Aurkezpena
EUDIA diziplina anitzeko taldea da, bertan hizkuntzaren ikerkuntzan eta irakaskuntzan adituak diren sail bitako kideek parte hartzen dute: Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikakoak eta Euskal Hizkuntza eta Komunikaziokoak. Unibertsitate eremuan eta nazioarte mailan ibilbide zientifiko oparoa duten, Xarles Videgain, Iñaki Gaminde eta Gotzon Aurrekoetxea doktoreek ere taldean lan egiten dihardute.
Ikerketa-taldea euskararen bariazioa ikertzeko sortu zen Gasteizko Letren Fakultatean Gotzon Aurrekoetxearen eskutik, hastapen haietan helburu nagusiak ziren euskararen aldaketa edo bariazioa ikertzea, bariazio hori sortzen duten faktoreak, sozialak zein bestelakoak zein diren zehaztea eta bariazioa ikertzeko tresnen sortzelanak aurkitzea. Beraz, bariazio geolinguistiko edo diatopikoa, zein soziolinguistikoa edo diastratikoa edo bariazio diafasikoa ikertzen zituen. Sasoi hartan, “Euskararen atlas sozio-geolinguistikoa (EAS)”. UPV-EHUk onartutako proiektu (UPV 05/72) honen bidez 2005-2007 bitartean 201 galderatako galdesorta bat erabiliz Hego Euskal Herriko 75 herritako datuak bildu ziren, herri bakoitzean bi belaunaldi desberdinetako lekukoen datuak jasoz. Ondoren, “Euskara Dialektalaren Ahokzo Corpusa (EDAK)” burutu zen, MECek onartutako HUM 2007/65094 proiektuaren barnean eta “Euskararen Atlas Prosodiko Interaktiboa (EAPI)”. Euskararen bariazioa izanik hasierako sasoietako helburua, bariazio hori ikertzeko tresna konputerizatuak erabiltzeko erabaki sendoa eta irmoa hartua zuen talde honek ildo honetan sortu ziren jada CorpusLem eta Diatech tresnak.
Handik gutxira, Prosodia Gaitasunaz hitz egiten hasi ginen hainbat argitalpenetan komunikazio gaitasunaren alde garrantzitsutzat hartzen baikenuen ahozko hizkuntzari dagokionez (Garay, et. al., 2011; Gaminde, et. al., 2012a, 2012b, 2013, 2014), ideia honetatik abiatuta etorri ziren hizkuntza etorkinekin egindako hainbat lan Euskal Herrian entzuten ditugun eta sarritan ezezagunak egiten zaizkigun hainbat hizkuntzetako emozioen ekoizpena eta pertzepzioa aztertzeko (Garay, et. al., 2011, 2012; Larrea, et. al., 2013; Gaminde, et. al., 2016), besteak beste ondoko hizkuntza hauetako hiztunak grabatu genituen Iturribideko Helduen Hezkuntza Ikastetxean, Crea-African eta beste hainbat herritan (Markinan, Arrigorriagan…): wolof, lingalera, aimara, kitxua, portugesa, galegoa, txinera, japoniera eta beste asko.
Ondoren, prosodiaren inguruko ikerketek, batez ere unibertsitateko ikasle gazteen ahozko produkzioetan oinarrituta egindakoek, bide ezberdinak hartu dituzte, bai ikergaiaren aldetik bai metodologia aldetik ere. Zenbait ikerketak elementu suprasegmentalak (erritmoa, mugatonuak, etenak, gailurrak) aztertzen dituzte ahoz gorako irakurketan (Garay, et. al., 2011; Gaminde, et. al., 2012; Gaminde, et. al., 2013a, 2013b; Gaminde, et. al., 2016, 2017), beste zenbaitek, prosodiaren osagaiak hizkuntz-bariazioaren ikuspuntutik (Gaminde, et. al., 2014, 2015). Prosodiaren azterketekin aurrera egiteko nahian, ikerketa bide berriak zabaldu dira, hain zuzen ere, ikusentzunezko prosodia eta aprosodiaren ezaugarriak zehaztea. Azkenik, gero eta garrantzi handiagoa du ahozko hizkuntzaren jabekuntzak. Honi buruzko emaitzak zenbait nazioarteko argitalpenetan ezagutarazi dira eta doktore tesi bat bideratzen ari daneuron.