Denbora-sentikortasundun sareak latentzia baxuko komunikazio erredundanteetan (H + T Net). TEC2017-84011-R
- Denboraldia:
- 2018-tik 2020 arte
- Finantzaketa egin duen erakundea:
- Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioa
- Deskribapena:
-
Informazioaren teknologiak gune industrialetan ere agertzen ari dira, non, orain dela gutxi arte, komunikazio sistema espezializatu eta deskonektatuak erabili diren, honek dakarren eragozpenekin: motelak, isolatuak, eta abar. Gaur egungo sare eta teknologiek hobekuntzak dakartzate: alde batetik ekipamendu normalizatua merkeagoa da, eta bestetik arinagoak dira eta zerbitzu gehiago baimentzen dituzte. Arazoak ere agertzen dira: patentatutako sare espezializatuek derrigorrezko hainbat ezaugarri, latentzia mugatua, erredundantzia eta sinkronismoa bezala, lortzen zituzten; sare orokorrak ez daude horretarako prest. Ethernet + TCP/IP sareak egokitu behar izan dira industria eta smart grid arloetarako. Helburu horretan bi proposamen daude: IECrena eta IEEErena.
IECk OSI (Open System Interconnection) estandarraren bigarren geruza zertxobait aldatzea proposatu du, erredundantzia eta latentzia baxua lortzeko. Eraldaketa honek HSR (High-availability Seamless Redundancy) protokoloa sortu du, azpiestazio elektrikoetarako eta industriarako. Bestalde, IEEEk ikus-entzunezko sareen eboluzioa proposatu du, OSI estandarraren bigarren eta hirugarren geruzetan aukera aurreratuak sartuz, TSN (Time Sensitive Networking) sareak sortzeko. Beraz, bigarren aukera honek Ethernet sare guztien aldaketa suposatzen du, kalitate ezberdinetako zerbitzuak -latentzia, erabilgarritasuna, determinismoa eta sinkronizazioa- eskaini ahal izateko, modu horretan sare ezberdinak, etxeko sareetatik industrialetara, batera lan egin ahal izateko.
Badirudi bi proposamen hauek ez direla gai izango epe laburrean elkar-ulertzeko eta puntu horretan agertzen da gure proiektua. IECk darabilen teknologietan oinarrituta, fidagarritasuna eskatzen duten inguruetan erabiltzen direnak, TSN sareetako ezaugarriak erantsi nahi ditugu. IECren ezaugarriei esker akatsen aurreko babesa, sinkronismoa eta latentziaren murrizketa lortzen dira. IEEEren ezaugarriek banda-zabalera maximoa, determinismoa eta birsinkronizazioa eta latentziaren egonkortasuna baimentzen dute. Beraz, helburua ezaugarri guztiak sare industrial bakarrean batzea litzateke.
Bestalde, sarearen abiadura handitu nahi dugu, 10 Gbps (10G) sareen prezioa behera doan neurrian horien eskaera industriala zabalduko delako. 10G sareetan lan egiteko geruza fisikoan aldaketak gauzatu behar dira, baina baita beste ildo askotan ere bai, memorien kudeaketan eta portuen arteko datuen bideratzean adibidez.