ORDAINKETEN ARAUBIDEA

ORDAINKETEN ARAUBIDEA

I. TITULUA. ORDAINKETEN GESTIOA UPV/EHUn

I. KAPITULUA. ORDAINKETAK EGITEKO ARAU OROKORRAK


1. artikulua. Ordainketen gestioa.

1. Kasu guztietan eta nahitaez, ordainketen kudeaketa egingo da gastua aurretik kontabilizatuz eta gero kontura kargatuz, Kontabilitate Zerbitzuak agindua eman
ondoren.
2. Salbuespen bakarrak izango dira helbideratzeak (5. artikuluan arautzen direnak) eta dibisen erosketa. Kasu bietan aurrena kargua egingo da, eta ondoren kontabilizatuko da.
3. Kontratatutako ondasuna jaso edo zerbitzua eman ondoren egin behar dira ordainketak, inoiz ez aldez aurretik, II. tituluko 8.4 artikuluan jasotako salbuespenetan izan ezik.


2. artikulua. Ordaintzeko bideak.

1. UPV/EHUren kudeaketa sistemako ordainketa moduak erabiltzeko zorrotz bete beharko dira hurrengo artikuluetan zehaztuko diren arauak. Edozein modalitate erabili ahal izango da, hurren adieraziko diren mugen barruan. 

 

II. KAPITULUA. UPV/EHUn ERABIL DAITEZKEEN ORDAINKETA MODUAK

 

3. artikulua. Ordainketa mekanizatuak.

1. Hau izango da ohiko modua gune organikoek egin beharreko ordainketa guztietan.
2. Diruzaintzaren funtzionamendua azalduta dago Gestio Ekonomikoaren Araubide Orokorreko III. Tituluko V. kapituluan.

 

4. artikulua. Banku helbideratzearen bidezko ordainketak.

1. Modu hau bakarrik erabiliko da elektrizitatea, telefonoa, ura, gasa eta zabor bilketari dagozkion udal tasak ordaintzeko.

2. Guztiz debekatuta dago bestelako gastuak helbideratzea.

3. Horiez gain, bestelako gastu atipikoak helbideratu ahal izango dira, Kontabilitate Zerbitzuak horretarako baimena ematen badu. Horretarako, eskabidea egingo da idatziz, eta azalduko dira ordainketa helbideratzeko arrazoiak . Era berean, aurrekontu saila zehaztuko da, eta gastua urtean gutxi gorabehera zenbatekoa izango den. Kontabilitate Zerbitzuak gestionatuko du espediente osoa.


5. artikulua. Banku taloien bidezko ordainketak.

1. Nahiz eta normalean ordainketa mekanizatuak egin (hau da, bankuko transferentziaren bidez), kutxa finkoa daukaten gune organikoek bankuko taloiak ere erabili ahal izango dituzte.
2. Banku taloiak hartzekodunaren izenean bakarrik egin ahal izango dira. Hortaz, guztiz debekatuta dago "eramaileari ordaintzeko" ordainketa dokumentuak egitea.


6. artikulua. Eskuko banku transferentzien bidezko ordainketak.

1. Ordainketa mekanizatua egitea ezinezkoa denean baino ez da erabiliko. Kasu horretan eragiketaren gastuak erdibana ordainduko dituzte unibertsitateak eta jasotzaileak.


7. artikulua. Ordainketak esku dirutan

1. Kutxa finkoa daukaten gune organikoek ezusteko gastu txikiak eskudirutan ordaindu ahal izango dituzte.
2. Ekitaldia ixtean, saldoa justifikatzeko, funtsak egotearen ziurtagiri bat sinatu beharko dute kutxaren arduradun guztiek.


III. KAPITULUA. UPV/EHUren KOLABORATZAILEEI EGIN BEHARREKO ORDAINKETAK, EPAIMAHAIETAN, BEREZKO TITULUETAN, MASTERRETAN ETA BESTELAKO JARDUERETAN ARITZEAGATIK


8. artikulua. Lankidetza.

Kolaborazioaren ordainketan sartu ahal izango dira lanaren ordainsaria, eta joan-etorrien, dieten eta abarren gastuak. 

Epaimahai eta batzordeetan parte hartzeagatik eta bestelako kolaborazioengatik ordaindu
beharrekoak: irakasle iraunkorrak titular edo katedradunen lanpostuak betetzeko lehiaketak, doktorego tesiak, unibertsitatean sartzeko hautaprobak edo ordainsaria jasotzeko eskubidea ematen duten bestelako epaimahai edo batzordeak, bai eta berezko tituluetan, ikastaroetan eta bestelako jardueretan egindako kolaborazioak ere.

  • UPV/EHUko langileak: Nominaren bidez ordainduko dira, eta Gizarte Segurantzaren kuota kenduko zaie zenbatekoei, hala dagokionean.
  • UPV/EHUz kanpoko langileak: dagokion zenbatekoari PFEZen atxikipena egingo zaio.

Garraio, ostatu, dieta eta halakoengatik, benetan egindako eta frogatutako gastuak ordainduko dira.


9. artikulua. Kolaboratzaileei gastuak ordaintzeko aurrerapenak.

1. Kolaboratzaileei II. kapituluan azaldutako edozein bide erabiliz ordaindu ahal izango zaie, bertan zehaztutako mugen barruan.
2. Edozein bide erabilita ere, bidaia gastuen % 50eraino aurreratu ahal izango zaie. Zenbateko hori kalkulatzeko garraio publikoan egindako joan-etorrien, mantenu dieten eta ostatu gastuen batura egingo da.
3. Aurrerapenak kutxa finkoko taloiaz bakarrik egin ahal izango dira.


10. artikulua. Kolaboratzaileei emandako aurrerapenaren likidazioa


1. Kolaborazioa amaitutakoan, kitatu egingo da aurrerapena, eta horretarako gastuen agiriak aurkeztu beharko dira. Frogatutako gastua jasotako aurrerapena baino handiagoa balitz, falta den zenbatekoa egoki irizten zaion modua erabiliz ordainduko da.
Aurrerapena gastua baino handiagoa izan bada, kolaboratzaileak itzuli egin beharko du jasotako gehiegizko zenbatekoa. Dirua sartu beharko du aurrerapena ordaindu dion gastu gunearen kontuan eta eragiketa hau aurrerapenaren likidazio gisa sailkatuko da.

2. Egindako ordainketaren egiaztagiri gisa gastua egiteko baimenaren kopia bat eman ahal izango zaie ordainketaren hartzaileei. Bertan zenbatekoa, kontzeptua eta helbideraketaren datuak agertuko dira.

II. TITULUA. ONARTUTAKO BETEBEHARRAK LAGATZEA

IV. KAPITULUA. FAKTURA ETA OBRA EGIAZTAGIRIAK ENDOSATZEA


11. artikulua. Endosuaren izaera.

1. Endosua da egintza administratibo bat, zeinaren bidez UPV/EHUk konpromisoa hartzen duen hirugarren batek (lagatzaileak) egindako faktura edo obra ziurtagiri bat beste hirugarren bati (endosu hartzaileari) ordaintzeko, lagatzailearen eskariz.

2. Faktura edo obraren ziurtagiriaren endosua egiteko, beharrezkoa da aldez aurretik jasota egotea horretarako eskumena duen pertsonak onartzen duela endosua.

3. Endosua berau erregistratuz formalizatuko da. Horretarako, endosuaren erregistroaren kopia eta fakturaren edo obraren ziurtagiriaren kopia emango zaizkio lagatzaileari, honela legez jasota gera dadin endosua onartzen duela.

4. Ezin izango da endosurik erregistratu, baldin eta faktura edo obraren ziurtagiria baldintza legalen baten pean balego zenbatekoari edo ordainketaren iturriari dagokionez, edo, oro har, ordainketa galaraz lezakeen xehetasun formalen bat balego.


12. artikulua. Endosuaren ondorioak.

1. Endosu bat erregistratuz gero, UPV/EHUk konpromiso legala hartzen du dagokion zenbatekoa ordaintzeko fakturaren edo obraren ziurtagiriaren titularrak esandako endosu hartzaileari.
2. Endosatutako faktura edo obraren ziurtagiria legez dagokion epean ordaindu beharko da.


13. artikulua. Endosuaren indarraldia.

1. Endosua egindakoan suertatuko balitz prestazioa, hornidura edo obraren ziurtagiria eman duenari legezko zigorren bat ezarri behar zaiola zerbaitegatik, endosuak indarrean egoteari utziko lioke, eta hortaz, ez litzaioke faktura edo obraren ziurtagiria ordainduko endosuaren hartzaileari, eta horren berri emango litzaioke lagatzaileari.

2. Gorabehera horiek Kontabilitate Zerbitzuari jakinarazi beharko dizkio bere garaian faktura edo obraren ziurtagiria onartu zuen pertsonak, zerbitzu horrek horren berri eman diezaion endosuaren hartzaileari.

 

14. artikulua. Endosu eskariaren tramitazioa.

1. Endosuaren erregistroa faktura edo obraren ziurtagiria onartu duen pertsonak hasiko du. Horretarako, faktura edo obraren ziurtagiriarekin batera, aurkeztu beharko du notarioaren ahalordea, zeinaren bidez endosua eskatzen duen pertsonari ahalmena ematen zaion lagatzailearen izenean aritzeko. Pertsona fisikoen kasuan, nahikoa izango da nortasun agiria edo pasaportea aurkeztea.

2. Endosuaren erregistroa Kontabilitate Zerbitzuan egingo da, I. eranskineko eredua erabiliz, eta endosuen erregistro nagusian gordeko da.


V. KAPITULUA. LAGATZAILEAREN BIDEZ ORDAINTZEA


Lagatzailearen figura erabiltzen da unibertsitateko langile batek (TEKAZEL edo IIP, inoiz ez ikasleak) faktura bat ordaintzen dionean hornitzaile bati unibertsitatearen izenean, eta gero gastu hori kontabilizatzen denean hornitzailearen izenean, zeina hirugarren parte gisa agertzen baita. Halakoetan “gastu dokumentuekin” batera, ordainketaren agiria aurkeztu beharko da.
 

I. ERANSKINA