lineas_investigacion2

Ikerketa-ildoak

Garapen instituzionala

Europako Unibertsitate Eremua orokortu zenetik, fakultateak eta unibertsitate eskolak funtsezko piezak dira titulu berrien garapen eta egiaztapenerako, eta, modu zabalago batean, unibertsitateko hezkuntza aldaketaren bideratzaile eta eragile bilakatu dira (Fullan, 2002; Gibbs, 2004 eta 2009; Roxå, T. & Mårtensson, K. 2011). Aldaketa konplexua da, bere baitan biltzen dituena unibertsitatearen ikuspegia eta politika, lidergo instituzionala, irakaskuntza-ikaskuntzako jardunbideak eta, azkenik, baita unibertsitate kultura bera ere. Baina nola egin daiteke aurrera ikasteko eta ezagutza kudeatzeko modu eraginkorragoetarantz? Ikerketa zientifikoak zenbait erantzun ematen ditu: a) forma emanda lidergo banatuari eta baita horizontaltasuna eta bertikaltasuna nahasten dituzten konfigurazio hibridoei ere; b) praktikarako profesional taldeak antzemanda, beren zeregin profesionalari buruz gogoeta egiten dutenak eta barne zein kanpo sareak eratzen dituztenak, eta talde horiek ikaskuntza informaleko eta ikasteko modu berrietako kapital gisa sustatuta erakundearen barruan, eta c) aintzat hartuta unibertsitatea osotasun bat dela eta haren mugimenduak eragina izan behar duela ezagutzan, ikaskuntzan eta beste eragile nahiz agentzia batzuekiko trukean.

Ildo horretan, ikertu beharreko hainbat galdera sortzen dira: garapen instituzionaleko zer estrategiak lagun diezaiekete buru akademikoei ikaskuntzara bideratutako curriculum bat garatzen? Zer aldagaik bultzatzen dute hezkuntza erakunde bat bere ohiko mugetatik haratago ikastera? Zer ondorio dituzte aldaketa horiek unibertsitate erakundeen ikaskuntza sozialean?