Itunagune: Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Ituna Agiritegia

Bilbao-Sarriko-Ituna Aurkezpena eta Kontaktua

Aurkezpena eta Kontaktua

Nortzuk gara

Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegia 2007an sortu zen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) arteko lankidetza-hitzarmenaren ondorioz. Ituna Agiritegiaren helburua, Ekonomia Itunaren, Foru ogasunen eta, oro har, federalismo fiskaleko foru-sistemaren instituzionalizazio akademikoa eta ikerketa zientifikoa hedatzea eta sustatzea da.

Itunak bost lan-ildo nagusi garatzen ditu: datu-basea eta Ituna liburutegi digitala dokumentatzeko eta mantentzeko zerbitzua; Ituna Newsletter-a egin eta argitaratzea; ikerketa sustatu eta garatzea; foru sistema nazioarteko federalismo fiskalaren buruzko ikerketa-korronteen esparruan internazionalizatzea; Ekonomia Itunari eta Foru ogasunei buruzko ezagutzaren transferentzia eta hedapena. Ituna Agiritegiari eta lantaldeari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu: www.ehu.eus/ituna edo https://www.ituna.eus/eu/.

Itunak, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean (Leioa) du egoitza nagusia. Ekonomia Itunak duen zerga- eta finantza-izaera eta Ituna Agiritegiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailaren arteko zuzeneko lotura kontuan hartuta, 2021ean Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egoitza berri bat (Itunagune) sortzeko apustu estrategikoa gauzatu zen.

Joseba Agirreazkuenaga eta Eduardo J. Alonso irakasleak dira Ituna Agiritegiaren zuzendariak. Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Itunaguneko arduraduna Mikel Erkoreka irakaslea da, Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko kidea.

Itunagunearen helburuak

Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Itunagunearen helburuen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

Ekonomia Itunaren, Foru ogasunen eta federalismo fiskalaren arloko ikerkuntza bultzatu eta dinamizatzea UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Ildo horretan, Itunaguneak gidatu eta lagundu egiten ditu Gradu Amaierako edo Master Amaierako Lanak egiteko interesa duten ikasleak, doktoratu aurreko eta doktoratu ondorengoko ikertzaileak, bai eta Itunagunean eta Fakultatean egonaldiak egin nahi dituzten nazio mailako eta nazioarteko ikertzaileak ere.

Foru Ogasunen Laborategiaren (ForaLab) egoitza da Itunagunea: euskal kontuen ikerketa kuantitatiboa bultzatzeko eta errazteko, eta Foru ogasunen zerga eta aurrekontu estatistiken zabalkundea errazteko helburuarekin sortua.

Ekonomia Itunaren sistemaren historia, bilakaera eta funtzionamendua, eta, oro har, federalismo fiskal foral ereduaren hedapena eta zabalkundea bultzatzea UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikasleen, irakasleen eta ikertzaileen artean.

Ekonomia eta Enpresa Fakultateko sailekin eta irakaskuntza-komunitatearekin lankidetza-harreman berriak sortuz, Ituna Agiritegiaren transbertsalitatea handitzea.

Komunitate akademikoaren, erakunde publikoen eta, oro har, iritzi publikoaren aurrean, zerga eta finantza autogobernuaren arloan, Ituna Agiritegia erreferentziazko erakunde akademiko gisa kontsolidatzea.

Itunagunea eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatea erreferentziazko ikerketa zentro akademiko gisa kokatzea, federalismo fiskalari buruzko nazioarteko azterlan eta ikerketen esparruan.

Kokalekua eta kontaktua

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

Ekonomia eta Enpresa Fakultatea

Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegia

Itunagune Sarriko - BC9 gela (erreprografia-zerbitzuaren ondoan)

Lehendakari Agirre Etorb., 83. 48015, Bilbo

Web orria: www.ehu.eus/ituna edo https://www.ituna.eus/eu/

Emaila: ituna@ehu.eus edo mikel.erkoreka@ehu.eus