inf_texto_III_Plan_Inclusion

UPV/EHUren III. INKLUSIO PLANA (2019-2022)

AURKEZPENA

i3: ikaskuntza, ikerketa, iraunkortasuna

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) III. Inklusio Plana (2019-2022) onartzea eta martxan jartzea gure unibertsitateak inklusio, ekitate eta jasangarritasunarekin duen konpromisoaren ondorioa da. Goi mailako hezkuntza erakunde publikoa den neurrian, aintzat hartu behar ditu aukera berdintasunaren eta dibertsitatearen arretaren printzipioak.

Arlo horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak ibilbide luzea du: egiturak sortu, eta inklusio erreala lortzeko ekimenak bultzatu ditu. Ahalegin nabarmen horri esker, gure erakundea erreferentziako eredu bat da inklusioaren eta aukera berdintasunaren arloan. Eta horren erakusle dugu Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak unibertsitateko fakultate eta eskoletan egindako lan konprometitua.

Unibertsitateko prestakuntza, berez, oso jarduera zorrotza da. Arrazoi horrengatik, hain zuzen, lan egin behar dugu zailtasun erantsiek haren garapena oztopatu ez dezaten. Azken batean, guri dagokigu hezkuntza inklusibo, ekitatibo eta kalitatezko bat bermatzea, eta ikaskuntza aukerak sustatzea bizitza osoan eta pertsona guztientzat, 2030 Agendan jasota dagoen moduan.

UPV/EHUk 2018an burutu duen gogoeta estrategikoak eta II. Inklusio Planaren (2012-2017) ebaluazioak orain aurkezten dugun hirugarren plan hau egiteko baldintzak sortu dituzte. Zentzu horretan, 2018-2021 aldirako UPV/EHUren Plan Estrategikoak, bere III. ardatzean (Gizartearekiko Harremanak), helburutzat planteatzen du jada unibertsitatea garapen jasangarria, inklusioa eta gizarte konpromisoa sustatzen dituen erakunde bihurtzea. Ekintzen artean, proposatzen du programak eta deialdiak indartzea premia bereziak dituzten kolektiboei laguntzeko: errefuxiatuak, gizarte, ekonomia eta kultura egoera ahulean dauden kolektiboak, besteak beste.

Seguru nago III. Inklusio Plan honek bere helburuak lortuko dituela eta lagungarria izango zaigula irekia, solidarioa eta gizarte eta giza errealitate guztiekiko sentikorra izango den unibertsitate proiektu bat errotzeko.

 

Nekane Balluerka Lasa

UPV/EHUko errektorea

 

SARRERA

UPV/EHU, unibertsitate publikoa den neurrian, konprometituta dago inklusioarekin, aniztasunaren errespetuarekin eta berdintasunarekin. Hala, haren Estatutuen 4.3 artikuluan adierazten denez, UPV/EHUk, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeaz gainera, beharrezko neurriak hartuko ditu inor diskriminatua izan ez dadin arrazoi hauengatik: jatorria, etnia, sexua, erlijioa, iritzia, hizkuntza edo bestelako egoera pertsonal edo sozialen bat. Goi mailako hezkuntza erakunde publiko gisa, UPV/EHUk kontuan hartu beharko ditu honako printzipio hauek: aukera berdintasuna, aniztasunaren eta desberdintasunaren errespetua, genero ikuspegia, ekintza positiboa, sexuaren araberako rolen eta estereotipoen ezabaketa, eta ordezkaritza orekatua.

Era berean, UPV/EHUk bereziki zaintzen du premia bereziak dauzkaten pertsonen kolektiboa, eta haren Estatutuen II. Tituluko V. kapituluan jasotzen ditu. Kapitulu horretako 67. artikuluaren arabera, UPV/EHUk ekintzak bultzatuko ditu premia bereziak dauzkaten unibertsitateko kideek eta gainerako kideek aukera berdintasun berberak dauzkatela ziurtatzeko. Beraz, beharrezko baliabideak, informazioa, laguntza eta bitartekoak jarriko ditu premia bereziak dauzkaten pertsonen eskura.

Eta 68. artikuluan honako atal hauek daude jasota:

1. UPV/EHUk bermatu egingo die aukera berdintasuna ezintasunak dauzkaten ikasleei eta unibertsitateko gainerako kideei. Beraz, debekatu egingo du edozein diskriminazio mota eta ekintza positiboa bultzatuko du, aipatutako pertsonen parte hartzea erabatekoa eta eraginkorra izan dadin unibertsitatean.

2. Ezintasunak dauzkaten ikasleak eta unibertsitateko gainerako kideak ezin izango dira izan diskriminatuak beren ezintasunagatik, ez zuzenean ez zeharka, unibertsitatera sartzeko prozesuan, bertan ari direnean, eta titulu akademikoak edo onartuta dauzkaten bestelakoak baliatzean.

3. Ezintasunak dauzkaten ikasleek horrelakorik behar balute, unibertsitateko ikastegiek eta sailek esanguratsuak ez diren egokitzapen curricularrak egingo lituzkete eta ikasleen beharretara moldatutako tutoretza espezifikoak ezarriko.

4. UPV/EHUk egokitu egin beharko du bere ingurunea, legeriak xedatutakoari jarraiki, ezintasunak dauzkaten pertsonak oztoporik gabe ibili ahal izan daitezen bertan.

5. UPV/EHUk kontuan hartuko du ezintasunak dauzkaten pertsonei lana emateko arautegietan xedatutakoa, eta aplikatu egingo du langileak hautatu eta kontratatzean.

Euskal unibertsitate publikoan inklusio erreala lortzeko egindako bidean, hainbat egitura eta plan sortu dira. Hala, 2001ean, Ikasleentzako Argibide Zerbitzuak egindako Minusbaliotasunak dituen unibertsitateko komunitatea UPV/EHUn integratzeko egitasmoa (I. Plana) onartu zuen Gobernu Kontseiluak. 2003ko abenduan, garai hartako Ikasleen arloko Errektoreordetzaren (gaur egun, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzaren) menpekoa den Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua sortu zen, ezgaitasunak dituzten ikasleak artatzen dituena hiru campusetan. 2012. urtean, konpromiso hori berretsita, UPV/EHUren II. Inklusio Plana onartu zen, 2012-2017 aldirako. Aipatutako bi plan horiek zein Zerbitzuaren beraren jardunak ikasleentzako arretan zentratzen dira, uste baita hori dela unibertsitateko kolektiboen artean babes espezifiko  gehien behar duena. Beste bi kolektiboentzat (AZP eta IIP) maila handiagoko legeria existitzen da ezgaitasunak dituzten pertsonei lana emateko, langileak hautatu eta kontratatzean aplikatu beharrekoa. Horrez gain, UPV/EHUk inbertsio garrantzitsuak egin ditu azken urteotan langileen lan inguruneak erraztu eta egokitzeko, eta horrela jarraituko du. Hori guztia kontuan hartuz, III. Planaren proposamen hau ere ikasleen kolektiboan zentratzen da, hezkuntza inklusiboa helburu.

Urte hauetan, UPV/EHUk hezkuntza sistema ez-unibertsitarioarekin batera egin du lan, eta sistema horrek urrats garrantzitsuak egin ditu norabide horretan, hala nola Euskal Herriko Hezkuntza Berezirako Egitamua (1982) eta Eskola Inklusiboaren Esparruan Aniztasunari Erantzuteko Plan Estrategikoa (2012-2016. Hezkuntza inklusiboak ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza bidezkoa eta justua eraikitzen laguntzeko konpromisoa eta jarrera eskatzen du, eta, horretarako, kultura inklusiboak sortu, politika inklusiboak egin eta jarduera inklusiboak garatu behar dira.  

Nazioarteko erakundeek, era berean, hezkuntza inklusiboaren kontzeptua etengabe eraikitzearen alde egin dute. UNESCOk bere Guidelines for inclusion: Ensuring Access to Education for All (2006) dokumentuan adierazten duenez, hezkuntza inklusiboa ikuspegi bat da, hezkuntza sistemak eta bestelako ikaskuntza inguruak eraldatzeko balio behar duena, ikasleen aniztasunari erantzuteko. Horrekin batera, Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenak (NBE, 2006), zeina juridikoki lehen tresna loteslea izan baitzen, eskubide gisa jasotzen du hezkuntza inklusiboaren eta kalitatezkoaren kontzeptua, eta agintariak gutxieneko baldintzak ezartzera derrigortzen ditu, eskubide horretaz baliatzeko.

Dena dela, ingurune batzuetan hezkuntza inklusiboa oraindik eskola testuingurutan ezgaitasunak dituzten ikasleei lotuta ageri bada ere, azken hamarkada honetan bereziki indartu da inklusioaren kontzeptu zabalago bat. Horrela, arraza, gizarte klase, etnia, erlijio eta gaitasun aniztasunarekiko jarrera eta erantzun jakin batzuen ondorioz sortutako gizarte bazterkeriaren amaierari lotuta ageri zaigu, hezkuntza oinarrizko giza eskubide bat eta gizarte justizia goreneko oinarri bat dela ulertuta (IBE-UNESCO, 2016). Ondorioz, hezkuntza inklusiboa prozesutzat hartzen duten politikak egitea iradokitzen da; prozesu bat, oztopoak identifikatu eta ezabatuko dituena, ikasle guztien parte hartzea bultzatuko duena eta arreta berezia jarriko duena bazterkeria eta esklusioa jasateko edo errendimendu apala izateko arriskupean dauden ikasleengan (IBE-UNESCO, 2016).

Ideia horren garrantzia jasota dago, halaber, Nazio Batuen 2030eko Agendan. Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) artetik laugarrenak honela dio: Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea. 2030eko Hezkuntzarako Incheongo Adierazpenak, 2015eko maiatzaren 21ean UNESCOk bultzatu eta antolatutako Hezkuntzaren Munduko Foruan onartu zenak, konpromiso zehatzak adostu zituen hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa eta pertsona guztientzako bizitza osoko prestakuntza lortzeari begira. Inor atzean ez geratzearen ideia da GIH honen kontsigna.

Ezbairik gabe, eraldaketa horien guztien eraginez, garai batean egoera edo baldintza pertsonalen ondorioz hezkuntza sistematik kanpo geratuko liratekeen pertsona askok beren prestakuntzan aurrera egiteko aukera izan dute, eta horietako askok unibertsitate ikasketak ere egin dituzte. Pertsona horiek unibertsitatera iritsi dira, eta unean uneko erantzunak egituratzen joan dira, eta, zenbait kasutan, programa egituratu batzuk beren konpromiso publikoarekin betetzeko.

Nolanahi ere, gaur-gaurkoz, ez da nahikoa. 2018an unibertsitatean egin den gogoeta estrategikoak eta 2012-2017 aldirako II. Inklusio Planaren ebaluazioak baldintza aproposak sortu dituzte; alde batetik, epe ertain-luzera analisi lasaiago eta kontrastatuago bat egiteko; eta, bestetik, unibertsitate politikak nola bideratu behar diren pentsatzeko, lehen aipatutako orientazioak aintzat hartuta.

Plan Estrategikoak (2018-2021), Gobernu Kontseiluak 2018ko uztailean onartutakoak, bere gertakarietan honela dio: Oroz gain, UPV/EHU unibertsitate publiko bat da, eta, hortaz, inklusioaren, ekitatearen eta jasangarritasunaren balioak sustatu behar ditu. Eta honako hau onartzen du: unibertsitateak potentziala du gizarte konpromisoaren eremuan erreferentziazko eredu bat bilakatzeko. Gizartearekiko Harremanari buruzko III. ardatzaren helburuetako bat da unibertsitatea garapen jasangarria, inklusioa eta gizarte konpromisoa sustatzen duen erakunde bihurtzea, eta proposatutako ekintzetako bat da premia bereziak dituzten kolektiboei (errefuxiatuak, gizarte, ekonomia eta kultura egoera ahulean dauden kolektiboak, etab.) laguntzeko programak eta deialdiak indartzea.

III. Inklusio Plan honek bere egiten du agindu hori, eta inklusio kontzeptu konprometituago eta globalago batetik lan egitea planteatzen du, 2030eko Agendaren lehentasunen gidaritzapean. Azken batean, ekitatearen definizioa abiapuntutzat harturik (pertsona guztientzako tratu berdintasuna, aintzat hartuz eta errespetatuz beren desberdintasunak eta gaitasunak), inklusioak zera esan nahi du: ingurune bat sortzea, unibertsitate ikasketak egiteko eta unibertsitateko bizitzan eta ikaskuntzan parte hartzeko aukera emango diena ikasle guztiei, haien ezaugarriak, egoera edo inguruabar pertsonalak edozein direla ere, eta arreta berezia jarrita bazterkeria eta/edo ahultasun egoeran egon daitezkeen horiengan. Edonola ere, lan hori ikasle eta unibertsitateko kide guztientzat da. Ez baita inklusiorik izango pertsona guzti-guztiak inklusioaren aldeko eragile aktibo bihurtzen ez badira.

Oztopoak identifikatzeko eta ezabatzeko lana neketsua bada ere, plan honek lan egingo du 10. GIHk zehazten duen norabidean; hau da, Desberdintasunen murrizketan, eta 4.aren esparruaren barruan; hau da, Kalitatezko hezkuntzan. Era berean, garrantzi berezia emango zaie jarraian aipatutako kolektiboei, ulertzen baitugu esklusio, ahultasun eta bazterkeria arriskupean egon daitezkeela:

  • Baliabide ekonomikorik gabeko ikasleak.
  • Familia babesgabetasuna.
  • Ezgaitasunetik edo antzeko inguruabar pertsonaletatik eratorritako egoera.
  • Asiloa eta babesa eskatu duten pertsonak.
  • Laguntza psikologikoaren beharra duten egoera pertsonalak.
  • Sexu eta genero identitateari lotutako egoera pertsonalak.
  • Preso dauden ikasleak.

Erakunde barnean, gakoak izango dira inplikatutako zerbitzu guztietan egunero diharduten pertsonen arteko lankidetza estua eta elkarlana, III. Inklusio Plan hau egiteko prozesuaren beraren ildoari jarraituta. Plana, bere horretan, logika sekuentzial batetik eraiki da, lau etapatan egituratua, zeinak bat egiten baitu, oro har, modu sektorial edo partikularrean kolektibo bakoitzarekin lan egiteko moduarekin; bestela esanda, kolektibo bakoitzaren berezitasunak gorabehera, UPV/EHUn egindako esku hartzearen etapak berdinak dira guztientzat, eta horrek prozesuak hobeto ulertzea eta kudeatzea ahalbidetzen du.

Azken helburua da ahultasun egoeran egon daitezkeen ikasle guztiei aukeren berdintasuna bermatzea, irisgarritasun unibertsala bezalako alderdiak aintzat hartuz, teknologiaren zein komunikazioaren ikuspuntutik, eta zerikusirik duten arlo guztietan pertsona guztientzako diseinua bultzatuz.

 

I. ARDATZA

INFORMAZIOA GIZARTE ETA HEZKUNTZA INKLUSIOAREN IKUSPEGITIK EMATEN DELA BERMATZEA, UNIBERTSITATE AURREKO IKASLEEK UNIBERTSITATE IKASKETAK AUKERA ERREAL GISA IKUS DITZATEN ETA BEREN EGOERARA EGOKITUTAKO ERABAKIAK HAR DITZATEN

1.1.- Unibertsitatera sartzeko bideak, ikasketen eskaintza eta UPV/EHUn inklusioa babesteko neurriak eta baliabideak ezagutzera ematea.

Ekintzak:

1.1.1. UPV/EHUren babes neurriei eta baliabideei buruzko informazio sistema komunak sortzea (standak azoketan, informazio liburuxka, webgunea, etab.), unibertsitate aurreko orientazio ekintzetan ikasleen aniztasunari erantzuteko.

1.1.2. Plan honen xede diren kolektiboei lotutako gizarte eragileak (erakundeak, elkarteak, etab.) identifikatzea eta haiekin harremanetan jartzea.

1.1.3. Ahultasun egoeran egon daitezkeen ikasleei laguntzeko zerbitzu espezifikoak aurkeztea UPV/EHUk unibertsitate aurreko  hezkuntza eragileekin antolatutako jardunaldi eta topaketetan.

1.1.4. UPV/EHUko gradu ikasketen eskaintzari. sartzeko bideei  eta inklusioari laguntzeko neurri eta baliabideei buruzko jardunaldiak eta/edo topaketak antolatzea gizarte eragileekin.

1.2.- Erabakiak hartzeko erraztasunak ematea, ikasleak beren aukerez kontzientziatuta.

Ekintzak:

1.2.1. Esperientzien trukea bultzatzea, ahultasun egoeran dauden unibertsitate ikasle eta/edo egresatuen eta ahultasun egoera berean dauden unibertsitate aurreko ikasleen artean.

1.2.2. ITZALA programa diseinatzea eta ezartzea. Programa horren bidez, unibertsitateko ikasleek ahultasun egoeran dauden unibertsitate aurreko ikasleei laguntzen diete denbora batez, unibertsitateko errealitatera hurbiltzeko.

 

II. ARDATZA

AUKERA BERDINTASUNA BERMATZEA, UNIBERTSITATE IKASKETEN SARRERAN

2.1.- Unibertsitatera sartzeko probak egiteko aukera bermatzea ikasle guztiei.

Ekintzak:

2.1.1. Aniztasuna aintzat hartuko duen unibertsitate sarrera baterako prozedura partekatu bat diseinatzea, non inplikatutako zerbitzu guztiek parte hartuko duten.

2.1.2. UPV/EHUtik kanpoko erakundeekiko koordinazioa indartzea, unibertsitatera sartzeko tramiteak ikasleen egoera espezifikoaren arabera egiteko.

2.1.3. Teknologia berriek sartzeko probak egokitzeko eskaintzen dituzten aukerak aztertzea, ikasleen behar espezifikoen arabera.

2.1.4. Unibertsitatera sartzeko ebaluazioan parte hartzen duten irakasleei probekiko egokitzapena aplikatzeari buruzko informazioa ematea.

2.2.- Unibertsitatera sartzeko administrazio tramiteak erraztea.

Ekintzak:

2.2.1. Gidari eta aholkulari lana egitea, unibertsitatean sartzeko eta matrikulatzeko eta laguntza ekonomikoak eta materialak eskatzeko tramite administratiboak arrakastaz egin daitezen.

2.3.- Aniztasuna aintzat hartuko duten harrera prozesuak egitea, ikasleei unibertsitatean kokatzen lagunduko dietenak.

Ekintzak:

2.3.1. Aniztasunari erantzuteko jardunbide egokien gida egitea, UPV/EHUko zerbitzuetan diharduten langileentzat, lau etapetarako (barne direktorioa izango duena).

2.3.2. Ikasleei harrera egitea eta UPV/EHUren babes zerbitzuei buruzko informazioa ematea.

 

III. ARDATZA

UNIBERTSITATE BIZITZA INKLUSIOAREN IKUSPEGITIK GARATZEN ERRAZTEA

3.1- Ahultasun egoeran dauden pertsonei unibertsitate ikasketak egiteko erraztasunak ematea.

Ekintzak:

3.1.1. Ezgaitasunak dituzten ikasleen arretarako programa indartzea, honako hauek bultzatuta: tutoretza espezifikoa, unibertsitate kolektibo guztientzako inklusioari buruzko prestakuntza eta unibertsitate ikastegiekiko koordinazioa.

3.1.2. ARRAKASTA programa hiru lurraldeetara zabaltzea, programan dauden ikasleen arreta protokolo batean zehaztea, baita babes neurrien kudeaketa ere.

3.1.3. Arreta Psikologikoko Zerbitzuaren eta inklusioa lantzen duten gainerako programen arteko lankidetza eraginkorki egituratzea.

3.1.4. Errefuxiatuen eta asilo eskatzaileen arretarako programa indartzea, hizkuntzen prestakuntza eskaintza eta harrera erakundeekiko koordinazioa hobetuta, Gipuzkoa eta Arabako campusetan bereziki.

3.1.5. Ezustean sortutako arazo ekonomikoak dituzten ikasleentzako laguntza programa mantentzea, ikasten jarrai dezaten.

3.1.6. Presondegietan diren pertsonen arretarako programa mantentzea, eta haren tutoretza sistema hobetzea.

3.1.7. Genero identitate arazoak dituzten ikasleen arretarako aukerak aztertzea.

3.2.- Ikasleen parte hartze aktiboa bultzatzea unibertsitate bizitzan, eta UPV/EHUko kide izatearen sentimendua indartzea.

Ekintzak:

3.2.1. Ahultasun egoeran dauden ikasleentzako laguntza eta haien parte hartzea bultzatuko duten boluntarioen sareen eta autokudeatutako boluntarioen proiektuen sorrera bultzatzea.

3.2.2. Gizarte boluntariotzako jardueretan parte hartzea bultzatzen duten zerbitzuen eta unitateen arteko lankidetza estutzea.

3.2.3. Ikasleen interesei lotuta dauden eta aukera berdintasunez parte hartzeko aukera ematen duten jarduerak bultzatzea.

3.3.- Kultura inklusiboa UPV/EHUko unibertsitateko kideen artean zabaltzea, eta gizartearen sentsibilizazioan laguntzea.

Ekintzak:

3.3.1. Sentsibilizatzeko eta ikusgarritasuna emateko ekintzak bultzatzea, zeharkako ikuspegi integratzaile batez eta Garapen Jasangarrirako 2030eko agendaren helburuekin bat etorrita.

3.3.2. Irakasle-ikertzaileei, AZPko langileei eta ikasleei gizarteratzeari buruzko prestakuntza ematea, aukera berdintasuna bermatzeko.

3.4.- Ikasleen enplegagarritasunaren alde egitea

Ekintzak:

3.4.1. Ahultasun egoeran dauden ikasleen parte hartzea areagotzea ekintzailetza programetan, hala nola Entreprenari ZITEK-ABIATU, EHU-Inizia, Etorkizulan IKD-GAZtE.

3.4.2. Curriculumetik kanpoko praktika espezifikoak egin ahal izateko, ezgaitasunak dituzten ikasleentzat eskainitako plaza kopurua areagotzea.

3.4.3. Ahultasun egoeran dauden kolektiboekin lanean diharduten erakunde eta enpresen presentzia ziurtatzea enplegu foroetan .

 

IV. ARDATZA

BIZITZA AKTIBORAKO IGAROBIDEA ERRAZTEA

4.1.-Unibertsitate ikasketak amaitu ondorengo erabakiak hartzeko erraztasunak ematea.

Ekintzak:

4.1.1. Enplegu guneetako eta ekintzailetza zerbitzuetako langileei eta unibertsitate ikastegietan enplegu arloa lantzen duten pertsonei inklusioari buruzko prestakuntza espezifikoa ematea.

4.1.2. Ahultasun egoeran dauden ikasleenganako hurbilketa proaktiboa bultzatzea, enplegagarritasuna sustatzen duten zerbitzuetatik (enplegu guneak, ekintzailetza zerbitzuak, etab.).

4.1.3. Enplegu guneek lanpostu inklusiboen eskaintza eraginkortasunez kudeatzeko bideak aztertzea.

4.1.4. Gidaritza programak sustatzea, EHUalumni sarearen bidez.

4.1.5. EHUalumni sareko kideen eta ikasle egresatu berrien arteko topaketak antolatzea, era askotako bizi esperientziak partekatzeko.

4.2.- Hedabideetan presentzia eta sareko lana indartzea, ikasle egresatuen gizarteratzea errazteko.

Ekintzak:

4.2.1. Komunikazio estrategia bat diseinatzea, gizartean kolektibo hauetako egresatuen balioa ezagutzera emateko.

4.2.2. EHUalumni sarean kolektibo horien inklusioa bultzatzea.

 

ADIERAZLEAK

  • Urtean erroldatu eta artatutako ikasleen kopurua, kolektiboka bereizita (baliabide ekonomikorik gabeko, ikasleak; familia babesgabetasuna; ezgaitasunetik edo antzeko beste inguruabar pertsonal batzuetatik eratorritako egoerak; asiloa eta babesa eskatu duten pertsonen egoera; laguntza psikologikoa eskatzen duten egoera pertsonalak; sexu eta genero identitateari lotutako egoera pertsonalak).
  • Lehen adierazlean zerrendatutako kolektiboekin lan egiten duten zerbitzuek irakasle-ikertzaile, AZPko langile eta ikasleentzako inklusioari buruz kudeatutako prestakuntza eta sentsibilizazio ekintzen kopurua.
  • Lehen adierazlean zerrendatutako kolektiboekin lan egiten duten zerbitzuek irakasle-ikertzaile, AZPko langile eta ikasleentzako inklusioari buruz kudeatutako prestakuntza eta sentsibilizazio ikastaroetan izandako parte hartzaileen kopurua.
  • Lehen adierazlean aipatutako ikasleei curriculumetik kanpoko praktika espezifikoak egiteko eskainitako plaza kopurua.
  • Inklusioa lantzeko, gizarte erakundeekin sinatutako hitzarmen kopurua.
  • Hedabideetan izandako agerraldi kopurua.
  • UPV/EHUn inklusiori eskainitako zerbitzu/laguntzei buruz hezkuntza foroetan (kongresuak, jardunaldiak…) egindako aurkezpen kopurua.
  • Ahultasun egoeran dauden kolektiboetako ikasleei laguntzeko irakasle-ikertzaile tutoreen kopurua.
  • Lehen adierazlean zerrendatutako kolektiboetatik erroldatu eta artatutako ikasle egresatuen kopurua.
  • UPV/EHUk inklusioari eskainitako zerbitzu/laguntzei buruz egindako argitalpen propioen (gidak, protokoloak, etab.) kopurua.
  • UPV/EHUn inklusioari lotuta dauden boluntarioen programetan parte hartzen duten ikasleen kopurua.

 

EGITEKO PROZEDURA ETA ONARTZEKO EGUTEGIA

2018ko apirila

III. Inklusio Planaren proposamena egiteko batzordea eratu zuten honako pertsona hauek:

  • Idoia Fernández Fernández.
    Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea.
  • Txelo Ruiz Vázquez.
    Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea.
  • Montserrat Maritxalar Anglada.
    Ikasleen arloko zuzendaria.
  • Estíbaliz Sáez de Cámara Oleaga.
    Jasangarritasunaren arloko zuzendaria.
  • Patricia Insua Cerretani.
    Arreta Psikologikorako Zerbitzuko zuzendaria.
  • Estíbaliz Martínez Villabeitia.
    Garapenerako Lankidetza Bulegoko teknikaria.
  • Paloma Sanchez Valdivielso.
    Jasangarritasun teknikaria.
  • Ane Amondarain Rodriguez.
    Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko teknikari arduraduna.
  • Kepa González Antona.
    Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko orientazioko teknikaria.
  • Mamen López Lizarralde.
    Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko orientazioko teknikaria .
  • Jon Torres Irastorza.
    Ikasleentzako Argibide Zerbitzuko teknikaria.
  • Lourdes Gastón Garcia.
    Presondegietako Ikasleen Harrerako Zerbitzuko orientazioko teknikaria.
  • Itsaso Izagirre Narbaiza.
    Ikasleei matrikula ordaintzeko laguntza itzulgarriak Laguntzen Zerbitzuko orientazioko teknikaria.
  • Nerea Aranguren Blanco.
    EHUalumni Sareko teknikaria.
  • Ana Mª Sánchez Alías.
    Arreta Psikologikorako Zerbitzuko psikologo klinikoa.
  • María Consuelo González Vega.
    Arreta Psikologikorako Zerbitzuko psikologo klinikoa.
  • Deñe Larrabeiti Mendikute.
    Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordearen idazkaria.

2018ko apiril-iraila

Planari ekarpenak egiteko 8 osoko bilkura egin ziren, eta batzordearen barruan sortutako lan taldeek bilera ugari egin zituzten.

2018ko irail-urria

III. Planaren Zirriborroa idatzi zen.

2018ko urria

III. Inklusio Plana aurkeztu zen Errektore Taldean, eta ekarpenak jaso ziren.

2018ko azaroa

III. Inklusio Plana aurkeztu zitzaien ikastegietako zuzendaritza taldeei.

2019ko urtarrila

Ikastegietako zuzendaritza taldeen ekarpenak jaso ziren.

2019ko apirilaren 11a

III. Inklusio Plana onartu Gobernu Kontseiluan.