Mikel Subiza Perez
(Doktore ondoko ikertzailea)
Informazio osagarria
Psikologian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), Cum Laude doktorea Psikologian eta doktoregoko aparteko saria erakunde berean. Bere ikerketa-interes nagusiak hiri-plangintzaren, prozesu sozialen eta giza jokabide eta osasunaren arteko elkarguneak dira, arreta berezia jarriz osasun mentalean. Gaur egun, azterketa epidemiologikoak egiten ditu hiriko ingurumen-esposizioek, hala nola berdeguneek edo kutsadura atmosferikoak biztanleriaren osasun mentalari nola eragiten dioten jakiteko.
Doktore-tesia hiri-espazioak (plazak eta parkeak) erabiltzeak dakartzan onura psikologikoak aztertzeari buruzkoa izan zen. Doktoratu aurreko prestakuntzan bi ikerketa-egonaldi egin zituen Tampereko Unibertsitatean (Finlandia), Kalevi Korpela irakaslearen begiradapean. Gaur egun doktoratu ondoko ikertzailea da UPV/EHUn, Erresuma Batuko Bradford Institute for Health Research-en bi urtez egon ondoren. Rosemary McEachan doktorearekin lan egin du, Born in Bradford kohorteko zuzendariarekin.
Guztira 36 artikulu argitaratu ditu JCR aldizkarietan, eta horien erdietan baino gehiagotan lehenengo egilea eta/edo korrespondentzia-egilea da. Artikulu horietatik 30 lehen kuartilean (Q1) argitaratuta daude. Guztira, 624 eta 346 zita ditu Google Scholarren eta Web of Sciencen, hurrenez hurren. Iturri horietako bakoitzean, h-indizea 14 eta 11koa da. Lanak aurkeztu ditu nazioarteko kongresuetan, eta honako aldizkari hauen berrikusle izan ohi da: Urban Forestry and Urban Greening, Landscape and Urban Planning eta Journal of Environmental Psychology.