PROTOCOLO-creditos-optativos

Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzaren protokoloa hautazko kredituak aitortzeko elkartasun eta lankidetza jarduerengatik

2012ko maiatzean, UPV/EHUk onartu zuen Graduko ikasketetan kredituak aitortzeko eta transferitzeko arautegia. 11. artikuluak dio UPV/EHUko graduko ikasleek hautazko kredituak aitortzea eskatu ahal izango dutela unibertsitatean ikasten aritu bitartean elkartasun eta lankidetza jarduerak egiteagatik; ikasketa planeko 6 kreditu gehienez. Zehazki: 3 kreditu gehienez ikasturte bakoitzeko eta 1 kreditu 30 orduko arduraldiagatik. Aurrekoari gehitzen dionez, aitortza jasotzeko, UPV/EHUko Gizarte Erantzukizun eta Unibertsitate Hedakuntzaren arloko Errektoreordetzak kudeatu edo abalatu behar ditu boluntario jarduerak, edo haren ordezkoak; gaur egun, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzak, Jasangarritasuneko eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzaren bidez.

 

1. Elkartasun eta lankidetza jarduerak

EAEko boluntarioei buruzko Legearen (Ley 17/1998 Legea, ekainaren 25ekoa, boluntarioei buruzkoa) 2. artikuluaren definizioaren arabera, elkartasun eta lankidetza jarduerak dira ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten interes orokorreko jarduerak:

  • Norberaren probetxurako ezer lortzeko asmorik gabekoak izatea eta elkartasunak bultzatuak izatea.
  • Borondatezkoak eta askatasun osoz eginak izatea; arrazoia lan, funtzionariotza edo merkataritza harremana ez izatea, ez eta obligazio pertsonala edo betebehar juridikoa ere.
  • Irabazi asmorik ez duten erakundeen bidez eta programa edo egitasmo zehatzeei jarraiki eginak izatea.
  • Ordainsaririk gabeak izatea.
  • Ordaindutako zerbitzu profesionalak inolaz ere ez ordezkatzea.

Interes orokorreko jardueratzat hartzen dira gizartearen aldeko konpromiso batekin hainbat alorretan egiten diren jarduerak: gizarte arloa, komunitarioa, zibikoa, kultura, garapenerako lankidetza, ingurumenaren babesa edo antzeko beste edozein alor.

Hala ere, legearen arabera, ez dira boluntario jardueratzat hartuko eta, beraz, ez dute hautazko kredituak aitortzeko balioko, berez eta noizbehinka eginiko jarduerek, erakundeetatik at eginikoek, familia arrazoiengatik, adiskidetasunagatik, onginahiagatik edo auzoarekiko errespetuagatik eginikoek.    

Elkartasun eta lankidetza jarduerak egin daitezke gizarte erakundeekin lankidetzan, norberaren ekimenez ‘Gu geu bolondres’ programaren baitan, edo UPV/EHUren berezko programekin elkarlanean.   

 

2. Lankidetza jarduerak gizarte erakundeekin

Elkartasun eta lankidetza jarduerak aitortuak izan daitezen hautazko kredituen bidez UPV/EHUko graduko ikasketetan, jarduerak egin behar dira elkarlanean boluntario erakundeen profila betetzen duten gizarte erakundeekin.

Boluntario erakundetzat hartzen dira irabazi asmorik ez duten gizarte erakundeak, behar bezala alta emanda daudenak, interes orokorreko lanak egiten dituztenak gizarte ekintzaren hainbat alorretan, eta baldintza hauek betetzen dituztenak:

  • Boluntarioen Barne Estatutu bat eta boluntarioentzako arreta plan bat edukitzea.
  • Boluntarioak estaliko dituen erantzukizun zibileko eta istripuetako aseguru bat kontratatua izatea.
  • Erakundearen eta boluntarioaren arteko konpromiso idatzi bat sinatzea.
  • Akreditazio bat ematea, boluntario elkarlana aitortu eta eginiko lanak deskribatuko dituena, hautazko kredituak aitortze aldera.

Gainera, eginiko jarduera elkartasun eta lankidetza jarduera gisa ziurtatu eta, horrela, hautazko kredituak aitortzeko UPV/EHUko graduko ikasketetan, erakunde horiek izan behar dute:

  • EAEko hiru lurraldeetako boluntariotza eta gizarte partaidetzako agentziek abalatutako erakundeak:  Bolunta (Bizkaia), Gizalde (Gipuzkoa) eta Batekin (Araba), edo
  • Euskadiko Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean erregistratutako boluntario erakundeak.
  • Euskadiko GGKEen Koordinakundeko erakunde kideak, edo
  • Elkartasunaren eta lankidetzaren arloan Eusko Jaurlaritzak sustatutako edo lagundutako programetan parte hartzen duten erakundeak.
  • Europako Elkartasun Kidegoaren barruan proiektuak garatzen dituzten erakundeak.

 

3. Norberaren ekimeneko jarduerak

Norberaren ekimeneko jardueratzat hartzen dira ikasleek zuzenean eginiko elkartasun eta lankidetza jarduerak UPV/EHUren ‘Gu geu bolondres’ programaren barruan.

Jarduera autogestionatu horiek egin ahal izango dira:

  • Unibertsitate eremuan, herritar guztiei zabaldutako jarduerak.
  • Gizarte erakunde batean, antolakunde horren hartzaileentzako jarduerak.

Bi kasuetan, jarduerek baldintza batzuk bete behar dituzte:

  • UPV/EHUko graduko ikasketetan matrikulatutako 3 ikaslek gutxienez osatutako talde batek sustatzea.
  • Elkartasun jarduera izatea, gizarte erronka global bati edo kolektibo baten premia bati erantzuteko.
  • Ikasle bakoitzaren gutxieneko arduraldia jardueran 30 ordukoa izatea, honako hauek gehituta:
    • ‘Jarduera proiektua’ planifikatzea eta lantzea.
    • Aurreikusitako jarduera edo jarduerak egitea.
    • Ebaluatzea eta ‘Jardueraren amaierako txostena’ egitea.

 

4. UPV/EHUren berezko programak

UPV/EHU, bere inguruarekin konprometitutako agente gisa, gizarte konpromisoaren eta inklusioaren alde dago, eta elkartasuna eta lankidetza bezalako balioak zabaltzen ditu unibertsitateko kideen artean. Konpromiso hori gauzatzen da, besteak beste, unibertsitateak berak sustatutako boluntario programetan.

Elkartasun eta lankidetza jarduerengatiko hautazko kredituak aitortzeari dagokionez, UPV/EHUren berezko programatzat hartzen dira unibertsitateak, haren ikastegiek (eskolak eta fakultateak) eta beste unitate batzuek gizarte eta elkartasun helburu batekin sustatzen dituzten jarduerak.

UPV/EHUren berezko programen zerrenda eguneratua ikusteko:

https://www.ehu.eus/es/web/iraunkortasuna/programa-propioak

 

5. Hautazko kredituekin baliozkotu daitezkeen elkartasun eta lankidetza jarduerak erakundeetan edo programetan egiteko prozedura

Protokoloaren arabera, aurreko atalean deskribatutako modalitate bakoitzean (jarduerak gizarte erakundeetan, norberaren ekimenez eta UPV/EHUren berezko programetan) elkartasun eta lankidetza jarduerak egin aurretik, ikasleek prestakuntza jaso behar dute boluntario eta gizarte partaidetzaren alorrean. Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzak edo gizarte erakundeek berek emango dute prestakuntza hori. Hautazko kredituak aitortzea eskatzeko prozeduran, dagokion prestakuntza ziurtagiria aurkeztu behar da, UPV/EHUren online prestakuntza plataformak edo dagokion erakundeak eginikoa.

 

5.1 Erakundeetan

Behin jarduera zorrotz eta konpromisoz amaituta, ONLINE eskatu behar da elkartasun eta lankidetza jarduerengatik hautazko kredituak aitortzeko ziurtagiria, horretarako finkatutako epeetan. Eskaeran, beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu beharko da.

Hilabetetik beherako epean, eskatzaileek jasoko dute UPV/EHUren Jasangarritasuneko eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzaren mezu elektroniko bat, ebaluazioa aldekoa edo kontrakoa izan den adieraziz. Posta elektronikoa ere erabiliko da dokumentazioa zuzendu edo osatzea eskatzeko (10 egun natural baino gutxiagoko epe batean egin beharko da hori).

Eskaeraren ebaluazioa aldekoa bada, hautazko kredituak aitortzeko ziurtagiri digital bat bidaliko da eskatzailearen helbide elektronikora. Kredituak espedientean sartzeko, ziurtagiria aurkeztu beharko da eskatzailearen ikastegiaren (eskola edo fakultatea) idazkaritzan.

Ikus egin beharreko urrats guztiak esteka honetan: https://www.ehu.eus/es/web/iraunkortasuna/boluntariotzarekin-bat

 

5.2 Norberaren ekimenez

Boluntario jarduera autogestionatuak edo norberaren ekimenekoak proposatzeko, ‘Jarduera proiektu’ bat bidali beharko da UPV/EHUren Jasangarritasuneko eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzara, 1. eranskineko online eskaera ereduaren arabera, jarduera egin baino hilabete bat lehenago. Jarduera prestatzeak edo egiteak gastuak badakartza, jakinarazi egin beharko da 1. eranskineko ‘Jarduerarekin zerikusia duten beste ohar garrantzitsu batzuk’ atalean, finantzatu daitekeen aztertzeko.

Behin jarduera amaituta, Jardueraren amaierako txostena (2. eranskina) bidali behar da UPV/EHUren Jasangarritasuneko eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzara, argitaratutako edo erabilitako materialekin batera, hilabeteko epean gehienez, jarduera amaitzen den egunetik kontatzen hasita.

Dokumentazioa ondo badago eta ez bada ezer falta, hilabeteko epean gehien jota ‘Jardueraren amaierako txostena’ bidali ondoren, kredituak aitortzeko ziurtagiri digitala bidaliko da eskatzaileen helbide elektronikora. Kredituak espedientean sartzeko, ziurtagiria aurkeztu beharko da eskatzailearen ikastegiaren (eskola edo fakultatea) idazkaritzan.

Ikus egin beharreko urrats guztiak esteka honetan: https://www.ehu.eus/es/web/iraunkortasuna/boluntariotza-autogestionatua-tramiteak
 

5.3 UPV/EHUren berezko programetan

UPV/EHUren berezko programen barruan eginiko boluntario jardueretan, gizarte erakundeetan eginikoen prozedura bera erabiliko da kredituak aitortzeko, protokolo honen 5.1 atalean azaldutakoaren arabera. 

 

5.4 Eskaerak ukatzea

UPV/EHUren Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzak uko egin ahal izango dio ikasleek eskatutako hautazko kredituen ziurtagiriak emateari, baldin eta ez badituzte betetzen elkartasun eta lankidetza jarduerengatiko hautazko kredituak aitortzeko protokoloak ezarritako baldintzak.

Aitortza eskaera ukatzearen aurka, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, bi hilabeteko epean. Aurrekoa gorabehera, aukerako berraztertze errekurtsoa ere aurkeztu ahal izango da Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzaren aurrean, jakinarazpenetik hilabeteko epean, 39/2015 Legearen 123. artikuluaren arabera.

 

Informazio gehiago: iraunkortasuna@ehu.eus