Doktorego Arautegi berriari buruzko argibideak (2024)
1. Zenbat irauten dute doktoregoko ikasketek?
Doktorego prestakuntzaren iraupena hasten da kontatzen doktoregaia programan matrikulatzen den egunean, eta amaitzen da tesia gordailuan uzteko prozesua hasten den egunean. Iraupena, gehienez, hau da:
- Arduraldi osoko ikasketak: 4 urte. Doktoregaiak % 33ko desgaitasuna edo handiagoa badu: 6 urte. Doktorego programako batzorde akademikoak ikasketak urte bat gehiago luzatzeko baimena eman dezake, doktoregaiak hala eskatuz gero.
- Arduraldi partzialeko ikasketak: 7 urte. Doktoregaiak % 33ko desgaitasuna edo handiagoa badu: 9 urte. Doktorego programako batzorde akademikoak ikasketak urte bat gehiago luzatzeko baimena eman dezake, doktoregaiak hala eskatuz gero.
2. Zein arautegi aplikatzen zaie tesia 2024/2025 ikasturtea baino lehenago egiten hasi ziren doktoregaiei?
Tesia 2024/2025 ikasturtea baino lehenago egiten hasi ziren doktoregaiei aplikatzen zaie 2020/03/05eko EHAAn argitaratu zen Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegia; baina tesiaren ebaluazioari, tesia gordailuan uzteari eta tesiaren defentsari dagokienez, aplikatuko zaie UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 24an onartu zuen Doktorego Ikasketa Ofizialen Gestiorako Arautegia.
3. Tesi zuzendarikide gehiago egotea nahi bada, nori egin behar zaio eskaria?
Zuzendarikide izateko eskaria bidali behar zaio doktorego programako batzorde akademikoari, organo horrek eman behar baitu baimena.
4. Eskatu ahal zaio doktorego programako batzorde akademikoari hirugarren pertsona bat sartzea tesiaren zuzendaritzan, nahiz eta tesia 2024/2025 ikasturtea baino lehenago hasitakoa izan?
Doktorego ikasketak UPV/EHUn 2023/2024 ikasturtean edo hurrengoetan hasi dituzten doktoregaiek hirugarren zuzendari bat egotea eskatu ahal izango dute.
Tesia 2022/2023 ikasturtean edo lehenago hasi duten ikasleek ezingo dute eskatu hirugarren zuzendari bat egotea.
5. UPV/EHUtik kanpoko bi adituren txostenak eskatu behar al ditut 2024/2025 ikasturtean baino lehenago hasi banintzen tesia egiten?
Bai. 576/2023 Errege Dekretuaren arabera, 2024/2025 ikasturtetik aurrera defendatuko diren tesi guztien kasuan arloan adituak diren doktoreek egindako bi txosten egon beharko dira, gutxienez. Pertsona horiek ezin dira izan UPV/EHUkoak. Eskakizun honek 2024ko urriaren 1a baino lehen gordailuan utzi ez diren tesi guztiei eragiten die.
Horretarako, jarraituko zaio Doktorego Ikasketa Ofizialen Gestiorako Arautegian zehaztutako prozedurari tesia gordailuan uzteko (arautegia Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2024ko apirilaren 24ko bileran).
6. Zer da tesia gordailuan uzteko prozedura eta zenbat irauten du?
Prozedura hasten da tesiaren zuzendarietako batek txostenak eskatzen dizkienean UPV/EHUtik kanpoko adituei, eta amaitzen da doktoregaiak tesia erregistratzen duenean Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzan.
Tesia gordailuan uzten denetik erregistratu arte ezin dira pasatu sei hilabete baino gehiago.
7. Nork ematen dio hasiera tesia gordailuan uzteko prozedurari? Eta nola?
Tesia gordailuan uzteko prozedura tesiaren zuzendarietako batek hasten du, tesia amaitu eta gero, txostenak eskatzen dizkienean UPV/EHUtik kanpoko adituei. Une horretan, zuzendariak jakinarazi behar dio doktorego programako batzorde akademikoari zein datatan eskatu dituen txostenak, hau da, noiz eman zaion hasiera tesia gordailuan uzteko prozedurari. Data hau doktoretza ikasketetan egoteko gehienezko epearen barruan egon behar da.
8. Zertan datza, nagusiki, tesia gordailuan uzteko prozedura?
Tesia gordailuan uzteko prozedurak esan nahi du tesiari buruzko bi txosten behar direla gutxienez, arloan adituak diren doktoreek eginak. Pertsona horiek ezin dira izan UPV/EHUkoak.
Ikusita txostenetan adierazitakoa, doktorego programako batzorde akademikoak epe bat emango dio doktoregaiari erantzuteko eta, egoki joz gero, aldaketak egiteko doktorego tesian, betiere tesia erregistratu aurretik.
9. Noiz amaitzen da tesia gordailuan uzteko prozedura?
Prozedura amaitzen da doktoregaiak tesia erregistratzen duenean Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzan.
10. Doktoregaiak erabaki dezake tesia erregistratzea?
Ez. Doktorego programako batzorde akademikoak eman behar dio baimena doktoregaiari tesia erregistra dezan, ikusita UPV/EHUtik kanpoko adituen txostenak eta eskatutako aldaketei doktoregaiak emandako erantzuna, halakorik egonez gero.
11. Eskatu ahal da tesia egiteko epea luzatzea tesia gordailuan utzi ondoren?
Ez.
12. Zeintzuk txosten eta baimen behar dira tesia erregistratzeko?
Tesia erregistratzeko behar dira honako hauen aldeko txostenak: tesi zuzendari guztienak, tutorearena, eta doktoregaia atxikita dagoen sailarena. Tesia erregistratzeko baimena doktorego programako batzorde akademikoak eman behar du, eskatzen diren dokumentu guztiak aztertu ondoren.
13. Zein organok erabakitzen du tesiko epaimahaia?
Doktoregaia atxikita dagoen sailak egiten du epaimahaiaren proposamena; Graduondoko Batzordeak egiaztatzen du proposatutako epaimahaiko kideek betetzen dituztela arautegian jasotako baldintzak; eta, azkenik, Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak epaimahaia izendatzen du.
14. Nork jartzen du tesia defendatzeko data? Eta zein da horretarako dagoen epea?
Epaimahaiak, entzunda doktoregaia eta tesi zuzendariak, defentsaren data jarriko du, betiere epaimahaia izendatu ondorengo lau hilabeteen barruan, gehienera. Lau hilabeteko epe hori hasten da zenbatzen Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak jakinarazten dioenean doktoregaia atxikita dagoen sailari izendatu duela epaimahaia.
15. Zer da tesia jendaurrean jartzea?
Tesia jendaurrean jartzen da Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzan, edozein doktorek tesia kontsultatzeko aukera izan dezan. Tesia hamabost egun baliodun egoten da jarrita jendaurrean, errektoreordeak egiaztatu ondoren tesia erregistratzean aurkeztutako dokumentu guztiak ondo daudela eta beharrezkoak diren dokumentu guztiak aurkeztu direla.
16. Nork ematen du baimena tesietako aipamenetarako?
Batzorde akademikoak ematen du aipamenetarako baimena. Baimen hori aurkeztu behar da tesia erregistratzerakoan, orduan aurkeztu behar baitu doktoregaiak kasuan kasuko aipamena justifikatzen duen dokumentazioa.
17. Nori aplikatzen zaio doktorego Arautegi berrian aipatzen den tesia gordailuan uzteko eta defendatzeko prozedura?
2024ko urriaren 1etik aurrera tesia gordailuan utzi behar duten ikasle guztiei aplikatzen zaie prozedura, nahiz eta 2024/2025 ikasturtea baino lehen hasi tesia.
18. Non eta noiz eskatu ahal da doktoregoko sari berezia?
Eskaria Doktorego Eskolan aurkeztu behar da, eskola horrek zehaztuko dituen eta bere webgunean argitaratuko dituen epeen barruan.
19. Ikasleek non egin behar dituzte izapideak?
Ikasleek Doktorego Eskolan egin behar dituzte izapideak, tesiaren erregistroarena izan ezik. Izapide hori Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzan egin behar da.
Atzerriko ikasleek ere Doktorego Eskolan egin behar dituzte izapideak, salbu eta UPV/EHUn doktorego ikasketak egiteko baimena eskatzekoa, ikasketak egiteko bidea ematen duen titulazioa EUEtik kanpoko atzerriko hezkuntza sistema batekoa bada. Halakoetan, eskaria Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzan aurkeztu beharko dute.