AURREKONTUAREN PRINTZIPIO NAGUSIAK ETA AURREKONTU-ALDAKETAK

AURREKONTUAREN PRINTZIPIO NAGUSIAK ETA AURREKONTU-ALDAKETAK

PRINTZIPIO OROKORRAK

Gastuko aurrekontu-aplikazioetan ageri diren kredituak soilik erabiliko dira aurrekontua edo aurrekontu-aldaketak onartzean baimendu ziren xede zehatzetarako.  
Era berean, ezin izango dira gastu-konpromisoak hartu, baldin eta horien zenbatekoak aurrekontuaren gastuen egoeran onartutako kredituen zenbatekoa gainditzen badu.  
Gastuen aurrekontuaren kredituen kargura, soilik urte naturalean egingo diren eginbeharrak onartu ahal izango dira. Nolanahi ere, indarrean dagoen kredituei honako eginbehar hauek aplikatuko zaizkie: 

  • UPV/EHUko aurrekontuaren kargura ordaintzen diren langileen atzerapenak kitatzearen ondoren geratzen direnak.
  • Aurreko ekitaldietan behar bezala baimendutako gastu-konpromisoetatik eratorritakoak.

Kredituen lotura

II. eta VI. kapituluetako kredituek kapitulu mailako lotura dute, Sailkapen Organiko eta Funtzional beraren barruan.
Kanpo-finantzaketari dagokionez, irakasle eta ikertzaileen eta AZPko langileen kontratuak egiteko eta prestakuntzarako bekak emateko, lotuta egongo dira finantzaketa mota hori jasotzen duten I. eta IV. kapituluetako kontzeptu ekonomikoak; betiere, Sailkapen Organiko eta Funtzional beraren barruan.  

 

AURREKONTU-ALDAKETAK

Kreditua sortzea, diru sarreren bidez 

Hasierako aurrekontuan aurreikusi gabeko kreditu bat eskuratzearen ondorioz izandako diru sarreren bidez kreditua sortzea dagokien Organikoen proposamenez planteatuko da, eta horrelakoetan aurrekontu-orekako printzipioari eutsiko zaio, beti.

  • Sarrerak aldatzea: aurkeztutako dokumentazioaren bidez egingo da, eta, haren izaeraren arabera, Kontabilitate Zerbitzuak egokitzat jotzen duen diru sarreren aurrekontu-aplikazioan sartuko da.
  • Gastuak aldatzea: organikoak berak jakinaraziko du zer aurrekontu-aplikaziotan egingo den kreditu-gaikuntza.

Diru sarreren bidez kreditua sortzeko espedientearekin batera, aldaketaren beharra justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da (erabakia, kontratua, hitzarmenak…). 
Hiru hilabetean behin, gaitu diren kredituen zerrenda zehatza aurkeztuko zaio UPV/EHUko Ekonomia Batzordeari. 

 

Kreditu-transferentziak

1. Kreditu-transferentziak egitea, eragiketa arrunten kontzeptuen eta kapital-eragiketen kontzeptuen artean

(Trainera Prozedura: beste aurrekontu-transferentzia batzuk)

Eragiketa horiek Kontabilitate eta Aurrekontuen Gerenteordetzari eskatuko zaizkio, Gune Organikoek hala proposatuta eta dagokion organika arduradunaren baimena erantsita.  

Baldin eta kredituaren jatorria Errektoreordetza batek edo Zerbitzu Zentraletako organoren batek agindutako aurrekontu-aldaketa bat bada, arduradun funtzionalaren baimena beharko da. Izapide horretatik salbuetsita daude honako eskaera hauek:

  • Jatorrizko eta helmugako funtzioak 016 eta 017 dituztenak (kreditua birbanatuz).
  • 3910 organikoko I. kapitulurako transferentziak eta 011 eta 030 funtzionalak.

2. Kreditu-transferentziak egitea, gastu arrunteko eragiketetatik kapital-gastuko eragiketetara atxikitako finantzaketakoak ez diren kredituetarako

(Trainera prozedura: transferentziak KGra).

Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak 2006ko ekainaren 26an erabakitakoa betez, honako transferentzia mota hauek bereizten dira: 

a)    10.000 €-ko edo hortik beherako transferentziak.

Eragiketa horiek Gune Organikoen proposamenez eskatuko zaizkio Gerentziari, justifikatzeko txosten bat erantsita. Eskaera Ekonomia Batzordeak eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko dute. Gero, Gizarte Kontseiluari helaraziko zaio, hark balioetsi dezan.

b)    10.000 €-tik gorako transferentziak.

Eragiketa horiek Gune Organikoen proposamenez eskatuko zaizkio Gerentziari, justifikatzeko txosten bat erantsita. Lehendabizi Ekonomia Batzordeak eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko dute eskaera, eta gero Gizarte Kontseiluak.

Transferentzia horiek eskatzeko epea irailaren 30ean amaituko da. 
Denbora muga honetatik, eragindako finantzaketa duten organikoen transferentziak salbuesten dira, baldin eta errektoreordetzan egokiak baimentzen badu eta organikak aribideko ekitaldiaren Abenduak 31-ren ondoren bukatzen badu. 

3. Kreditu-transferentziak egitea, kapital-gastuko eragiketetatik gastu arrunteko eragiketetara.

Aurreko b) atalean azaldutako izapide berberei jarraitu beharko zaie, Eusko Jaurlaritzak baimena eman ondoren.

Transferentzia horiek eskatzeko epea irailaren 30ean amaituko da 

 

Kreditu-birbanaketak

Aurrekontu-hornidurak gune bat edo batzuetatik beste bat edo batzuetara aldatzea da, sailkapen ekonomiko eta funtzional berean.  

Aukera hori erabiliko da ekitaldian zehar gune organikoei kreditua emateko; baldin eta, deialdi, kontratu, formula bidezko banaketa eta antzekoen mende egonik, ezezaguna bada gune bakoitzari dagokion zenbatekoa.  

Era berean, birbanaketak erabiliko dira kapitulu-mailan, II. kapituluko kontzeptuetara edo alderantziz lotzen diren I. kapituluko (Langile-gastuak) kredituak eskualdatzeko. 

Ikerketa Zerbitzu Orokorrek 3. motako birbanaketak (barne-fakturazioa) erabili ahal izango dituzte sailei ematen dizkieten zerbitzuak kobratzeko. 

Birbanaketa horiek errektoreordetzek, gerenteordetzek, liburutegiek eta zerbitzu zentralek erabili ahal izango dituzte. 

 

Gerakinak sartzea 

Proiektu eta azpiegiturako kredituak gauzatu ez direnean hurrengo ekitaldian sartuko dira, hasieran esleitu zitzaien gune funtzionalen esku egongo diren saldoen modura. 

Kanpoko baliabideez hornitutakoak diren eta helburu jakin batzuetarako diren kreditu erabili gabeak aurrekontuan sartuko dira.  

Era berean, abenduaren 1a baino lehen hartutako konpromisoei (AD) dagozkien eta justifikatutako arrazoiengatik egin ezin izan diren gastuei dagozkien gauzatzeke dauden kredituak aurrekontuan sartuko dira. Sarrera horiek Kontabilitate eta Aurrekontuetako Gerenteordetzari eskatuko zaizkio, dagokion itxiera-aginduan ezartzen den epean. 

Kredituen soberakin espezifikoek espezifiko izateari utziko diete, berez zegokien jarduera amaitu eta hurrengo ekitaldia bukatzean. 

Salbuespen gisa, kreditu-saldoak sartu ahal izango dira, esleitu gabe dauden baina esleitzeko prozesuan diren kontratuetarako. 
Errektoreak edo hark izendatutako pertsonak hurrengo ekitaldiko aurrekontura kreditu-gerakinak sartzeko baimena emango du, horien xehetasunak ezarri ondoren. 

 

Kreditua itzultzea 

Aurreko ekitaldietan gaizki egindako ordainketen itzulerengatik eskuratutako diru sarrerek kredituak gaitzeko aukera emango dute, baldin eta bere garaian gauzatutako gastua xede jakin baterako diru sarrerak zituen kreditu baten kargura egin bazen. Kreditu-gaikuntza lehengo gastuen partida berean erregistratuko da. 

 

 

 

Informazio osagarria