Paperik gabeko eguna, abenduak 14
Date
10/12/2018, 00:00 - 00:00
Azken lau urteotan, ekimen berezia bultzatu dugu Fakultatean: Paperik Gabeko Eguna. Egunaren xedea, kontsumoa jaisteari begira, gure paper erabileraren inguruan gogoeta egitea izan da. Hasieratik, 2013tik, begi onez hartu izan da ekimena eta, besteak beste, esanguratsua izan da fotokopiagailuetan izandako paper erabileraren jaitsiera egun horretan zehar. Azken edizioan, esate baterako, %66,2 jaitsi zen fotokopia kopurua Paperik Gabeko Egunean.
Horrela bada, ekintzari jarraipena emateko asmoz, datorren abenduaren 14an, ostirala, PAPERIK GABEKO EGUNAren seigarren edizioa ospatuko dugu.
Egunean zehar, Atezaintza, Dekanotza eta Idazkaritzan ez da paper zuririk erabiliko; hau da, ez da dokumenturik inprimatuko, fotokopiarik egingo, ziurtagiririk edo aktarik banatuko, etab. Presako beharra duten dokumentuak emango dira soilik.
Horretaz gain, dakizuenez, urtero ekimen bereziren bat ere antolatu ohi da garapen jasangarriaren inguruan. Aurtengoan, Jon Urrutiaren bisita izango dugu, eta TrakaMatraka proiektua ekarriko du gurera. Jonek tailer eta kontzertu didaktikoak antolatzen ditu, musika modu erakargarrian hurreratzeko eta, aldi berean, birziklatze-kontzientzia lantzeko. Gizarteak baztertzen dituen gauzak eraldatu, eta zoragarriak diren musika-tresna bihurtzen ditu. Beraz, hurbildu zaitez Fakultateko sarrerara, Traka Matrakak sorturiko instrumentu xelebreak entzutera. Giro atsegin eta partehartzaile batean, isiltasunari forma emango diogu sormena landuz. Musika ulertzeko eta maitatzeko bide berria.
Ekimen hau begi onez hartuko duzulakoan eskerrak eman nahi dizugu zure parte hartzeagatik.
Gogoratu… zure papera garrantzizkoa da!