VI. Kapitulua. "Nazioarteko doktorea" aipamena
Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegia
25. artikulua. "Nazioarteko doktorea" aipamena.
“Nazioarteko doktorea” aipamena jarri ahal izango da, doktore tituluaren atzeko aldean, ondorengo baldintzak betetzen direnean:
- Doktore programan egondako denboran doktoregaiak gutxienez hiru hilabeteko egonaldia egina izatea Estatutik kanpoko goi mailako hezkuntza erakunde batean edo ikergune batean, tesiaren gaiarekin zerikusi zuzena duten ikasketak edo ikerlanak egiten. Kongresu, jardunaldi, mintegi eta halakoetara joatea ez da egonalditzat hartuko. Egonaldia aldi batean edo gehiagotan egin daiteke, baina egonaldi bakoitza gutxien dela hilabetekoa izan behar da. Egonaldiak eta jarduerek zuzendariaren bermea eta doktorego programaren batzorde akademikoaren baimena izan beharko dute, eta doktoregaiaren jardueren dokumentuan jasoko dira.
- Doktorego tesiaren zati bat, gutxienez laburpena eta ondorioak, tesiaren jakintza arloan komunikazio zientifikoa egiteko erabili ohi diren hizkuntzetako batean idatzita egotea eta hizkuntza horretan aurkeztea; hizkuntza hori ezin da izan Espainiako hizkuntza ofiziala edo koofizialetako bat. Arau hau ez da aplikatuko baldin eta egonaldiak espainola hizkuntza duen herrialde batean egiten badira, txostenak hizkuntza horretan badaude eta adituak herrialde horietakoak badira.
- Tesiari buruzko aldeko txostena egitea gutxienez doktore aditu bik, atzerriko goi mailako bi hezkuntza erakunde edo ikerketa institutuko kide egonkor direnek. Txostenak aditu horien curriculum labur bat izan behar du jasota.
- Tesiko epaimahaiak “Nazioarteko doktorea” aipamenerako 15. edo 16. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzea.
26. artikulua. Administrazio izapideak.
«Nazioarteko doktorea» aipamena lortu nahi duten doktoregaiek, arautegi honetako 13. artikuluan zehaztutako agiriez gain, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte, doktoregaia atxikita dagoen sailean tesia aurkezten dutenean:
- Eskari orri arautua «nazioarteko doktorea» aipamena eskatuz.
- Arautegi honetako 25.3 artikuluan aipatutako aldeko txostenak.
- Egonaldien egiaztagiria, atzerriko erakundeak emana eta egonaldiaren arduradunak sinatua. Egonaldi bat baino gehiago egin badira, egonaldi bakoitzeko agiri bat aurkeztu beharko da egonaldiaren datan zehaztuta.
Doktoregaia atxikita dagoen sailak dokumentazio guztia bidaliko dio Graduondoko Ikasketen Zerbitzuari, UPV/EHUko Graduondoko Batzordean izapidetu dadin.
Doktorego tesia defendatu ostean, epaimahaiko idazkariak graduko aktan jasoko du defentsa zein hizkuntzatan egin den eta ehunekoa.