UPV/EHUren kalitate politika
Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publikoa da, 1980an sortua. Unibertsitate ikertzailea da eta, ezagutza sortzeko eta transmititzeko ingurune global batean, bateratu egiten du euskal gizartearekiko duen betebeharra zientzia irekiaren nazioartekotze prozesuarekin. UPV/EHU konprometituta dago euskal kulturarekin, gizarte erronkekin eta garapen jasangarriarekin, prestakuntzaren, ikerketaren, ezagutzaren transferentziaren eta toki nahiz mundu mailako aliantzen bidez, jakintzaren adar guztietan.
Horiek horrela, UPV/EHUk, bere jarduera guztietan, bikaintasunaren aldeko apostua egiten du eta etengabeko hobekuntzaren aldeko kultura bultzatzen du. Lan egiten dugu gure ikasleei prestakuntza zientifiko zorrotza emateko eta kalitate handiduna, lagungarri izango dutena beren garapen intelektualean eta pertsona legez hazteko, guztia giro akademiko bizigarri eta kolaboratzailean. Helburua da egun gizarteak dituen erronkei erantzuna emateko ikasleek daukaten eraldatze gaitasuna suspertzea eta gizartearen eta ekonomiaren garapenaren alde egitea, sormena, etika eta zorroztasuna izanik oinarri.
Gure kalitate politikaren oinarriak dira:
- Tokiko eta nazioarteko erronkei lotutako bikaintasun akademikoa eta ikertzailea. Eskaintza akademiko berritzailea emateko konpromisoa hartzen dugu, eta bikaintasun akademikoa eta ikerketa zientifikoa sustatzen ditugu, ikasleen eta irakasle-ikertzaileen trebetasunak eta ezagutzak garatzea sustatzen duten programen eta jardueren bidez. Diziplinaz gaindiko eta nazioarteko lankidetza bultzatzen dugu, baita ingurune sozioekonomikoarekiko lankidetza ere, ezagutzaren bidez gizartearen eraldaketa gidatzeko.
- Kultura akademiko propioa garatzea. Gure konpromiso sendoa adierazten dugu goi-mailako irakaskuntzaren kalitatearekin eta bikaintasunarekin, horretarako bide izanik irakaskuntza, ikerketa, ikaskuntza, kultura eta unibertsitate proiekzioa, eta unibertsitatearen jardunaren oinarri diren kudeaketa prozesu eta zerbitzuak. Etengabe ebaluatzen eta hobetzen ditugu irakaskuntzako eta administrazioko prozesuak, gardentasuna ziurtatzeko eta nazioarteko praktika onenekin lerrokatzeko. Elkarlaneko giroa sustatzen dugu, unibertsitatea osatzen dugun guztiok kalitatezko politika ezartzearen arduradun senti gaitzen, eta gure arloko prozesuak eta zerbitzuak etengabe hobetzeko konpromisoa har dezagun.
- Talentuaren garapena. Irakasle-ikertzaileen eta teknikarien, kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen etengabeko garapen profesionalerako baliabideak eskaintzen ditugu. Ahalegintzen gara irakaskuntza Garapen Jasangarriko Helburuekin bat etorrita berritzen diziplina arteko prestakuntza bultzatuz, hartara digitalizazioak eta nazioartekotzeak ekarritako premietara egokitzeko.
- Baliabideak eta zerbitzuak hobetzea. Campus atseginak garatzeko lan egiten dugu, materialak eta zerbitzuak optimizatuz jarduera akademikoak behar bezala garatzeko. Kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko, prozesu eta tresna digital berrial erabiltzen ditugu.
- Etengabeko elkarrizketa eta entzute aktiboa. Barneko eta kanpoko komunikazio bitartekoak erabiltzen ditugu, unibertsitateko kideekin nahiz gure ingurune soziokulturalarekin informazio fluxu egonkorrak eta arinak izateko. Gure atal akademikoaren beharrak eta itxaropenak asetzeko lan egiten dugu, prozesuak eta zerbitzuak etengabe hobetuz eta giro seguru eta egokia eskainiz.
- Etikarekiko eta gizartearekiko konpromisoa. Honako konpromiso hauek hartzen ditugu: aplikatu beharreko arauak betetzea, iruzur akademikoaren aurka borrokatzea eta unibertsitateko kide guztien eskubideak errespetatzea, giza eskubideak, genero berdintasuna, kultura aniztasuna eta bizikidetza defendatuz, gizartearen eta etorkizuneko belaunaldien mesedetan
- Berrikuntza, sormena eta espiritu kritikoa. Berrikuntza eta sormena sustatzen ditugu gure jarduera guztietan, ideia eta ikuspegi berrietara irekia, eta, betiere gizartearen garapen jasangarria oinarri izanda. Era berean, espiritu kritikoa sustatzen dugu, ezagutzan aurrera egiten lagunduz, ikuspegi berritzailea izanda eta ebidentzian oinarritua, ingurune aldakor eta gero eta zorrotzagoari aurre egiteko.
- Lidergoa eta beste erakunde batzuetara irekitzea. UPV/EHU bere ingurunean sustraitutako unibertsitatea da, irekia eta iragazkorra. Eragileak gara Euskadiren kulturaren, gizarteaen eta ekonomiaren etorkizuna eraikitzeko lanean, eta beste erakunde batzuekin aliantza estrategikoak eta lankidetza harremanak ezartzeko lan egiten dugu.
Euskal Herriko Unibertsitateak konpromisoa hartzen du kalitate politika hori ezartzeko, irakaskuntza arloko eta administrazio arloko jarduerak planifikatuz eta ebaluatuz. Horretarako, UPV/EHUren Plan Estrategikoak, aurreko printzipioei jarraikiz landuak, aldi bakoitzerako jarduera ildo nagusiak eta kalitate helburuak ezartzen ditu. Garapen Instituzionaleko Planaren bidez, ikastegietako kalitate politikak eta plan estrategikoak bat etorriko dira unibertsitate osokoekin, eta gure jarduera etengabe hobetzeko ahalegin kolektiboa gauzatuko da. Politika hau pertsona guztien konpromisoa da.