IV. Kapitulua. Doktorego tesiaren aurkezpena eta defentsa
Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegia
13. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Doktorego tesia amaitu ondoren, doktoregaiak UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari aurkeztuko dio, hark defentsarako baimena eman diezaion. Horretarako, zuzendariaren, tutorearen, doktorego programaren batzorde akademikoaren eta doktoregaia atxikita dagoen sailaren baimena beharko du.
Defentsarako baimena eman aurretik, zuzendariak unibertsitateak antzekotasunak antzemateko daukan gailutik pasatuko beharko du tesia.
Tesiaren kopia koadernatua eta bi ale formatu digitalean aurkeztu behar dira dokumentazio honekin batera:
- Jardueren dokumentua.
- “Nazioarteko doktorea” aipamenerako eskaria, halakorik badago.
- Euskarako C2 maila ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuetsita egotea erakusten duen egiaztagirirako eskaria, horrelakorik behar izanez gero.
- “Industria doktorea” aipamenerako eskaria edo kanpoko erakundeekin lankidetzan aritu izanaren aipamena lortzeko, horrelakorik behar izanez gero.
- Tesiko epaimahairako proposamena.
Era berean, doktorego tesiaren laburpena bidali beharko da UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen Zerbitzura posta elektronikoz.
Horrez gain, honako agiriak izan behar ditu erantsita paperean aurkeztutako tesiaren kopiak (tesiarekin batera koadernatuta):
- Tesiaren zuzendariaren edo zuzendarikideen baimena doktorego tesia aurkezteko, jatorrizko sinadurekin.
- Tutorearen baimena, jatorrizko sinadurarekin.
- Doktorego programaren batzorde akademikoaren baimena, jatorrizko sinadurarekin.
- Doktoregaia atxikita dagoen sailaren baimena.
- Doktorearen graduko akta.
14. artikulua. Epaimahaien osaera.
Doktorego tesiko epaimahaiak bost edo hiru kide izan ditzake. Bost kidez osatutako epaimahaia denean, bost kide titular eta hiru ordezko izango ditu: kideak hiru direnean, hiru titular eta hiru ordezko izango ditu. Batean zein bestean, parekotasun irizpidea bete beharko da ahal den heinean.
Doktorego programako batzorde akademikoak erabakiko du kasuan-kasuan zein motatako epaimahaia eratu.
Saileko kontseiluak doktorego tesia aurkezteko baimena ematen duen ekintzan bertan zehaztuko du epaimahaia osatzeko Graduondoko Batzordeari egingo dion proposamena, kideen lehentasuna adierazita. Proposamena osatzeko kontuan hartuko beharko ditu doktorego tesiko zuzendariaren eta tutorearen iritzia (tutorerik dagoenean) eta doktorego programako batzorde akademikoarena. Epaimahaiak izango duen kide kopurua kontuan hartuta, hau da bost edo hiru, proposamenak zortzi edo sei izen izango ditu; horietako bost edo hiru, kasuan-kasuan, kide titularrak eta beste hiru ordezkoak.
Proposamenetan jasotako doktoreek ikerketa esperientzia egiaztatua izan beharko dute doktorego tesiaren gaian azken 10 urteetan.
Epaimahaiko kide gehienak unibertsitatetik kanpokoak izan behar dira eta, era berean, ezin izango dira izan Doktorego Eskolarekin eta doktorego programarekin lankidetzan ari diren erakundeetakoak.
Arautegi honen ondorioetarako, UPV/EHUko kideen parekotzat dira:
- UPV/EHUra atxikitako Ramón y Cajal eta Ikerbasque ikertzaileak.
- UPV/EHUko ikasle erretiratuak, emerituak izan ezik, horiek UPV/EHUko langiletzat jotzen baitira.
- Institutu mistoetako ikertzaileak, UPV/EHU partaide denean eta institutuarekin kontratua dutenean.
- UPV/EHUtik kanpokoak izan arren doktorego programako kide diren irakasleak.
Osasun itunaren babesean ari diren Osasun Zientzietako irakasle-ikertzaileak IRI iraunkortzat hartuko dira epaimahaia osatze aldera.
Ezin izango dira epaimahairako proposatu honako hauek:
- Doktorego tesiaren zuzendaria, ez eta tutorea ere. Hala ere, salbuespena dira atzerriko unibertsitateekin bi aldeetako akordioen bidez edo hitzarmenen bidez tutorekidetzan aurkezten diren doktorego tesiak, betiere, tesiaren defentsa beste unibertsitatean egiten bada eta akordioan edo hitzarmenean jasota badago zuzendaria edo tutorea epaimahai izan daitekeela.
- Zuzeneko interesa izan dezakeen inor edo abstentziorako legezko arrazoirik daukan inor.
- Laneko bajan dauden doktoreak.
15. artikulua. Bost kideko epaimahaietan titular edo ordezko izateko baldintzak.
Bost kideko epaimahaietarako zortzi pertsona proposatuko dira, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Bost kide titularretatik gutxien dela hiru IRI iraunkorrak izan behar dira edo ikerketako erakunde publikoetako ikertzaile iraunkorrak.
- Hiru kide UPV/EHUkoak izan behar dira: gehienez bi titularrak, eta bestea, ordezkoa. Bi gutxienez, IRI iraunkorrak, eta horietako bat epaimahaiburu edo idazkari; hirugarrena, UPV/EHUrekin parekatutako taldeetakoa izan daiteke.
- UPV/EHUko kideak kenduta, ezin izango dira egon unibertsitate bereko edo ikergune bereko bi kide baino gehiago.
- Proposatutakoen artean, kide bat antzeko ezaugarriak dituen atzerriko ikerketa erakunde publiko batekoa edo ikergune batekoa izan daiteke.
- Hiru kidek bi seiurteko edo gehiago izan behar dituzte. Bi titularrak izango dira, eta bata epaimahaiburua. Atzerriko kideen kasuan, UPV/EHUrekin parekatutako taldeetakoek edo kanpoko erakundeetakoek, 10 argitalpen garrantzitsu izan behar dituzte CNEAIren kalitate irizpideen arabera, eta guztiak tesiaren gaiaren ingurukoak.
- Gainontzeko kideek gutxien dela seiurteko bat izan behar dute. Atzerriko kideen kasuan, UPV/EHUrekin parekatutako taldeetakoek edo kanpoko erakundeetakoek, 5 argitalpen garrantzitsu izan behar dituzte CNEAIren kalitate irizpideen arabera, eta guztiak tesiaren gaiaren ingurukoak.
- Defendatutako tesiak “Nazioarteko doktorea” aipamena lortu nahi badu, gutxien dela epaimahaiko titularretako bat eta ordezkoetako bat atzerriko goi mailako hezkuntza erakunde batekoa edo goi mailako ikergune batekoa izan behar da. Egonaldia egiaztatu duen arduraduna ezin izango da izan epaimahaiko kide, ez bada titularretako bat atzerritarra dela.
Kide titular baten tokian ordezko bat jartzeko beharrik egonez gero, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari eman beharko zaio horren berri, eta berak izendatuko du ordezkoa.
16. artikulua. Hiru kideko epaimahaietan titular edo ordezko izateko baldintzak.
Hiru kideko epaimahaietarako sei pertsona proposatuko dira, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Hiru kide titularretatik gutxien dela bi IRI iraunkorrak izan behar dira edo ikerketako erakunde publikoetako ikertzaile iraunkorrak.
- Bi kide UPV/EHUkoak izan behar dira: bata titularra eta bestea, ordezkoa. Gutxien dela bat, IRI iraunkorra izango da eta, idazkari izateko lehentasuna izango du; bestea, UPV/EHUrekin parekatutako taldeetako kide bat izan ahalko da.
- Epaimahaiko kide titularrak erakunde desberdinetakoak izan beharko dira.
- Proposatutakoen artean, kide bat antzeko ezaugarriak dituen atzerriko ikerketa erakunde publiko batekoa edo ikergune batekoa izan daiteke.
- Bi kidek bi seiurteko edo gehiago izan behar dituzte. Gutxienik bat titularra izango da, eta epaimahaiburu. Atzerriko kideen kasuan, UPV/EHUrekin parekatutako taldeetakoek edo kanpoko erakundeetakoek, 10 argitalpen garrantzitsu izan behar dituzte CNEAIren kalitate irizpideen arabera, eta guztiak tesiaren gaiaren ingurukoak.
- Gainontzeko kideek gutxien dela seiurteko bat izan behar dute. Atzerriko kideen kasuan, UPV/EHUrekin parekatutako taldeetakoek edo kanpoko erakundeetakoek, 5 argitalpen garrantzitsu izan behar dituzte CNEAIren kalitate irizpideen arabera, eta guztiak tesiaren gaiaren ingurukoak.
- Defendatutako tesiak “Nazioarteko doktorea” aipamena lortu nahi badu, gutxien dela epaimahaiko titularretako bat eta ordezkoetako bat atzerriko goi mailako hezkuntza erakunde batekoa edo goi mailako ikergune batekoa izan behar da. Egonaldia egiaztatu duen arduraduna, baina, ezin izango da izan epaimahaiko kide, ez bada titularretako bat atzerritarra dela.
Kide titular baten tokian ordezko bat jartzeko beharrik egonez gero, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari eman beharko zaio horren berri, eta berak izendatuko du ordezkoa.
17. artikulua. Doktorego tesia gordailuan uztea.
- Behin 13. artikuluan aipatutako dokumentazioa UPV/EHUko Erregistro Orokorrean utzita eta doktoregaiak baldintzak betetzen dituela egiaztatuta, tesia gordailuan uzteko 15 eguneko epea ezarriko da eta epe horretan alegazioak aurkeztu ahal izango dira. Graduondoko Zerbitzuaren web gunean argitaratuko da tesia zein egunetan utzi den gordailuan.
- Gordailuan dagoen bitartean, edozein doktoregairen eskura egongo da Graduondoko Zerbitzuan, eta alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte haren edukiari buruz. Alegazioak Erregistro Orokorraren bitartez aurkeztuko zaizkio UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari eta izaera konfidentziala izango dute. UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak tesiaren zuzendariari, doktorego programaren batzorde akademikoari eta doktoregaiari bidaliko die alegazioen transkripzio literala, aipatutakoek UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari alegazioez egoki iruditzen zaizkien erantzunak aurkez diezazkioten.
18. artikulua. Doktorego tesia defendatzeko baimena.
- Tesia gordailuan uzteko epea igarotakoan (17. artikuluan zehaztutako epea), UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak erabakiko du –jasotako idazkiak eta egokitzat jotzen dituen adituengandik bil dezakeen informazio gehigarria aztertu ondoren–, tesiaren defentsa baimentzen duen, edo, alderantziz, atzera botatzen duen. Tesiaren defentsa baimendu eta gero, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeko buruak tesia epaitu behar duen epaimahaiko kide titularrak eta ordezkoak izendatuko ditu, Graduondoko Batzordearen txostenari jarraiki. Horretarako, 15 egun naturaleko epea izango du, tesia gordailuan edukitzeko epea amaitzen denetik hasita.
- Epaimahaia izendatu ondoren, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeko buruak epaimahaiaren izendapena eta defentsarako baimena bidaliko dizkie epaimahaiko kide titularrei eta ordezkoei, doktorego tesiaren zuzendariari, doktorego programaren batzorde akademikoari, Doktorego Eskolari, doktoregaia atxikita dagoen sailari eta doktoregaiari.
- Doktoregaia atxikita dagoen sailak 10 egun natural izango ditu, izendapena atera den egunetik kontatzen hasita, epaimahaiko kideei helarazteko epaitu beharreko tesiaren aleak eta doktoregaiaren jardueren dokumentua. Jarraipen dokumentu horrek ez du puntuazio kuantitatiborik izango, bai ordea kualitatiboa eta, ondorioz, doktorego tesiaren ebaluazioa osatzeko balioko du.
- Graduondoko Ikasketen Zerbitzua arduratuko da behar diren zerbitzu betekizunerako eskariak egiteaz unibertsitateei, ikerguneei eta abarri.
- Doktoregaiak, baimen hau lortu ondoren, defentsarako matrikula egin eta tasak ordaindu beharko ditu.
- Ezin izango da doktorego tesia defendatu hura gordailuan uzteko epea hasten denetik 30 egun natural igaro arte.
19. artikulua. Doktorego tesiaren defentsarako data argitaratzea.
- Defentsa publikoa egiteko baimena jaso ondoren, epaimahaiko buruak, epaimahaikideak entzunda, argitara aterako ditu hiru egun baliodun lehenago gutxienez, doktorego tesiaren defentsa egiteko data, tokia eta ordua, eta idazkariak horien berri eman beharko dio UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari. Jakinarazpen hori Graduondoko Zerbitzuaren web gunean emango da argitara.
- Informazio hori bera doktoregaia atxikita dagoen saileko zuzendariari eta defentsa egiteko hautatuko den UPV/EHUko ikastegiko administratzaileari ere jakinaraziko zaie, behar diren administrazio izapideak egin ditzaten.
20. artikulua. Doktorego tesiaren defentsarako matrikula.
Doktorego tesia defendatzeko matrikulagatik ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzak zehazten du ikasturte bakoitzerako argitara emate duen prezio publikoei buruzko Aginduan.
21. artikulua. Doktorego tesiaren defentsa eta kalifikazioa.
Doktorego tesia defendatzeko ekitaldia jendaurrean egingo da eta ekitaldian bertan ebaluatuko du epaimahaiak. Aipatutako ekitaldian doktoregaiak ikerlana azaldu eta defendatuko du epaimahaikideen aurrean. Azalpenean sartuko dira egindako prestalana, ikerlana bera eta ondorioak, eta, batez ere, doktoregaiak berak egindako ekarpen originalak aipatu beharko dira.
Doktorego tesiaren defentsa ekitaldia urte osoan egin daiteke, abuztuan izan ezik.
Doktorego tesiaren defentsa UPV/EHUko egoitzetan egingo da; hala ere, salbuespena dira unibertsitateen arteko doktorego programen babesean tutorekidetzan egindako tesiak edo beste unibertsitate batzuekin elkarlanean egindakoak, baldin eta kasuan kasuko hitzarmenean bestelakorik zehaztuta badago. Behar bezala justifikatutako egoeretan, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak baimena eman ahalko du epaimahaiko kide batek bideokonferentziaz parte har dezan, ekitaldian bertan egon beharrik gabe. Kasu horretan, defentsa ekitaldia UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak ezarriko duen prozedurara egokitu beharko da.
Epaimahaiak ezin izango du, inolaz ere, izendatutako bost edo hiru kiderekin baino gutxiagorekin jardun (kopuru bat edo bestea, epaimahai motaren arabera).
Defentsa ekitaldian, Graduondoko Zerbitzuak doktoregaia atxikita dagoen sailari bidalitako doktorego tesiaren alea izango du epaimahaiak, doktorearen graduko akta ere sartuta daukana, eta, horrez gain, koadernatu gabeko doktorearen graduko akta bat ere izango du. Defentsa bukatutakoan, akta biak sinatu beharko dituzte epaimahaiko kide guztiek eta doktoregaiak.
Epaimahaiko kideek doktoregaiak aurkeztutako tesiari buruzko iritzia agertu beharko dute; egoki iruditzen zaizkien galdera eta eragozpen guztiak plazaratu ahal izango dituzte eta doktoregaiak erantzun egin beharko die. Ekitaldi publikoan dauden doktoreek ere azaldu ahal izango dituzte beren galderak eta eragozpenak, eta doktoregaiak erantzun egin beharko die; hori guztiak epaimahaiko buruak esaten duen unean eta moduan.
Tesiaren defentsa eta horren inguruko eztabaida behin bukatuta, epaimahaikide bakoitzak balorazioa egingo du, idatziz, eta epaimahaiak kalifikazioa erabakiko du eskala honen arabera: «ez gai», «gai», «oso ongi» edo «bikain».
Doktorego tesiari «cum laude» ematea proposatu ahal izango du epaimahaiak, baldin eta kalifikazio globala «bikain» bada eta isilpeko bozketan aho batez horren alde agertu bada epaimahaia. Horretarako, epaimahaiko idazkariak berak aldez aurretik sinatutako boto txartel bana emango die epaimahaikideei (botoa emateko ezarritako ereduaren araberakoa), baita gutun azal bat ere. Epaimahaikide bakoitzak bere botoa adieraziko du boto txartelean eta itxitako gutun azal batean entregatuko dio epaimahaiko idazkariari. Idazkariak gutun azal guztiak sinatu eta UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari bidaliko dizkio botoak zenbat ditzan.
Bestalde, tesiak «cum laude» aipamena lortu badu, epaimahaiak doktoregoko sari berezietara aurkezteko aukera eman diezaioke doktore berriari, isilpeko boto bidez aho batez horren alde agertu bada epaimahaia. Horretarako, epaimahaiko idazkariak berak aldez aurretik sinatutako boto txartel bana emango die epaimahaikideei (botoa emateko ezarritako ereduaren araberakoa), baita gutun azal bat ere. Epaimahaikide bakoitzak bere botoa adieraziko du boto txartelean eta itxitako gutun azal batean entregatuko dio epaimahaiko idazkariari. Idazkariak gutun azal guztiak sinatu eta UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari bidaliko dizkio botoak zenbat ditzan. Aldeko botoa aho batez eman bada, doktore berriak doktoregoko sari berezia eskatu ahal izango du kasuan kasuko deialdian.
Doktorego tesia hizkuntza jakin batean defendatu izanaren egiaztagiria lortzeko, defentsaren % 50 hizkuntza horretan egin beharko da. Hori graduko aktan jasoko da.
22. artikulua. Doktorego tesia artxibatzea.
Doktorego tesia defendatzeko ekitaldia amaitu ondoren, epaimahaiko idazkariak dokumentu hauek bidali beharko ditu UPV/EHUko Erregistro Orokorraren bidez Graduondoko Ikasketen Zerbitzura:
- Doktore graduaren akta (koadernatu barik).
- Doktorego tesia defendatu ondoren epaimahaiko kideek egindako txostenak.
- “Cum laude” eta Sari bereziari buruzko botoak, gutun azal itxian eta gutun azala epaimahaiko idazkariak sinatuta.
- Egoki bada, doktorego tesia jendaurrean jartzeko baimena, hau da: Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren web gunean argitaratzeko eta UPV/EHUko gordailu digitaletik eskuragarri jartzeko.
Hori guztia bidalketa gutunarekin batera Graduondoko Ikasketen Zerbitzura bidaltzeko. Sinadurak jatorrizkoak izango dira aipatutako dokumentu horietan guztietan.
Jatorrizko agiriak dituen tesi koadernatua sailean artxibatuko da.
Graduondoko Ikasketen Zerbitzuan doktorego tesiaren defentsako agiri guztiak hartu ondoren, zerbitzuak gutun azalak irekiko ditu eta doktoregaiari jakinaraziko dio cum laude aipamena lortu duen edo ez, eta sari berezietara aurkezteko aukera duen ala ez.
23. artikulua. Dieten ordainketa.
Doktoregaia atxikita dagoen sailak, doktorego tesiaren defentsarako baimena jaso ondoren, epaimahaiko kideen joan-etorrietarako izapideak egiten hasiko da.
Beren ohiko bizitokitik beste leku batera joan behar duten epaimahaiko kideei bidaia gastuak, dietak eta bertaratzea ordainduko dizkie tesi zuzendaria edo, bestela, tutorea, atxikita dagoen ikastegiko administratzaileak, betiere, UPV/EHUk zehaztutako zenbatekoen arabera.
UPV/EHUkoak diren epaimahaikideen kasuan, atxikita dauden ikastegitik egindako joan-etorriak baino ez zaizkie ordainduko.
Ez da ordainduko doktorego tesi bat epaitu behar duen epaimahaiko kidea ez den inork egindako gasturik.
Joan-etorriengatik ordaindu beharreko zenbatekoak hala dagokion eranskinean zehaztutakoak izango dira.
Gastua kopuru horiek baino handiagoa bada, sailak edo ikertaldeak ordaindu beharko du aldea.