Angel Gabriel Fernandez
(Biofindegi Prozesuak)
Biografia
Angel G. Fernández kimikaria da, eta Madrilgo Unibertsitate Konplutensean (Espainia) Kimika Aurreratuan doktore, 2013tik. Urte horretan bertan, Eguzki Energiaren Ikerketa Zentroan (SERC-Txile), Txileko Unibertsitatean, doktorego-ondoko esperientziari ekin zion. 2015ean, Energia Berriztagarrien Laborategi Nazionalean (NREL, AEB) egonaldi bat egiteko hautatu zuten, DOEren proiektu batean lankidetzan aritzeko, hain zuzen, eguzki-zentraletan, muturreko baldintzetan, materialen korrosioaren eta estalduraren azterketa elektrokimikoak garatzea ardatz zuen proiektu batean. 2016an, Antofagastako Energia Garapen Zentrora (CDEA) joan zen biltegiratze termikoaren eta korrosioaren ildoko ikertzaile nagusi gisa aritzeko, eta, horrekin batera, Antofagastako Unibertsitateko (Txile) irakasle laguntzaile lanpostua eskuratu zuen. 2018an, Lleidako Unibertsitatera joan zen TecnioSpring+ proiektu batekin (Marie Curie Cofund). Proiektu hori amaitu ostean, 2021ean, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) BioRP taldean sartu zen, "Fellows Gipuzkoa" talentua erakartzeko programaren bitartez. Berriki, 2020ko deialdian, Ramón y Cajal kontratu bat eskuratu du.
Ikerketa
Urte hauetan, biltegiratze termikoko sistemetan aplikatutako material berriztagarri berrien diseinuan, balioztatzean eta ezarpenean aritu da. Gainera, bere lana tenperatura ertain eta altuetan korrosioa arintzeko estrategiak garatzera ere bideratu du, babes-estaldura ekologikoak eta korrosioaren inhibitzaileak garatzen, energia berriztagarrietan oinarritutako prozesu industrialen eraginkortasuna hobetzeko. Urte hauetan bost proiektu zuzendu ditu ikertzaile nagusi gisa, eta beste zazpitan parte hartu du ikertzaile gisa, horien artean, Europako Batzordeak, H2020 programan, finantzatutako bi proiektu. Urte hauetan garatutako ikerketek lortu dituzte, besteak beste, 1500 aipamen baino gehiago dituzten 60 argitalpen indexatu, H-index 23, lau liburu-kapitulu eta bi patente. Nazioarteko biltzarretan, hogeita bost aurkezpenetan parte hartu du, eta bi doktorego tesi eta bi master tesi zuzendu ditu.