Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Xabier Alberdi, Pello Salaburu
BESTE HITZ BATZUEKIN (ESANDA)

1. Saila > azpisaila

birformulatzailea > esplikatiboa

2. Balioa

Beste hitz batzuetan esanda eta beste hitz batzuetan birformulatzaileen aldaera bat da, dezente gutxiago erabilia (53 agerpen baino ez ditu EUDIMA corpusean). Birformulazio esplikatibo bat bideratzeko erabiltzen da nagusiki: hots, aurreragoko diskurtso atal batean adierazitakoa azaltzera edo argitzera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Gramatikalizatze-bidean dagoen esapide horretaz baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haren bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela beste hitz batzuekin (esanda) esapideak txertatzen duen diskurtso atalean.

Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’.

Beraz, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa argitzera edo azaltzera dator atal birformulatzailea.

(2.1)

Nire ustez, onar daiteke arau orokor eta iraunkortzat, herri zibilizatuetan gerra-grinak bakanagoak eta motelagoak izaten direla gizarte-baldintzak berdindu ahala. Gerra, hala ere, herri guztietan gerta daitekeen zerbait da, herri demokratikoetan nahiz besteetan. Nolanahikoa izanik ere nazio horiek duten bake-zaletasuna, prest egon behar dute gerrari kontra egiteko, edo, beste hitz batzuekin esanda, armada bat edukitzeko[PKC, Amerikako demokrazia II, Alexis de Tocqueville / Iñaki Mendiguren (1996) Orr.: 248]

Birformulakizuna

prest egon behar dute gerrari kontra egiteko, 

Azalpena: atal birformulatzailea

edo, beste hitz batzuekin esanda, armada bat edukitzeko. 

(2.2)

Edozein izaki, bere barneko natura trabagabe garatu ahal duenean, gogara sentitzen da; hala, gozamen gorena eta iraunkor bakarra, biziera etikoak erdiesten du, besterik ez denak naturaren araberako biziera baino. Ongiaren joera espeziearen ongia jasotzea da; beste hitz batzuekin: jarduera moralak atsegintasunaren suma gizartearen barruan gehitzen du, horrek atzera poztasunezko sentimendua pizten baitu jardulearen beraren baitan. [PKC, Moralistak, A. Shaftesbury / Xabier Arregi (1994) Orr.: 42]

Birformulakizuna

Ongiaren joera espeziearen ongia jasotzea da; 

Azalpena: atal birformulatzailea

beste hitz batzuekin: jarduera moralak atsegintasunaren suma gizartearen barruan gehitzen du, horrek atzera poztasunezko sentimendua pizten baitu jardulearen beraren baitan. 

ALDAERAK. Moduzko edo helburuzko perpaus jokatugabe bat dago —beste hitz batzuetan (esanda/esateko), beste hitzetan/hitzez (esanda/esateko)— baliokide diren esapide nagusien eta haien aldaeren jatorrian:

                 a) beste hitz batzuetan esanda (esateko) > beste hitz batzuetan 

                 b) beste hitzetan esanda (esateko) > beste hitzetan 

                 c) beste hitz batzuekin esanda (esateko) > beste hitz batzuekin 

                 d) beste hitzez esanda (esateko) > beste hitzez

Lehian dabiltza birformulatzaile gisa perpaus menderatua eta haren forma laburtua: beste hitz batzuetan esanda / beste hitz batzuetan; beste hitzetan esanda / beste hitzetan. Egungo euskaran lau forma horiexek dute maiztasunik altuena eta badirudi haietan nolabaiteko lexikalizazioa eta gramatikalizazioa gertatzen hasita dagoela.

Taula: lemak eta aldaerak

BESTE HITZ BATZUETAN (ESANDA)

Agerpen kopurua

Beste hitz batzuetan esanda/esateko

- Beste hitz batzuetan esanda: 63

- Beste hitz batzuetan esateko: 23

86

Beste hitz batzuetan

118

Beste hitz batzuekin esanda/esateko

45

Beste hitz batzuekin

8

GUZTIRA

257

 

BALIOKIDEAK. Baliokidetzat jo ditzakegu egungo euskaran birformulatzaile gisa erabiltzen diren esapide hauek guztiak: bestela esan(da), beste era batera esanda/esateko, beste modu batera esanda/esateko, beste hitz batzuetan (esanda/esateko) eta beste hitzez/hitzetan (esanda/esateko).

Gure corpusaren arabera, gaurko euskaran baliokideen artetik bestela esanda esapideak ditu maiztasunik altuena eta tradiziorik onena. Ondoren, beste era batera esanda, beste modu batera esanda eta beste hitz batzuetan (esanda) datoz. Eta maiztasun dezente apalagoa dute beste hitzetan (esanda) birformulatzaileak eta haren aldaerek (beste/bertze hitzez…). Hona baliokide bakoitzaren agerpen kopurua eta maiztasuna:

Birformulatzaile baliokideen maiztasunak (EUDIMA corpusa)

Bestela esanda/esateko…

1032 agerpen, ‰ 1,64

Beste era batera esanda/esateko…

462 agerpen,   ‰ 0,73

Beste modu batera esanda/esateko…

231 agerpen,   ‰ 0,36

Beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda/esateko)

257 agerpen,   ‰ 0,41

Beste hitzetan/hitzez (esanda/esateko)

104 agerpen,   ‰ 0,16

[*Oharra: ‰ = 100.000ko]

Baliokide erabatekoak dira esapideok guztiok, bai balio semantiko-pragmatikoari dagokionez, bai posizioari eta sintaxiari dagokienez.

MAIZTASUNA. Beste hitz batzuetan (esanda) esapideen aldean oso maiztasun apala du beste hitz batzuekin (esanda) aldaerak: guztira, 53 agerpen baino ez ditu EUDIMA corpusean.

EUDIMA corpuseko datuen arabera, beste birformulatzaile esplikatibo batzuekin alderatuta (hau da: 40,38; alegia: 28,19; hots: 23,42) oso maiztasun apala dute beste hitz batzuetan (esanda)  eta beste hitzez/hitzetan (esanda/esateko) esapideek egungo euskaran: hurrenez hurren, 0,41 eta 0,16. Bereziki, diskurtso akademikoan —azalpenezko diskurtsoan— erabiltzen dira (Pentsamenduaren Klasikoak, Zuzenbideko testu akademikoak, EHU, ZTC). Gainerako corpusetan oso bakanetan agertzen dira.

Maiztasun apalagoa du, beraren baliokide batzuek baino. EUDIMA corpuseko datuen arabera bestela esanda esapideak du maiztasunik altuena (1,64). Ondoren, beste era batera esanda (0,73), beste modu batera esanda (0,36) eta beste hitz batzuetan (esanda) (0,41) datoz. Eta maiztasun dezente apalagoa du beste hitzetan (esanda) birformulatzaileak eta haren aldaerek (beste/bertze hitzez) osatzen duten multzoak (0,16).

Gehiago jakiteko (balio diskurtsiboa, balioak eta erabilerak, joskera, eta abar), ikus beste hitz batzuetan esanda eta beste hitz batzuetan 

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus