Komunikazioko GRALen BERRIA Saria: 2023/2024 ikasturteko ebazpena
First publication date: 31/05/2024
BERRIA egunkariak UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin elkarlanean, Komunikazioko GRALen III. BERRIA Sariketa antolatu du, eta Martxel Larraza izan da irabazlea, “Zerka. LGTBI+ komunitatea eta 'sexilioa' euskal landa-eremuan” argazki proiektuarengatik.
Sariketaren oinarrietan balroaziorako finkatutako irizpideei jarraituz epaimahaiak ebatzi du:
"Martxel Larrazaren lanak bete-betean asmatzen du Gradu Amaierako Lanen Berria sariak ezarritako irizpideekin. Izan ere, kazetaritzaren leitmotiv-etako bat da ezkutuan dagoena argitara ateratzea eta plaza publikoan ahotsa ukatzen zaienei hitza ematea. Zentzu horretan, lan aberatsa osatu du Larrazak. Besteak beste, gaiaren aukeraketarekin eta fokua jarriz LGTBIQ+ komunitateak bizi duen erbesteratze prozesu isilean. Horretarako, testigantza anitzak bildu ditu genero identitateari, adinari, bizipenei nahiz lurraldeari dagokienez. Era berean, lan bibliografiko mardula taxutu du, lan prozesuan eginiko hautu tekniko nahiz periodistiko guztiak xehetasun osoz azalduz eta Xerka proiektua fotokazetaritzaren ibilbide eta helburuetan kokatuz. Azkenik, epaimahai honek nabarmendu nahi du Larrazak ondutako lanak erakusten duen kalitate estetikoa, gaiarekiko eta elkarrizketatuekiko sentsibilitatea eta egileak darabilen hizkuntz maila jasoa."
Bestalde, epaimahaiak uste du "Aldageletan podcastak" aipamen berezia merezi duela. Izan ere, Garazi Karreraren proposamena espezializazio lan bat da, produktu profesionala, kirol arloari askotariko ikuspegietatik begiratzen diona, horretarako ahots kualifikatuak bilduta.