ERABAKIA, 2024ko otsailaren 14koa, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordearena, i³ GAZtE Programako bekak arautu eta deialdia egiteko, beken helburua izanik Gradu Amaierako Lana/Master Amaierako Lana IKD hezkuntza ereduan oinarritua egitea kanpoko erakunde batekin lankidetzan (2023ko deialdia).
OINARRIAK
- I. Xedapen orokorrak
- 1. Xedea
- 2. Proposatutako bekak, edukia eta iraupena
- II. Bekaren onuradunak hautatzeko prozesua
- 3. Hautagaien betebeharrak
- 4. Eskaerak egiteko prozedura
- 5. Bekak esleitzeko prozesua
- 6. Hautaketa Batzordea
- 7. Baloraziorako irizpideak
- 8. Erabakia
- III. Bekei buruzko beste gai batzuk
- 9. Informazio osagarria ematea, berariazko informazio bilera, beka onartzeko agiria sinatzea eta beka hasteko beharrezko agiriak ematea.
- 10. Laguntzak ordaintzea
- 11. Bekaren onuradunaren betebeharrak
- 12. Kontrola eta jarraipena
- 13. Bekaren onuradun izateari uztea
- IV. Azken xedapenak
- 14. Argitara ematea
- 15. Araubide juridikoa
- 16. Berariazko erabakirik eza
- 17. Errekurtsoak
I. Xedapen orokorrak
1. Xedea
1.1. Erabaki honen xedea da i3 GAZtE Programaren (aurrerantzean, Programa) 2024ko oinarriak arautzea eta deialdia egitea, ikaskuntza ikerketarekin eta iraunkortasunarekin biderkatzean datzan programa, hain zuzen. Progama honek jarraipen ematen dio IKD GAZtE programari, IKD (Ikaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa) hezkuntza eredua sustatzen duena, bai eta irakaskuntza berrikuntzako esparru berrian Garapen Jasangarrirako Helburuak oinarri hartuta, elkarlanean egindako Gradu Amaierako Lanak (GRALa) edota Master Amaierako Lanak (MALa) bultzatu nahi dira. Hori guztia, UPV/EHUko ikasleen jarrera ekintzailea sustatuz, gizartearen eta unibertsitatearen arteko topagunea sortuz eta zeharkako gaitasunak garatuz.
1.2. Programak 25 beka izango ditu, eta UPV/EHUko 3 Campusetako ikasleen artean esleituko dira, kanpoko erakundeekin lankidetzan egiten ari diren eta 2023/24 ikasturtean defendatuko diren GRALak eta MALak prestatzeko eta garatzeko.
1.3. Programa honetako bekak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzatzat hartuko dira, publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioen arabera emango dira, eta lehiaketa prozedura banaren bidez esleituko dira eskatzaileen artean; horrela, Erabaki honetan jasotako balorazio irizpideak eta hautaketa prozesuak kontuan hartuta, puntuaziorik handiena lortzen duten hautagaiei soilik emango zaizkie, proposatutako beka kopurua bete arte.
1.4. Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak finantzatuko du deialdia, beti ere, kreditu nahikoa eta egokia badago.
2. Proposatutako bekak, edukia eta iraupena
2.1. i³ GAZtE Programaren 2024ko deialdian, gehienez 25 beka eman ahal izango dira. Modu proportzionalean banatuta egongo dira hiru Campusetan, Campus bakoitzeko UPV/EHUko ikasle kopuruaren arabera: Bizkaiko Campusean ikasleen % 50 (13 beka); Gipuzkoako Campusean, % 30 (7 beka); eta Arabakoan, % 20 (5 beka). Campus batean beka guztiak banatu ezean, beka horiek beste batera aldatu ahal izango dira, jasotako eskaeren eta deialdiaren balorazio irizpideen arabera.
2.2. Diru kopurua: 1.000 € ordainduko dira beka bakoitzeko: % 40 Programaren lehen bileran, konpromiso adierazpena sinatu eta entregatu ostean (I. eranskinean jasotako agiria), eta gainerako % 60 GRALa edo MALa defendatu ondoren.
Bestalde, beste 1.000 €-ra arteko diru poltsa gehigarria esleitu ahal izango da bekadun bakoitzeko, diruz lagundu daitezkeen jardueretarako: prototipoen diseinutik edo kongresu edo atzerriko egonaldietan parte hartzeagatik eratorriko gastuetarako.
2.3. Prestakuntza: hilero, prestakuntza saioak ospatuko dira Campus bakoitzean 2024ko martxoa eta ekaina bitartean, GRALa edo MALa ondo defendatzeko beharrezkoak diren zeharkako gaitasunak garatzeko, besteak-beste.
2.4. Beken esleipendunek Programako orientazioko teknikari baten laguntza izango dute. Gainera, pertsona hori bekaren onuradun bakoitzaren aprobetxamendu maila gainbegiratzeaz arduratuko da, baita aurreikusitako jarduerak eta Programan aurreikusitako helburuak kudeatzeaz ere.
II. Bekaren onuradunak hautatzeko prozesua
3. Hautagaien betebeharrak
Hautagaiek honako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskaera egiterakoan:
- 2023/24 ikasturtean, UPV/EHUko edozein gradutako azken ikasturtean edo UPV/EHUko Master Ofizialetako batean matrikulatuta egotea.
- Eskaera egiteko unean GRAL edo MAL batean lanean aritzea edo lanean hastea hitzartua edukitzea kanpoko erakunde batekin lankidetzan, hala nola enpresa pribatu edo publikoekin, elkarteekin, Administrazio Publikoarekin edo izaera bera izan dezaketen beste eragileekin. (II. eranskina bete behar da).
- Indarrean dagoen matrikulari dagokion zikloan i3 GAZtE programan parte hartu ez izana.
- Denbora libre nahikoa izatea, alde batetik, bekako jardueretan parte hartu ahal izateko eta, bestetik, Programara aurkeztutako GRALa edota MALean aktiboki lan egiteko.
- GRAL edo MAL proiektuaren ekarpenik garrantzitsuenak amaierako ekitaldi publiko batean azaltzeko konpromisoa betetzea.
- Oro har, Europar Batasuneko kide den estatu bateko herritarrak izan beharko dute bekaren eskatzaileek, bai eta atxikitzen diren herrialdeetakoak, izangai diren herrialdeetakoak eta izangai potentzialetakoak (Ipar Mazedoniako Errepublika, Turkiako Errepublika eta Serbiako Errepublika) edo Europako Merkataritza Libreko Elkarteko (EFTA) kideak ere, aldi berean Europako Esparru Ekonomikoko (EEE) kide direnak, hau da: Liechtenstein, Islandia eta Norvegia. Espainiak ofizialki errefuxiatu, aberrigabe edo biztanle iraunkor aitortutako pertsonek ere parte hartu ahal izango dute deialdi honetan.
- Parte hartu ahal izango dute, halaber, Programan parte hartzen duen herrialde bateko nazionalitatea izan gabe, beste herrialde bateko nazionalitatea duten pertsonek, baldin eta bekaren aprobetxamendu aldian Espainian bizitzeko egoitza baimen balioduna badute.
- Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
4. Eskaerak egiteko prozedura
4.1. Eskaerak aurkezteko epea: 2024ko otsailaren 14tik martxoaren 1era (biak barne) izango da.
4.2. Programan parte hartu nahi duten pertsonek, oinarri hauetako 3. puntuan adierazitako baldintzak betetzen badituzte, eskaera orria bete eta izena eman beharko dute. Inprimaki hori web-helbide honetan eskura daiteke: https://www.ehu.eus/eu/web/ikdgazte/
4.3. Bekaren eskatzaileek, eskaera orrian, kanpoko erakunde batekin lankidetzan egiten ari diren edo egingo duten GRALerako edo MALerako aukeratutako gaiaren laburpena egin beharko dute, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez. Lankidetza horren garrantzia ere idatziz arrazoitu beharko da, lankidetzaren arrazoia justifikatuz eta proiektu horrek entitateari edo gizarteari egin diezaiokeen ekarpena argudiatuz.
4.4. Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:
- NANaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.
- GRAL edo MALaren tutoreak sinatutako jarraipen fitxa. (II. eranskina).
- Eskatzailearen Curriculum Vitae-a.
- GRAL edo MAL-a egiteko lankidetzan ari den enpresa/elkarte/administrazio publikoaren hitzarmena edo/eta kontratua.
4.5. Eskabidea bete ondoren, eskatzaileak gauzatutako eskaera horren egiaztagiria jasoko du jakinarazpenetarako adierazitako posta elektronikoan. Mezu hori jasotakoan, egiaztagiria inprimatu eta Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeari bidali beharko zaio. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16. artikuluan adierazitakoaren arabera, egiaztagiri hori ezarritako epearen barruan aurkeztu beharko da, ahal den guztietan UPV/EHUko erregistro elektronikoaren bitartez: https://egoitza.ehu.eus/eu/registro-electronico “Jasotzailea” atalean “Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetza” aukeratu beharko da.
Horretarako, identifikazio elektronikoko sistema hauetakoren bat erabili beharko da:
a) Izenperen Erabiltzailearen Ziurtagiri Digitala
b) UPV/EHUko txartela (Izenpe)
c) NAN elektronikoa
d) Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalak emandako ziurtagiriak (FNMTCERES).
Beste era hauetako batean ere aurkeztu ahal izango da:
a) sektore publikoko edozein erakunderen gainerako erregistro elektronikoetan.
b) UPV/EHUko edo sektore publikoko beste edozein erakundetako erregistro gaietan laguntzeko bulegoetan bertaratuta, funtzionario publiko gaitu baten bitartez.
c) posta bulegoetan.
d) Espainiak atzerrian dituen diplomaziako ordezkaritzetan edo kontsuletxeetako bulegoetan.
4.6. Bide telematikoz bidalitako eskabideak, aurreko paragrafoan adierazitako prozeduraren bidez erregistratu ez badira, aurkeztu gabekotzat joko dira, eta Programatik kanpo geratuko dira.
4.7. Eskabidea egiteko eredua (I. eranskina) eskuragarri dago honako web orrialdean: https://www.ehu.eus/eu/web/ikdgazte/
Erregistro gaietan laguntzeko UPV/EHUren bulegoetan aurrez aurre aurkezten diren agiriak digitalizatu egingo dira administrazio espediente elektronikoan sartzeko, eta jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, interesduna funtzionarioaren aurrean identifikatu eta horrela jarduteko adostasun espresua adierazi ondoren, bat etorrita UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko Erabakian adierazitakoarekin. Erabaki horrek onartu egiten ditu gai hauei buruzko jarraibideak: erregistro gaietan laguntzeko bulegoak; eskaerak, idatziak edo bestelako komunikazioak funtzionario publiko gaituaren bidez aurkeztea UPV/EHUn; eta funtzionario publiko gaituen erregistroa.
5. Bekak esleitzeko prozesua
5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da UPV/EHUko Praktika eta Enpleguaren atarian, UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordearen erabaki baten bidez. Halaber, hala badagokio, zerrendan adieraziko da nori falta zaizkion derrigorrez aurkeztu beharreko agiriak eta zer agiri falta zaizkion. Horrelakoetan, izangaiak 10 egun balioduneko epea izango du agiriok aurkezteko, eta horrela egin ezean, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
5.2. Baztertzeko arrazoiak honakoak izango dira: a) eskabideak deialdi honetan ezarritako epetik kanpo aurkeztea; eta b) Erabaki honetan adierazitako baldintzak ez betetzea.
5.3. Behin-behineko zerrendari erreklamazioak egiteko epea amaituta, aurreko atalean adierazitako tokian, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordearen erabakiaren bidez, hautaketa-prozesuan parte hartuko duten hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.
5.4. Erabaki horren kontra aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu daiteke, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeari zuzendua, hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, dagokion jurisdikzio horretako epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean.
6. Hautaketa Batzordea
6.1. Hautaketa Batzordeak osakide hauek izango ditu:
- Batzordeburua: UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea edo hark izendatutako pertsona bat.
- Idazkaria: UPV/EHUko Praktiken, Formakuntza Dualaren eta Enplegagarritasunaren arloko Zuzendaria.
- Batzordekidea: i3 GAZtE Programako orientazio teknikaria.
6.2. Hautaketa Batzordeak bozketa bidez hartuko ditu erabakiak. Oinarri hauetan zehaztu gabe dagoen guztirako, 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, zehaztutakoari jarraituko zaio.
6.3 Hautaketa Batzordeak iritzia eskatu ahal izango die batzordekoak ez diren kanpoko profesional, ikertzaile edo espezialistei.
7. Baloraziorako irizpideak
Hautaketa-Batzordeak balorazio irizpide hauek hartuko ditu kontuan:
- Lanaren kalitatea eta horren barruan: helburuak behar bezala definituta izatea, datuak zorroztasunez erabiltzea, lana zehaztasunez proposatzea eta azalpena argia izatea: %30.
- Lanaren garrantzia eta originaltasuna, eta honen barruan: gaiaren, ikuspegiaren edo arloaren berritasuna; interesa; ikerketaren etikari dagozkion praktika onak erabiltzea; eta lotura izatea euskal gizartearekin: %30.
- Lanak erakunde laguntzailearengan, unibertsitateko komunitatearengan eta, oro har, gizartearengan daukan inpaktu soziala eta irismena, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta EHUagenda 2030ean berariaz ezarritakoekin bat: %30.
- Espediente akademikoko batez besteko nota: (Master Ofizialen kasuan, horietara sartzeko ikasi izandako graduaren nota hartuko da kontuan): %10.
8. Erabakia
8.1. Beka eman edo ukatzeko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak emango duen Erabakia jarraian datorren helbidean argitaratzen den egunean sartuko da indarrean, eta egun horretatik aurrera izango da betearazlea: https://www.ehu.eus/eu/web/ikdgazte/.
Errekurtsoak jartzeko epea kontatze aldera, argitalpen elektronikoaren data hartuko da kontuan.
8.2. Bekak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bekak emateko erabakia aldatu ahal izango da, betiere ebazpen honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
III. Bekei buruzko beste gai batzuk
9. Informazio osagarria ematea, berariazko informazio bilera, beka onartzeko agiria sinatzea eta beka hasteko beharrezko agiriak ematea.
9.1. Esleipendunen behin betiko zerrenda argitaratuta, informazio pertsonal osagarria eskatuko zaie onuradunei beka hitzarmena prestatzeko.
9.2. Halaber, informazio hori ematean, beka onartzeko agiri bat sinatzea eskatuko zaie. Beka onartzea (ikus II. eranskineko eredua) ezinbesteko baldintza da beka gauzatzeko. Erabaki honetan adierazitako moduan onartzen ez bada, erreserbista zerrendan lehenengo agertzen den pertsonari esleituko zaio beka.
9.3. UPV/EHUko campus bakoitzean bilera bat egingo da esleipendunekin programari buruzko informazio zehatza emateko.
10. Laguntzak ordaintzea
10.1. Oro har, laguntzak banku transferentzia bidez ordainduko dira kontu korrontera, eta laguntzen onuraduna izan behar da nahitaez kontu horren titularra edo titularkidea. Kontu zenbakia onuradunak berak eman beharko du, eta erabilgarri egon beharko da bekak irauten duen aldi osoan.
10.2. Beka bi zatitan ordainduko da: bata, % 40a, programa aurkezteko bilerara joan ondoren (gorago aipatua), eta, bestea, % 60a, defentsa egitean, baina, betiere, prestakuntza programa amaitu ondoren eta titulua eskatu izanagatik espediente akademikoa itxi baino lehen. Behin espedientea itxita, ezin izango da ordainketarik egin; beraz, bekaren zenbateko osoa kobratu arte itxaron beharko da titulua eskatu eta espedientea ixteko.
11. Bekaren onuradunaren betebeharrak
Bekaren onuradunaren betebeharrak dira:
- Bekaren aldian eskatzen zaizkion agiri guztiak (laburpenak, lan gidatuak eta abar) aurkezteko epeak zorrotz betetzea. Epeak bete ezean, bekatik kanpo geratuko da.
- Beka onartzea Erabaki honen II. eranskinean (Konpromiso adierazpena) jasotako ereduaren arabera, erakundeak horretarako adierazitako epean.
- Beka jasotzeko bateraezintasunik ez duela dioen zinpeko aitorpena sinatzea, Erabaki honen III. eranskinean xedatutakoarekin bat.
- Ezarritako epean eta bekaren izaeraren arabera, arduraz aritzea eman zaizkion prestakuntza jardueretan..
- GRALa edo MALa 2023/24 ikasturtean jartzea gordailuan eta dagokion defentsa egitea.
- Beka deialdi honetan egindako eta onar daitezkeen gastuen egiaztagiriak aurkeztea.
- Programaren barruan egiten diren ekintza guztietan parte hartzea (aurkezpen bilera, ebaluazio bilera formal eta informalak, coaching-saioak, etab.).
- Programaren antolatzaileek eskatutako informazio guztia ematea, arreta berezia jarriz bekak irauten duen bitartean eta ondoren beka ebaluatzeko ekimenei.
- Beka emateko kontuan hartu den edo bekaren garapenari eragiten dion edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea programaren antolatzaileei.
- Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako jasotako dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabideen berri ematea programaren antolatzaileei.
- Bekak irauten duen bitartean egindako txostenak programaren antolatzaileek argitara eman ditzaketela onartzea.
- Programaren arduradunek emandako jarraibideak betetzea.
- Behar ez bezala jasotako zenbatekoak itzultzea, bai eta gastua behar bezala justifikatu ez den kasuetan ere.
- Programako lankideekiko eta gainerako partaideekiko errespetuzko eta erantzukizuneko jarrera izatea.
12. Kontrola eta jarraipena
Programaren antolatzaileek egingo dute beken onuradunek garatu beharreko jardueren kontrola eta jarraipena. Erakundeak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu beken garapenari dagokionez.
13. Bekaren onuradun izateari uztea
13.1. Bekaren onuradun izateari utziko zaio bekaren indarraldia bukatzen denean, bai eta beste arrazoi hauengatik ere:
- Berariaz edo isilbidez uko egitea. Aurreikusita dago ikaslea zigortzea, baldin eta beka lortu ondoren behar bezala justifikatutako arrazoirik gabe bekari uko egiten badio, beste hautagairen bat bekaren onuradun izatea eragozten duen data baten ondoren.
- Betebeharrak ez betetzeagatik edo horiek emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzeagatik beka bertan behera uztea.
- Bat-bateko bateraezintasun edo ezinbesteko arrazoiengatik.
13.2. Bekadun izateari utziz gero beka aldia amaitu aurretik, bekadunak kobratutako eskubide ekonomiko guztiak itzuli beharko ditu. Itzuli beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, betetzear geratzen den beka-aldia hartuko da kontuan.
13.3. Beka ematea eragin zuten baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko zaizkio UPV/EHUri, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera; izan ere, dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeri buruzko araubide orokorra arautzen da.
13.4. Bekadun izaera bertan behera uzteko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak emandako erabakian jasota agertuko da egokia den edo ez ordezkoa izendatzea bekaren aldia bukatzeko geratzen diren hilabeteetan bekaren oinarrietan zehaztutako jarduerak betetzeko. Horretarako, kontuan izango da zenbat denbora geratzen den bekaren aldia bukatzeko eta beste gorabehera batzuk.
Ordezkoa izendatu behar baldin bada, Hautaketa Batzordeari dagokio ordezkoa proposatzea, deialdi honen 7. puntuan aipatutako irizpideei jarraituz.
IV. Azken xedapenak
14. Argitara ematea
14.1. Erabaki hau 4. oinarrian zehaztutakoa kontuan hartuta argitaratuko da.
14.2. Deialdi honetako gainontzeko erabaki eta egintzak helbide honetan argitaratuko dira https://www.ehu.eus/eu/web/ikdgazte/
Gune horretan bertan egongo da eskuragarri Programari buruzko informazio zabalagoa.
14.3. Erabaki honetan adierazitako epeak, eskabideak aurkezteko azken eguna salbu, gutxi gorabeherakoak dira, eta Programaren antolatzaileek hurrengo helbide honetan zehaztuko dituzte eta argitara eman: http://www.ehu.eus/eu/web/ikdgazte
14.4. Programari buruzko informazio gehiago eskuratzeko telefonoa honakoa da: 943 01 84 22, eta web orrialdea: http://www.ehu.eus/eu/web/ikdgazte
15. Araubide juridikoa
Programa honek arau hauek izango ditu oinarri: (1) erabaki honen oinarriak; (2) azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; bereziki, VI. titulua, "Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Laguntzen eta Dirulaguntzen Araubidea" izenekoa; (3) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra, indarrean dagoena; eta (4) aplikatzekoa den gainerako araudia.
16. Berariazko erabakirik eza
Baldin eta erabaki hau argitaratzen denetik sei hilabetera ez bada beken esleipenari buruzko inolako erabakirik argitaratu iragarki oholetan, interesdunek ezetsitzat jo dezakete beren eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorrita.
17. Errekurtsoak
17.1. Erabaki honen kontra eta bekak esleitzeko behin betiko erabakiaren kontra, nahi izanez gero, berraztertze errekurtsoa aurkez dakioke Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeari.
Horretarako epea hilabetekoa izango da, erabakia argitaratzen denetik kontatzen hasita.
Hori guztia urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, zehaztutakoarekin bat etorrita. Berariazko erabakirik eman ezean, errekurtsoa ezetsi egin dela ulertu beharko da.
17.2. Hala ere, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke administrazio auzietarako Bilboko epaitegietan bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratzen denetik kontatzen hasita.
Berraztertze errekurtsoa jarriz gero, ezin izango da administrazioarekiko auzi errekurtsorik jarri berraztertze errekurtsoaren erabaki espresua eman edo presuntziozko ezespena gertatu arte.