpideak
Ikasleek irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko eskariak egin ahal izango dituzte ikasturte bakoitzeko irailean eta martxoan. Eskariak egiteko azken eguna hilaren 5a izango da kasu bietan. Ikastegiko Epaimahai Bereziak irailaren edo martxoaren 15a baino lehen hartu beharko du erabakia.
Irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko eskaria aurkezteko, baldintza guzti hauek bete beharko dira:
- Ebaluazio bereziaren bidez gainditu nahi den irakasgaian matrikulatuta egotea eskaria egiten den ikasturtean.
- Titulazioan ebaluazio bereziaren bidez gainditu daitezkeen kredituen % 90 gaindituta edukitzea. Ezin izango da inola ere ebaluazio berezirik eskatu Gradu Amaierako Lanerako eta Practikumerako.
- Gehienez ere, titulazioko kreditu guztien % 6ri dagozkion irakasgaien ebaluazio berezia eskatu ahal izango da. Salbuespena izango da irakasgai bakarrak titulazioko ECTS kredituen % 6 baino gehiago izatea: horrelakoetan irakasgaia ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko eskaria egin ahal izango da.
- Ikasleak ebaluazio bereziaren bidez gainditu nahi duen irakasgaiko hiru deialdi, behintzat, erabilita izatea.
- Deialdietakoren batean, gutxienez, hiru puntuko kalifikazioa lortuta izatea.
Baldintza hauek betetzeak ez du esan nahi automatikoki irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gaindituko direnik. Gainditzea edo ez gainditzea kasuan kasuko epaimahai bereziak adostu beharko du.
Ebaluazio berezirako eskaria jaso eta irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko eskariak egiteko bete beharreko baldintzak betetzen direla baieztatu ondoren, epaimahai bereziek onartu egingo dituzte ondoko baldintzak betetzen dituzten eskari guztiak:
- Ikasleak irakasgaiko lau deialdi, behintzat, erabilita izatea.
- Deialdietakoren batean, gutxienez, lau puntuko kalifikazioa lortuta izatea.
- Gradu Amaierako Lana kenduta, titulazioa amaitzeko geratzen zaion azken irakasgaia izatea
Ebaluazio berezia eskatzeko baldintzak bete arren aurreko atalean adierazitako baldintzak, irakasgaia ebaluazio bereziaren bidez gainditzea dakartenak, betetzen ez direnean, ikastegiko Epaimahai Bereziak, sailaren txostena analizatu ondoren aldeko ebazpena emango diete ikastetxeko batzorde akademikoak onartutako eta dagokion ikasturteko matrikula-aldia baino lehen argitaratutako irizpide hauek betetzen dituzten eskabideei:
a) titulua lortzeko gehienez 16 ECTS geratzea.
b) irakasgai bakar baterako eskatzea
c) aurretik beste irakasgairik konpentsatu ez izana.
d) gutxienez 6,5 nota izatea ikasketa-espedientean.
e) irakasgai horretako azken deialdi ofizialera aurkeztu izana eta gutxienez 2 kalifikazio lortu izana.
⇒ Ebaluazio berezia eskatzeko baldintzak bete arren ez badira betetzen ikastegiko batzorde akademikoak onartutako irizpideak, honako hauek hartuko dira kontuan eskaria ebazteko: ikaslearen espediente osoa (besteak beste, ikasketetan emandako denbora) eta ikaslearen errendimendu akademikoari zuzenean eragiten dioten egoera hauek ikasleak berak alegatu eta justifikatu beharko dituenak:
% 33ko edo desgaitasun maila edo handiagoa izatea; hiruhileko bat edo gehiago ematea gaixorik; lan arrazoiak (lan egitea bera ez da arrazoi); genero-indarkeriaren biktima izatea; erditzea, adopzioa, harrera edo hiru urtetik beherako seme-alabak ardurapean izatea; ikaslearekin bizi den mendeko senidea zaintzea; goi-mailako kirolaria; ezohiko emaitzak izatea ebaluazio berezia eskatzen den ikasgaian, espedienteko gainerakoekin alderatuta; eta errendimendu akademikoari zuzenean eragiten dioten beste egoera batzuk, ikasleek alegatu eta justifikatuak.