DOCTORADO-EVALUACION

Ebaluaketa

Batzorde akademikoak urtero ebaluatuko du doktoregaia, oinarri hartuta ikerketa plana eta jardueren dokumentua. Dokumentu horiek GAUR aplikazioaren bidez aurkeztu behar dira, gidetan azaltzen den moduan.

Ebaluazioa egingo da egutegi ofizialean zehaztutako datetan, eta Doktorego Eskolaren doktoregoa ebaluatzeko arautegiari jarraiki. Arautegi horretan azaltzen da nola jarri behar den erreklamazioa doktoregaiak ebaluazio negatiboa jaso badu. Arautegiak dioen moduan, lehenik eta behin batzorde akademikoari aurkeztu beharko zaio erreklamazioa eta, ondoren, Doktorego Eskolari. Bi erreklamazioak egiteko arautegiari atxikitako inprimaki ofizialak erabili behar dira.

Ebaluazioaren emaitza GAURen kontsultatu ahal izango dute doktoregaiek, bai eta beren zuzendariek ere, gidetan azaltzen den moduan.

Doktorego programa batean jarraitzea

99/2011 Errege Dekretuko 11.7 artikuluak dioenaren arabera, honako hauek ezinbesteko baldintzak dira programan jarraitu ahal izateko: doktorego programako batzorde akademikoaren ebaluazio positiboa, hala ikerketa planarena nola jardueren dokumentuarena; eta doktorego tesiaren zuzendariak eta tutoreak GAUR aplikazioaren barruan horretarako egin behar dituzten txostenak.

Batzorde akademikoek ebaluaziorako izango duten epea behin amaituta, eta matrikula egiteko Graduondoko Batzordeak onartuko duen egutegiari jarraituta, ebaluatutako ikasle guztien bigarren matrikula gestionatuko da.

Ebaluazioa negatiboa izanez gero (behar bezala arrazoitu beharko da), doktoregaia berriz ere ebaluatua izango da sei hilabeteko epean. Horretarako, ikerketa planaren beste txosten bat egin beharko da. Berriz ere ebaluazio negatiboa jasoz gero, doktoregaiak behin betiko utzi beharko du programa.

Ikerketa Plana

Lehen urtea amaitu aurretik, ikerketa plan bat egin beharko duzu zuzendariarekin batera, gutxienez honako hauek zehaztuta: erabiliko duzun metodologia, lortu beharreko helburuak eta ikerketarako baliabideak eta epeak. Horrez gain, prestakuntza aldian egingo dituzun prestakuntza jardueren plana ere jarri beharko duzu.

Ikerketa plana urtero igo beharko duzu GAUR aplikaziora PDF formatuan. Ikasturtean zehar aldatzeko aukera izango duzu, tutoreak eta zuzendariak ebaluatu arte.

Gero, batzorde akademikoak ebaluatuko du, urteko ebaluazioa egitean.

Zehazki, ikasle berriek Ikerketa Plana garatu beharko dute eskainitako inprimakiaren bidez (ikus 6. puntua), ezpada ikaslearen doktorego programako Batzorde Akademikoak aipatutako inprimakiaz jarraibide zehatzagoak eman dituela (kasu horretan, doktorego programako Batzorde Akademikoak dagokien ikasleei inprimaki zehatza eman beharko lieke).

Jardueren dokumentua

Agiri hau banakakoa da, doktoregoan egindako jarduera guztiak jaso behar dira, betiere, ikerketako prestakuntzarako interesgarriak badira.

Agiria doktoregaiak sortzen eta osatzen du GAUR aplikazioan jarduerak zehaztuz. Doktorego guztian zehar aldatu ahal izango da agiria, urte bakoitzean ebaluaziorako zehaztutako aldietan izan ezik.

Tutoreak eta zuzendariak gainbegiratuko dituzte jarduerak eta, egoki denean, oniritzia emango dute.
Jardueren dokumentu hau izango da programako batzorde akademikoak doktoregaia ebaluatzean kontuan izango duen elementuetako bat.

Gainera, tesiaren defentsa egiterakoan, epaimahaiak doktoregaiaren tesiaren ale bat eta jarduera dokumentua izango ditu eskura.