PFEZaren ATXIKIPENEI BURUZKO ARAUTEGIA

PFEZaren ATXIKIPENEI BURUZKO ARAUTEGIA

Hemen bakarrik azalduko ditugu UPV/EHUko plantilakoak ez diren baina unibertsitatearentzat zerbitzuren bat egiten duten pertsonei egin beharreko atxikipenak. Esan bezala, pertsona hauek ez dira unibertsitatekoak, eta, hortaz, ez dute nominarik bertan. UPV/EHUko langileei atxikipena egingo zaie taularen arabera, hilabete bakoitzeko nominari aplikatuta. Horretarako, kontuan izango dira ordainsari guztiak eta hartzailearen zirkunstantzia pertsonalak.

1.BEKAK

Hiru Lurralde Historikoetako foru arautegiek adierazten dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ordaintzetik salbu daudela beka publikoak eta irabazi asmorik gabeko entitateek emandako bekak jasotzen dituzten pertsonak, beka hauek Espainian ikasteko nahiz atzerrian ikastekoak izan, hezkuntza sistemako edozein maila eta gradutan, unibertsitateko hirugarren zikloan barne.

Horrelako bekei ez zaie inolako atxikipenik aplikatu behar, baina aitortu egin behar dira. Estatuko ikasleentzako bekak 190 ereduan deklaratzen dira, L giltzarrian, 10 azpiklabean, eta atzerriko ikasleenak 296 ereduan, 25 giltzarrian, 03 azpiklabean. Informazio hori UXXI unitatean gehitzen da, Datu fiskalak/Beste eredu batzuk fitxan gastu-frogagiriaren bidez.

Hortik kanpoko ikasketetarako bekei, berriz, PFEZaren atxikipena egin behar zaie. Oro har, lan etekinak izango dira hartzailearentzat, eta ondorioz, ordaintzen direnean atxikipena egingo zaie.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9.9 artikuluak hau ere gehitzen du:

Salbuetsita egongo dira, halaber, aurreko paragrafoan aipatutako irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta banku-fundazioek prestatzen ari diren ikertzaileen estatutua onartzen duen urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuan deskribatutako eremuan ikertzeko ematen dituzten beka publikoak, bai eta erakunde horiek herri-administrazioen zerbitzura dauden funtzionarioei eta gainerako langileei eta unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileei ikerketarako ematen dizkietenak ere.

 

2. HIRUGARRENAK UNIBERTSITATEARI ESKAINITAKO ZERBITZUAK

Hirugarren batek unibertsitateari zerbitzu bat egiten dionean, horregatik ematen zaion ordainsaria bi modutan trata daiteke:

  • Jarduera ekonomiko baten etekin gisa
  • Lan etekin gisa

Bai batean, bai bestean, ordainketek euskarri dokumental egokia izan beharko dute. Oro har, jarduera ekonomikoaren kasuan faktura bat izango da, eta lan-errendimenduaren kasuan, ordainagiria.

2.1- HIRUGARREN BATEK UNIBERTSITATEARI EMANDAKO ZERBITZUAK, JARDUERA EKONOMIKOAREN ETEKIN GISA HAR DAITEZKEENAK

Etekinak jarduera profesional baten ordaina direnean, diru sarrerei % 15eko atxikipena egingo zaie; jarduera profesionaletan hasten diren zerga ordaintzaileen kasu berezian, atxikipena % 7koa izango da, bai jarduerak hasten dituzten urtean eta baita hurrengo bietan ere.

% 7ko atxikipena aplikatzeko, etekinen hartzaileak bere egoera jakinarazi beharko dio unibertsitateari, dokumentu idatzi eta sinatu batekin.

Salbuespen batzuetan % 1 aplikatuko da, esate baterako nekazaritza eta abeltzaintza jardueren zenbait etekinetan eta estimazio objektiboaren erregimena duten zenbait jarduera enpresarialen etekinetan. Alokairutik eratorritako etekinei, berriz, % 19 aplikatuko zaie.

Sariei ere % 19aren atxikipena egingo zaie. Saria 300 eurokoa edo gutxiagokoa bada, ez zaio atxikipenik egingo.

2.2- HIRUGARREN BATEK UNIBERTSITATEARI EMANDAKO ZERBITZUAK, LAN ETEKINTZAT HAR DAITEZKEENAK

Lan etekintzat hartzen da unibertsitateak hirugarren bati ordaintzen diona noizik behin honako kontzeptu hauetan emandako zerbitzuengatik:

  • Ikasleei emandako laguntzak, baina 1. ataletik (Bekak) kanpokoak direnak, eta betiere deialdi baten barruan eta erabaki baten bidez esleitu badira. Laguntzok lan etekintzat hartuko dira eta gutxienez % 2ko atxikipena egingo zaie PFEZagatik. Kasurik ohikoena unibertsitatean egiten diren praktikak dira, nahiz eta Bekatzat hartzen ez den beste edozein laguntza atal honetan sartuko litzatekeen.
  • Irakasle-ikertzaileei doktorego tesietan eta epaimahaietan parte hartzeagatik egindako ordainketak, eta bigarren hezkuntzako irakasleei hautaprobetako epaimahaietan egoteagatik egindako ordainketak lan etekintzat hartuko dira eta % 2ko atxikipena egingo zaie PFEZagatik.
  • Beste unibertsitate batzuetako irakasleei noizik behin hitzaldiak emateagatik, eskola magistralak emategatik, ikerketa proiektuetan kolaboratzeagatik edo beste edozelako lankidetzagatik egindako ordainketak lan etekintzat hartuko dira eta % 15eko atxikipena egingo zaie.
  • Irakasle izan gabe une jakin batean unibertsitatearekin kolaboratu dutenei % 2ko atxikipena egingo zaie PFEZagatik, unibertsitateak bere zerga betebeharrak betetzeko.

2.2-1. ZERGAK BESTE HERRIALDEREN BATEAN ORDAINTZEN DITUZTEN HIRUGARRENAK

Bizileku iraunkorrik gabeko hirugarren ez-egoiliar batek Espainian egindako jarduera ekonomikoetatik eskuratutako etekinek ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga ordaindu beharko dute (aurrerantzean, EEEZ); gaur egun, % 19ko zerga tasa da Europar Batasunean, Norvegian eta Islandian eta % 24 gainerako herrialdeetan.

Erregimen orokor hori aplikatuko da, baldin eta ez badago aplikatu beharreko zerga erregimena erabakitzen duen nazioarteko arautegirik edo nazioarteko zergapetze bikoitzerako hitzarmenik (ZBH). Halako arautegi baten ondorioz EEEZren atxikipena aplikatzen ez denean, hirugarrenak aurkeztu beharko du zerga egoitzaren egiaztagiria, dagokion zerga agintaritzak emana. Bertan, argi eta garbi adierazi beharko da zergaduna hitzarmenean definitutakoaren moduko egoiliarra dela. Egiaztagiriak urtebeterako balioa dauka.

UPV/EHUri zerbitzuak eman dizkion hirugarren horrek EBko herrialde batean badauka zerga egoitza, eta fakturari BEZa aplikatzen badio, unibertsitateak bere buruari jasanaraziko dio eragiketari dagokion BEZa.

Zalantza izanez gero ZBH baden edo ez, galdetu Kontabilitate Zerbitzuan.

3. UPV/EHUtik KANPOKO HIRUGARRENEN DIETAK

Oro har, eta ahal den heinean, UPV/EHUk gestionatu, tramitatu eta ordainduko ditu garraio kolektiboetan eta hoteletako egonaldietan unibertsitatetik kanpoko hirugarrenek egindako gastuak. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian jasotako dieta eta gastuen erregimena EZ zaie aplikatu behar jarduera profesional baten etekinei. Beraz, ez zaie deitarik ordainduko profesionalei, eta, beraz, joan-etorrien eta mantenuaren gastuak kobratu nahi badituzte, sartu beharko dituzte zerbitzuengatik kobratuko duten zenbatekoaren barruan, eta hortaz, fakturan joango dira eta dagokion atxikipena egingo zaie. Joan-etorriengatik eta mantenuagatik hirugarrenei ordaindutako kopuruak, hirugarren horiek profesionalak ez badira, lan etekintzat joko dira, eta PFEZen atxikipena egingo zaie, salbu eta gastuak fakturen bidez justifikatuta daudenean. Horrez gain, norbere autoa joan-etorrietarako erabiltzeagatik sortutako gastua beti da lan etekina, eta, beraz, PFEZaren atxikipena egin behar zaio.

4. NOLA ZENBATU PFEZ DUTEN FAKTURAK

Aplikatutako PFEZ motaren arabera honako deskontu hauek aplikatuko dira:

KONTUA DESKRIBAPENA EREDUA GAKOA AZPIGAKOA  
32475102 ETEKINEN % 15eko PFEZa JARDUERA EKONOMIKOAK 190 G 1 Jarduera ekonomikoaren etekina, fakturareki
32475102 ETEKINEN % 7ko PFEZa JARDUERA EKONOMIKOAK 190 G 3 Jarduera ekonomikoaren etekina, lehenengo urte bietan fakturarekin
           
32475101 IKAST., HITZALD., MINT., ETA ANTZEKOETAKO IRAKASLEEN PFEZa (% 15) 190 F 2 Ikastaroak, hitzaldiak… fakturarekin edo gabe
           
32475106 LAN ETEKINEN PFEZa (% 2) 190 A   Epaimahaiak, tesiak, kolaborazioak
           
32475107 ALOKAIRUEN % 19ko PFEZa 180 C   Ondasun higiezinen alokatzeak eta azpialokatzeak.
           
32475108 ESTIMAZIO OBJEKTIBOAREN PFEZa (% 1) 190 H 1  
           
32475111 SARIEN PFEZa (% 19) 190 K 1 300€-tik gorako sariak
           
32475109 EEEZ: EZ-EGOILIARRAK, EUROPAKO BATASUNEKOAK (% 19) 296 20 1 Europar Batasuna, Norvegia eta Islandia
32475109 EEEZ: EZ EGOILIARRAK, EUROPAKO BATASUNETIK KANPOKOAK (% 24) 296 20 1 Gainerako herrialdeak
  ESTATUKO IKASLE SALBUETSIEN BEKAK 190 L 10  
  ATZERRIKO IKASLE SALBUETSIEN BEKAK 296 25 03