Zerbitzuen karta
Sarrera
UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren eginkizuna da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuetako 112.2 b) eta 154.1 d) artikuluetan jasotakoa betetzen dela zaintzea.
Agindu hori betez, zerbitzu hau, Euskal Herriko Unibertsitatearen argitalpen zigilu bakarra, material inprimatu, digital eta ikus-entzunezkoaren nahiz beste euskarriren bateko materialaren argitalpena eta baterako argitalpena programatzeaz eta gauzatzeaz arduratzen da, interesgarritzat jotzen diren lan zientifikoak, teknikoak, artistikoak edo bestelakoak zabaltzeko.
Horrela, bada, gure lana, funtsean, Euskal Herriko Unibertsitatean sortzen den ezagutza gizarteari transmititzea da, gure argitalpenen bidez.
Harro sentiarazten gaitu gure ekintzek eta gure lanaren emaitzek zorroztasun eta kalitate gorena izan dezaten saiatzeko lanean jarraitzeak.
Ildo horretatik, zerbitzuen karta hau aurkezten dugu gure jardueraren onuradun diren taldeentzako tresna erabilgarria izan daitekeelakoan, eta etengabe hobetzeko prozesuan gure jarduera zuzenduko duen
konpromisoaren erakusgarri.
Helburua
Gure arautegian islatzen den moduan, Argitalpen Zerbitzuak Euskal Herriko Unibertsitatearen baitan hezkuntza, irakaskuntza, ikerketa eta kultura sustatzen lagundu nahi du argitalpen produkzioaren bidez.
Arreta berezia jartzen du euskaraz aurkezten diren materialetan, beste organo batzuek gai honen inguruan izan ditzaketen eskumenei kalterik egin gabe.
Argitalpen Zerbitzua osatzen dugun langileok konpromiso sendoa hartu dugu helburu horiek adierazpen soilean gera ez daitezen; egunez egun erronka berriak gure gain hartzen ditugu gure zerbitzuaren
erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko.
Zerbitzuen karta hau ez da asmo berrien adierazpen bat izateko jaio, baizik eta urteetan zerbitzu publikora bideratuta egin dugun ibilbide profesionala ezagutaraziko duen tresna bat izateko. Horretarako, proiektu hau oinarrizko bi ardatzetan egituratu nahi izan dugu:
- Zerbitzuen kartaren izaera pragmatikoa: dokumentu hau gure zerbitzuko "leihatila bakarra" izatea nahi dugu; hau da, erabiltzaileek nortzuk garen, zer egiten dugun, egiten duguna nola egiten dugun, non egiten dugun eta nola hazten garen ikus dezaketen lekua.
- Konpromisoen adierazpena: argi daukagu gure betebeharrak zeintzuk diren, beti izan dugu argi, eta horiek ahalik eta ondoen gauzatzen eman ditugu ahaleginak. Orain idatziz jaso ditugu betebehar horiek eta betebeharrok dakartzaten konpromisoak, egiten dugunarekiko erabateko atxikimendua dugula objektiboki islatuko duten adierazleak eskainiz.