Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Xabier Alberdi, Pello Salaburu
HURRENEZ HURREN

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > zehaztailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Egungo euskaran, askotan, informazio-kate bat osatuz agertzen da hurrenez hurren esapidea. Enumerazio bateko elementuei buruzko azalpen edo zehaztapenak emateko erabiltzen da. Nolabaiteko balio banakaria du eta segidako (eskuarki, aurreko eta ondorengo) enuntziatuetako datuen arteko korrelazioa adierazten du: enumerazio bateko elementuen hurrenkeran oinarritzen da ondorengo zehaztapen edo azalpen argigarri bakoitzaren interpretazioa edo erreferentzia; hots, korrelatiboak dira segidan datozen enuntziatuetako enumerazioetako datuak. Gehienetan “enumerazioa + enumerazio horretako elementuei buruzko zehaztapenak” hurrenkera nagusitzen da, eta gorago aipatutakoari erreferentzia egiteko balio du: nolabaiteko balio anaforikoa du, alegia.

(2.1)

(...) Egia esan, elefante guztiak ez dira berdinak belarrien handitasunari dagokionez. Loxodonta africana-k bai, oso handiak ditu belarriak, 183 cm eta 114 cm baitira, hurrenez hurren, haien luzera eta zabalera. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 43]

Birformulakizuna

(1. enumerazioa)

183 cm [A] eta 114 cm [B] baitira

Azalpena: atal birformulatzailea

(2. enumerazioa)

hurrenez hurren, haien [belarrien] luzera [A´] eta zabalera [B´]                                                                             

Birformulakizunean ageri diren datuak (183 cm eta 114 cm) interpretatzeko orduan hurrenkerari erreparatu behar zaio. Atal birformulatzaileko lehen elementua birformulakizuneko lehen datuari dagokio; atal birformulatzaileko bigarren elementua, birformulakizuneko bigarren datuari; eta horrela hurrenez hurren: A’ zehaztapena (luzera) A datuarekin (183 cm) uztartzekoa da; eta B’ zehaztapena (zabalera), B datuarekin (114 cm) uztartzekoa.

Gehienetan, birformulakizuneko eta birformulazioko bina elementu sartzen dira erreferentzia-joko horretan; baina zenbaitetan hiru elementuren artean ezartzen da lotura semantiko-pragmatikoa:

(2.2)

Sentsuetariko gutxienez hiruren pertzepzioak, izan ere, era guztietako uhinak detektatzeko eta interpretatzeko gaitasuna du protagonista. Funtzio bat garbi dago itxura batean: informazioaren kontrola. Soinua, ikusmena eta ukimena hiru sentsu dira, hurrenez hurren presio-uhinak, uhin elektromagnetikoak eta bibrazioak hautemateko gai direnak. [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU, 2007) Orr.: 312]

Birformulakizuna

Soinua, [A] ikusmena [B] eta ukimena [C] hiru sentsu dira

Azalpena: atal birformulatzailea

hurrenez hurren, presio-uhinak [A'], uhin elektromagnetikoak [B'] eta bibrazioak [C'] hautemateko

adibide gehiago:

(2.3)

Truke horien hiru bosten herrialde industrializatuen artean egiten dira, hau da, Mendebaldeko Europako herrialdeen artean edo europar jatorria dutenen artean (Ipar Amerika, Ozeania), Japoniaz gainera. Merkataritza horri "Ipar-Ipar" deitu ohi zaio; izan ere, Iparrak eta Hegoak, hurrenez hurren, eta azaletik bada ere, zentroaren eta periferiaren kontzeptuak adierazten dituzte. [EPD, Ekonomiaren globalizazioa, Jacques Adda / Koro Navarro (EHU, 2004) Orr.: 63]

(2.4)

Beste aldekoa "Baxenabarre" deitu dut, Joanes Peruskik jadanik 1664an idatzi, baxenabartarrek beti esan eta Euskaltzaindiak berriki onetsi duen bezala. "Erribera" eta "Mendialdea", Nafarroako eskualdeak, esanahi historikoarekin ibili ditut, hau da, ia-ia eremu erdaldunaren eta eremu euskaldunaren baliokidetako, hurrenez hurren (gaurko "Erdialde" gehiena Mendialdearen barruan zegoen eta). [EPD, Gu, nafarrok, Xabier Zabaltza (Alberdania, 2007) Orr.: 18]

(2.5)

Athleticek 5-0 irabazi zion L'Estartit taldeari, baina Levantek eta Rayo Vallecanok ere irabazi egin zuten, eta bederatzi eta sei puntura jarraitzen dute, hurrenez hurren. [EPD, prentsa]

(2.6)

Fernando Lamikizek eta Miguel Fuentesek, hurrenez hurren Athletic eta Realeko presidenteek, istilurik ez dutela nahi adierazi zuten atzo, baina bakoitzak bereari eutsi zion. [EPD, prentsa]

(2.7)

Zin egiten dut: elkar noraino gorrotatzen zuten jakinik ere, malkoak ikusi nituen bi anaien bisaietan, elkarri sekula betiko adio erratean. Orobat negar egiten zuen Alençonek, bere anaia zaharrenak adina hastio izanagatik Poloniako errege berria. Eta are negar gehiago Margaritak eta Katalinak, joaten ikusirik, hurrenez hurren, garai bateko neba kutuna eta betiko seme bihotzekoa. (...) [EPD, Izan bainitzen Nafarroako errege, Aingeru Epaltza (Elkar, 2009) Orr.: 178]

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Hurrenez hurren-ek ez du beste baliorik diskurtso-markatzaile gisa.

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enumerazio bateko elementu bakoitzari buruzko zehaztapenak gaineratzeko erabiltzen du testugileak hurrenez hurren birformulatzailea: elkarren segidako sekuentzietako elementuen arteko korrelazioak argi geratzea nahi du hiztunak.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Informazioaren ikuspegitik funtsezko baliabide kohesiboa da, sekuentzia desberdinetako elementuen arteko korreferentzia erabakitzen duelako eta datuen kate argiak osatzen dituelako.

(5.1)

Dentsitatea bezala, bolumen espezifikoa propietate intentsiboa da, eta puntu batetik beste batera alda daiteke. Dentsitatearen eta bolumen espezifikoaren SI unitateak kg/m3 eta m3/kg dira, hurrenez hurren. Hala ere, maiz g/cm3 eta cm3/g gisa ere adierazten dira, hurrenez hurren. Dentsitatearentzat eta bolumen espezifikoarentzat testu honetan erabiliko ditugun unitate ingelesak lb/ft3 eta ft3/lb dira, hurrenez hurren. [EHU, Ingeniaritza-termodinamikaren oinarriak, Moran, Michael J. et al. (EHU, 2007) 1. kapitulua]

6. aurkibidera joan Forma eta jatorria

FORMA

Etxez etxe hitz-elkartearen tankerako bikoiztapena (‘amredita arrunta’) da hurrenez hurren esapidea, morfema bera errepikatuz sortua: lehenengo aldian instrumentalez jantzita eta bigarrenean biluzik (hurrenEZ hurren). Adberbio moduko eraikuntzak dira eta behin eta berriroko gertaera edo errepikatzea adierazten dute halako elkarteek (Euskaltzaindia 1993: 48). Haren pareko etxerik etxe ereduaren arabera sortua da hurrenik hurren aldaera.

JATORRIA

Hurrenez hurren esapidearen OEHko adibideak (ikus infra Euskal hiztegiak) XX. mendearen bigarren zatikoak dira (Zaitegi, Orixe, Ibiñagabeitia, Mitxelena) eta “bata bestearen ondotik” (gazt. “sucesivamente”) adierari dagozkio soilik. Beraz, adberbio-erabileratik (“baten ondotik hurrengoa doala”, “sucesivamente”) eratorria dirudi birformulatzaile-erabilerak (“respectivamente”). Ondorengo adibideetan ikus daiteke nolako bilakaera gertatu den diskurtso-baliabide anaforiko bat sortzeko: lehenengo adibideetan (6.1., 6.2., 6.3., 6.4.), diskurtsoan ez dago korrelazio anaforikorik eta, besterik gabe, gertaera batzuk bata bestearen ondotik datozela aditzera ematen da (hots, hurrenkera soila); hurrengo adibidean (6.5.), badago aurrekari zehaztugabe bat (iraultza bi) eta birformulazioan aurrekari zehaztugabe horren erreferentzia zehatzak ematen dira (erlatibitate berezia / erlatibitate orokorra); azken adibideetan (6.6. eta 6.7.), aurrekari zehatz batzuk ditugu eta hurrenez hurren birformulatzailearen bidez aurrekari horietako bakoitzaren erreferentzia zehazten da birformulakizuneko eta birformulazioko sekuentzien hurrenkerari jarraituz.

(6.1)

Giltzaren gainean eztabaidan sartzeko tenorea ez zela pentsaturik, Isasiren ganbarara jo nuen, bidean Domingo ikusiko nuenentz ez nuenentz ikusiko, harekin ere dudatan. Ez nuen ikusi, egia, eta hala hobeto, zereginei banan-banan eta hurrenez hurren ekitea hobe zelako denean aldi berean saiatzea baino. Eta zereginetan lehena, behinena, Pero iritsiko zen unerako prest egotea zen. Ze, nik nire artean desio nuen moduan, eta Joanikok iragarritakoaren kontra, itzuli egin baitzen artilleroen buru Pero. [EPD, Sukar ustelaren urtea, Edorta Jimenez (Txalaparta, 2004) Orr.: 333]

(6.2)

Egizu kontu, Franco murgiltze populistaren erdian, eta autoak aitzina egin ahala populuak, Hollywoodeko estrak balira bezain itzulerdi sinkronizatuan, "Orain! ", bizkarra erakusten diotela ongi-etorri moduan...! Eta ondotik non ikusten dugun, goranzko panoramika batez, etxeetako leiho guztiak itxi egiten direla hurrenez hurren, harik eta kamera filmatzen ari den leihoko pertsianak ere, ukoz, tanpez, amorruz, bizkarra ematen dion arte, irudia bera beltzean urtzeko...! Halakoak amesten ditu oraindik ere don Serapiok gure herri xehearendako. [EPD, Sua nahi, Mr. Churchil?, Koldo Izagirre (Susa, 2005) Orr.: 270]

(6.3)

Fraktalitatea espiralaren barnetik kanporantz hazten da (MCFLC bilduma, Sergio Parraren argazkia). Tximista batek (18.2 irudia) eta azalore batek (18.3) badute zerbait erkidea. Forma autoantzekoak dira. Bi irudiek dituzte parte batzuk egoki handiturik osotasunaren antzekoak direnak. Eta gauza bera gertatzen da parteen parteekin, beren parteekiko... Eta hala hurrenez hurren zenbait bider. [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU-ZIO Bilduma, 2007) Orr.: 332]

(6.4)

RENAIX-ERA GERTURATZEN ZELA, Flandrian, gose-egarria sortu zitzaion Ulenspiegeli, baina ez zuen kexatu gura, eta jendeari barre eragiten saiatzen zen, ogia eman ziezaioten. Baina itzel txarto egiten zuen barre, eta jendeak aurrera egiten zuen ezer eman barik. Hotza egiten zuen: hurrenez hurren elurra, euria, izotza egiten zuen alderraiaren bizkarrean. [EPD, Ulenspiegelen elezaharra, Charles De Coster / Koldo Izagirre (Elkar/Alberdania, 2007) Orr.: 175]

(6.5)

Zentzu zabal batean, funtsezko iraultza bi zertu ziren, aski desberdinak, hogeigarren mendeko fisikan. Lehenbizikoa, erlatibitatea, espazioaren eta denboraren izaeraz arduratzen zena, eta bigarrena, berriz, kuantu-teoria, materiaren izaeraz arduratzen zena. Esan liteke, ordea, erlatibitatearen teoriak berak iraultza bi zekartzala berekin, hurrenez hurren "erlatibitate berezia" eta "erlatibitate orokorra" deritzenak. [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 330]

(6.6)

Fernando Lamikizek eta Miguel Fuentesek, hurrenez hurren Athletic eta Realeko presidenteek, istilurik ez dutela nahi adierazi zuten atzo, baina bakoitzak bereari eutsi zion. [EPD, prentsa]

(6.7)

Toponimiaz hitz pare bat egin nahi nuke, Nafarroakoaz bereziki. Abertzaletasunak, sortu zenez geroz, kezka handia erakutsi zuen toki-izenak "berreskuratzeko". Baten bat harrituko bada ere, erdarazko Estella, Olite eta Villava izenen euskarazko ordain jatorrak Estella, Olite eta Billaba edo Billeba dira, hurrenez hurren. [EPD, Gu, nafarrok, Xabier Zabaltza (Alberdania, 2007) Orr.: 70]

7. aurkibidera joan Aldaerak

OEHk hiru aldaera hauek dakartza:

HURRENIK HURREN. a) Respectivamente. Iru atal dituen dantzaketea: zortziko, orripeko ta arin-ariña, 5/8, 3/4 eta 2/4 musika-neurriz, urrenik urren. Erkiag Arran 37. b) A continuación. Zaharrik gehienok, oraindik gordin xamar gaudelako edo, ez gara deus izan [...]. Eta hurrenik hurren, 40 urte inguruko jendea datorkigu. MEIG IX 63.

HURRENA HURREN. Sucesivamente, uno tras otro. Egunak hurrena hurren / badu berdin salhatzen [Iainkoaren loria]. Hm 43.

HURRENGORIK HURRENGO. Uno tras otro. Eta euren seme ta alabak, eta urrengorik urrengo, belaunik belaun, ur-ertzean jaio, azi, kozkondu ta bizi izan diran jatorri osoko gizakiak. Erkiag Arran 85. Agiñak eta ortzak banan banan eta urrengorik urrengo erauziaz. Erkiag BatB 26. Urrengorik urrengo, gizakien ardurarik zoliena, geienbat, orixe da-ta, izan bere. Ib. 34. Gizonak eta mutil gazteak, dotoreak oneek bere, urrengorik urrengo, agur txeratsua egiten deutse. Ib. 139.

 

Baina gaurko euskara estandarrean ez dirudi diskurtso-markatzaile gisa hurrenez hurren esapideaz bestelako aldaerarik erabiltzen denik[1]. Izan ere, OEHk dakartzan hiru aldaera horietatik bat bera ere ez da ageri gaurko corpusetan balio diskurtsiboarekin.



[1] EUDIMA corpusaren arabera (62,6 milioi testu-hitz), hurrenez hurren esapidearen agerpen kopuruaren aldean (3565 agerpen) hutsa edo hutsaren hurrengoa da gainerako aldaeren maiztasuna: hurrena hurren (agerpen bat), hurrengorik hurrengo (agerpen bat), hurrenik hurren (behin ere ez).

8. aurkibidera joan Baliokideak

Ez du baliokiderik.

9. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Hurrenez hurren ez dago berariaz aztertua euskal gramatiketan baliabide anaforiko gisa.

10. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

Orotariko Euskal Hiztegiak (OEH) eta Sarasolaren Euskal Hiztegiak hurrenez hurren esapidearen lehenengo adiera baizik ez dakarte (hurrenez hurren-1: "bata bestearen ondotik, errenkadan, ondoz ondo"; gazt. "sucesivamente"): OEHko adibideetatik ondoriozta daitekeenez (Zaitegi, Orixe, Ibiñagabeitia, Mitxelena), badirudi XX. mendearen erdialdera hasten dela zabaltzen eta finkatzen adberbio-esapidea. Geroago, XX. mendean, "bata bestearen ondotik" balioa duela, lehian sartzen da beste aldaera batzuekin (hurrenik hurren, hurrena hurren, hurrengorik hurrengo), baina gaurko euskara estandarrean erabat nagusitu da hurrenez hurren esapidea adberbio gisa.

[OEH]:

HURRENEZ HURREN. Sucesivamente, uno tras otro. "Urrenes-urren (AN-araq), por orden; de uno en uno" Satr VocP. Zure menpeko gurenari agertu ta onek urrenez urren ondozka darraikionari azaldu bezaio. Zait Sof 149. Leo XIIIgarrenak gauza bera agindu zienen prantses katolikueri, ta olaxe Aita Santu guziek, urrenez urren, itz berberekin. Or QA 77. Esamaña bakoitzean itzak urrenez urren ipiñiz. Or Aitork 20. Arrizko aulki lerroak urrenez urren zeuden. Zait Plat 21. Gurasoen gurasoengandik urrenez-urren ikasten zuen bakoitzak bere lanbidea. Ib. 13. Onek jarri zitun bere lira-soiñuz Tebas uriko esiak urrenez urren. Ibiñ Virgil 36. [Eutezko genitiboak] badu, hitz oinarri berriak sortzeko ahalmenaz gainera, bere burua hurrenez hurren errepikatzekoa ere. MEIG VI 175.

[Euskal Hiztegia]

—HURRENEZ HURREN. adlag. ( 1946) Baten ondotik hurrengoa doala. Hitz zatiak soinuka iragan ziren, bigarrena lehenaren ondotik, hirugarrena bigarrenaren atzetik eta horrela hurrenez hurren. || Hurrenez hurrengo zenbakiak.

[Elhuyar]

HURRENEZ HURREN: sucesivamente, ordenadamente, cronológicamente; respectivamente

Bigarrena lehenaren ondotik, hirugarrena bigarrenaren atzetik eta horrela hurrenez hurren: el segundo después del primero, el tercero detrás del segundo y así sucesivamente.

Hurrenez hurrengo zenbakiak: números en orden cronológico.

Jonek eta Amaiak bi eta hiru anai-arreba dituzte hurrenez hurren: Jon y Amaia tienen dos y tres hermanos respectivamente.

[Euskaltzaindiaren Hiztegia]

1 Baten ondotik hurrengoa doala. Esaldi bakoitzean hitzak hurrenez hurren ipiniz. // Hurrenez hurreneko zenbakiak.

2 Bakoitzari dagokionez. Gaurko Lekeitiko, Ondarroa, Plentzia eta Azpirotz izenekoak, hurrenez hurren, Lequeitio, Ondárroa, Plencia eta Azpiroz izenez ere azaltzen dira lehenagoko mapetan.

 

Goraxeago azaldu dugunez, ez OEHk ez Euskal Hiztegiak ez dute jasotzen hurrenez hurren esapideak diskurtso-markatzaile gisa duen balioa eta horrek pentsarazten digu diskurtsoaren mailako balio anaforikoa (gazt. "respectivamente") geroago sortua izan daitekeela; aspaldi ez dela, seguru asko. Izan ere, balio diskurtsiboaren adibide bakarra dakar OEHk:

Iru atal dituen dantzaketea: zortziko, orripeko ta arin-ariña, 5/8, 3/4 eta 2/4 musika-neurriz, urrenik urren. (Erkiag Arran)

 

XX. Mendeko Euskararen Corpus Estatistikoan[1] ikus daitekeenez, XX. mendearen bigarren zatitik aurrera asko ugaltzen dira hurrenez hurren-2 diskurtso-markatzailearen agerpenak.

Gaur egun, logikoa denez, hiztegi gehienetan jasota dago (esaterako, Elhuyar[2], Egungo Euskararen Hiztegia[3], Labayru, Euskaltzaindiaren Hiztegia) erabilera diskurtsibo berria ("respectivamente" balioa, alegia).

Tradizio idatziko datuen azterketatik ondoriozta daitekeenez, XX. mendearen bigarren zatian bilakaera-prozesu bat gertatu da hurrenez hurren esapidearen semantikan, esanahi kontzeptualetik prozesatze-esanahira lerratuz (ikus Martí Sánchez 2011: 17). Nolabaiteko gramatikalizazioa gertatu da, adberbio-esapidea prozesatze-eginkizun jakin baterako espezializatzeraino (Ikus Martín Zorraquino eta Portolés 1999: 4060).

Ondorioz, itxura guztien arabera, orain dela hamarkada batzuk sortua da hurrenez hurren‑2 diskurtso-markatzailea. Uste izateko da, gainera, azken hamarkadetako itzulpengintzak eta auzo- eta kultura-hizkuntzetako nazioarteko prosa estandarrera hurbiltzeko ahaleginak ere zerikusia izango zutela baliabide diskurtsibo berriaren sorreran.

 

11. aurkibidera joan Posizioa

Enumerazio baten —birformulakizunaren— ondoren agertu behar du ezinbestean hurrenez hurren birformulatzaileak: atal birformulatzailearen hasieran zein amaieran.

(11.1)

Beren xede-geneen jarduna modulatuz egiten dute lan homeogeneek; xede-geneok determinatzen dute hazkuntza-eragileen eta haien hartzaileen ekoizpena, eta, beren adierazpenez, zelulen ugalketa eta eragin-trukea arautzen. Elementu genetikozko hierarkia batek gobernatzen du, bada, euliaren garapena. Hierarkia horretatik, gradu jakin batzuen ordezkari dira homeogeneak eta haien xede-geneak: Antonio García-Bellidok, hurrenez hurren, gene "hautesle" eta gene "gauzatzaile" esaten dienak. [ZIO, Sagua, eulia eta gizakia, François Jacob / Juan Garzia (EHU, 2004) Orr.: 63]

(11.2)

Haren The Organism I 939ko liburu aipagarrian aurki daiteke azalpen hori (I 0. atalean, bereziki). Gerraostean, Georges Canguilhem eta Michel Foucault pentsalari razionalistek aztertu dituzte bereziki osasuna eta eritasuna. The normal and the Pathological eta Illness and Psychology dira liburu nagusiak; Canguilhemena eta Foucaultena, hurrenez hurren. [ZIO, Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003) Orr.: 288]

Honako adibide honetan hasieran agertzen da hurrenez hurren eta geroago erreferentea (sabaikoak “sabaiko fluoreszenteak”); baina horrelakoetan ez dago korrelazio anaforikorik, adberbio hutsa baizik (“bata bestearen ondotik”, “banan-banan”).

(11.3)

Haatik, bazirudien euria ez zela inoiz lurrera iristen, haizeak zeramala airez aire zirimolan. Begitandu zituen guardak bizikletan enbatak putzura eramaten, nasatik behera jausten bata bestearen ondotik. Atelier elektrikoaren atarira heldu ziren. - Sukaldeko fluoreszentea erre zitzaiguan atzo guri. - Etor hadi nirekin. Hurrenez hurren piztu ziren sabaikoak, bristada egin zuten harilkatzen ari ziren motorren kobrean. - Zenbatekoa daukazue, berrehun eta hogeikoa edo ehun eta hogeita bostekoa? - Ehun eta hogeita bostekoa. Pintura grisean "Biltegia" zuriz eta eskuz idatzia zeukan atea zabaldu zuen. - Hor, ezkerrean, kartoi urdinetan dauden horiek. [EPD, Sua nahi, Mr. Churchil?, Koldo Izagirre (Susa, 2005) Orr.: 229]

Inoiz edo behin, bereziki birformulakizuna erlatibozko perpaus batean txertatuta badago, gerta daiteke markatzailea (hurrenez hurren-2) perpausaren hasieran agertzea.

(11.4)

a. (…) Administrazioak, erakundeetan ordezkaritza duten enpresari-elkarteek eta indarrean dagoen legediaren arabera ordezkari gehien dituzten sindikatuek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikitako organo bat osatuko dute: hurrenez hurren enpleguari eta prestakuntzari dagozkien <<3211 eta 3231 programak>> ezartzeko moduaren gaineko kontrola eta jarraipena egiteko. [Zuzen_LT, Euskal Autonomia Erkidegoko 2009. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea, (Eusko Legebiltzarra, 2009]

(11.5)

b. Beraz, BERREGIN prozedura 1. egunkari-erregistroan hasiko da, eta eguneratzeak berregiteari ekingo dio. Hurrenez hurren, C, B, A eta C orrialdeen eguneratzeei dagozkien <<1, 2, 6, 7 ESZak>>, hurrenez hurren, ez dira orrialde horien ESZak baino txikiagoak (orrialde zikinen taulan ikus daitekeenez). [EHU, Datu-base sistemak, Ramez Elmasri et al., EHU, 2009, 19. kapitulua]

Dena dela, esan bezala, ia erregela da markatzailea enumerazio baten ondoren kokatzea  —beharbada modu horretan hartzaileak informazioa errazago prozesatzen duelako— eta ez bi enumerazio biltzen dituen perpaus baten hasieran.

(11.6)

a. Amaia eta Cristina izango dira, hurrenez hurren, proba motzeko eta luzeko korrikalari nagusiak.

(11.7)

b. Amaia eta Cristina izango dira, proba motzeko eta luzeko korrikalari nagusiak, hurrenez hurren.

 

(11.8)

?Hurrenez hurren, Amaia eta Cristina izango dira proba motzeko eta luzeko korrikalari nagusiak

12. aurkibidera joan Puntuazioa

Birformulatzaile-eginkizuna duenean, etenaldi artean agertu ohi da ia beti: koma artean, atal birformulatzailearen hasieran jartzen denean (12.1.); eta birformulazioaren amaieran doanean, ezkerrean koma duela eta eskuinean koma, puntu eta koma edo puntua duela (12.2.) agertzen da.

(12.1)

(...) Egia esan, elefante guztiak ez dira berdinak belarrien handitasunari dagokionez. Loxodonta africana-k bai, oso handiak ditu belarriak, 183 cm eta 114 cm baitira, hurrenez hurren, haien luzera eta zabalera. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 43]

(12.2)

Athleticek 5-0 irabazi zion L'Estartit taldeari, baina Levantek eta Rayo Vallecanok ere irabazi egin zuten, eta bederatzi eta sei puntura jarraitzen dute, hurrenez hurren. [EPD, prentsa]

Hala ere, atal birformulatzailearen hasieran doanean, zenbaitetan eskuineko komarik gabe idazten da, nahasbideak saihesteko eta birformulazioaren norabidea agerian uzteko: alegia, eskuinaldera hedatzen da birformulazioa eta ez alderantziz (12.3.).

(12.3)

Horra bistaratzen hasia odolkidetasuna eta kokapena zenbakitan emateko oinarri bat. Uhartediaren eskualde batean, esate baterako, burdina, kobaltoa eta nikela (26., 27. eta 28. elementuak, hurrenez hurren pisu atomiko hauek dituztenak: 55,85, 58,93 eta 58,69) triadatzat identifikatu zituen, eta Istmoaren eremu bat agertu zen. [ZIO, Erreinu periodikoa, Peter William Atkins / Juan Garzia (EHU, 2011) Orr.: 98]

13. aurkibidera joan Sintaxia

Batzuetan, perpaus bereko sintagmetako elementuen artean ezartzen da korrelazioa (nolabaiteko erlazio anaforikoa): subjektu edo objektu aposatuen artean (13.1., 13.2.); predikatuaren eta subjektuaren artean (13.3.), subjektuaren eta predikatu osagarriaren sintagma aposatuaren artean (13.4.) Baina beste askotan, perpaus alboratu (13.5.) edo juntatuetako (13.6.) sintagmetako elementuen artean ezartzen da korrelazioa. Aposizioan agertzen da maiz (13.1., 13.2), baina ez beti (13.5.).

(13.1)

Sabino Arana eta Jesús Aizpún, EAJren eta UPNren sortzaileak, hurrenez hurren, bata bestea bezain foruzaleak ziren. [EPD, Gu, nafarrok, Xabier Zabaltza (Alberdania, 2007) Orr.: 58]

(13.2)

Fernando Lamikizek eta Miguel Fuentesek, hurrenez hurren Athletic eta Realeko presidenteek, istilurik ez dutela nahi adierazi zuten atzo, baina bakoitzak bereari eutsi zion. [EPD, prentsa]

(13.3)

(...) Egia esan, elefante guztiak ez dira berdinak belarrien handitasunari dagokionez. Loxodonta africana-k bai, oso handiak ditu belarriak, 183 cm eta 114 cm baitira, hurrenez hurren, haien luzera eta zabalera. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 43]

(13.4)

Sentsuetariko gutxienez hiruren pertzepzioak, izan ere, era guztietako uhinak detektatzeko eta interpretatzeko gaitasuna du protagonista. Funtzio bat garbi dago itxura batean: informazioaren kontrola. Soinua, ikusmena eta ukimena hiru sentsu dira, hurrenez hurren presio-uhinak, uhin elektromagnetikoak eta bibrazioak hautemateko gai direnak. [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU-ZIO Bilduma, 2007) Orr.: 313]

(13.5)

Adanen mitoan eta Faustorenean, ezaguerak ez dezake eraman gaizkira baino; sugea eta deabrua dira, hurrenez hurren, haren ikur. [ZIO, Sagua, eulia eta gizakia, François Jacob / Juan Garzia (EHU, 2004) Orr.: 138]

(13.6)

Athleticek 5-0 irabazi zion L'Estartit taldeari, baina Levantek eta Rayo Vallecanok ere irabazi egin zuten, eta bederatzi eta sei puntura jarraitzen dute, hurrenez hurren. [EPD, prentsa]

(13.7)

Animalia askotan, garbi bereizten dira denbora luzean esfortzu jarraituan jarduteko egokituta dauden muskuluak (oxigeno-horni ona behar dutenak) eta bat-bateko ekitaldi laburretarako eginak, oxigeno beharrik gabe muskuluan dagoen ATPa eta fosfokreatina darabiltenak. Muskuluko oxigenoaren kopuru txiki bat baino ez da konbinatzen hemoglobinarekin, globulu gorriei beren kolore gorria ematen dien gaiarekin; mioglobinarekin eta zitokromoarekin konbinatzen da gehiena (hemoglobinaren antzeko substantzia bat eta kolorezko beste material bat, hurrenez hurren). [ZIO, Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro (EHU, 2006) Orr.: 54]

Beste diskurtso-markatzaile batzuekin gertatu ohi denez, posizioaren aldetik badu leku desberdinetan agertzeko nolabaiteko askatasuna, baina mugikortasuna ez da erabatekoa: aurreko adibideetan ikusi denez, bigarren enumerazioari dagokion sintagmaren ezkerrean zein eskuinean agertu ohi da; baina ezin da agertu enumerazioari dagokion sintagmako elementuen artean (ikus Real Academia Española (RAE), Asociación de Academias de la Lengua Española 2010: 2358). 

(13.8)

a. <<Sabino Arana eta Jesús Aizpún>>, [EAJren eta UPNren sortzaileak, hurrenez hurren], bata bestea bezain foruzaleak ziren. (EPD, Gu, nafarrok, Xabier Zabaltza, Alberdania, 2007, Orr.: 58)

(13.9)

b. <<Sabino Arana eta Jesús Aizpún>>, [hurrenez hurren, EAJren eta UPNren sortzaileak], bata bestea bezain foruzaleak ziren.

(13.10)

c. *<<Sabino Arana eta Jesús Aizpún>>, [EAJren eta, hurrenez hurren, UPNren sortzaileak], bata bestea bezain foruzaleak ziren.

Birformulazio kateatuak ere gertatzen dira noizean behin. Honako testu honetan, esate baterako, segidako perpaus edo birformulazioen bidez ematen da sekuentzia jakin bateko elementuei buruzko zehaztapenak:

(13.11)

Dentsitatea bezala, bolumen espezifikoa propietate intentsiboa da, eta puntu batetik beste batera alda daiteke. Dentsitatearen eta bolumen espezifikoaren SI unitateak kg/m3 eta m3/kg dira, hurrenez hurren. Hala ere, maiz g/cm3 eta cm3/g gisa ere adierazten dira, hurrenez hurren. Dentsitatearentzat eta bolumen espezifikoarentzat testu honetan erabiliko ditugun unitate ingelesak lb/ft3 eta ft3/lb dira, hurrenez hurren. [EHU, Ingeniaritza-termodinamikaren oinarriak, Moran, Michael J. et al. (EHU, 2007) 1. kapitulua]

Zenbaitetan, birformulakizunak eta birformulazioak kasu-marka eta numero bera izan ohi dute (13.1., 13.2.); baina, berez, ez dute zertan komunztadura sintaktikoa gorde: aski da elkarrekin identifika daitezkeen elementuak izatea: (13.5., 13.6., 13.7).

Diskurtso-markatzailea denean ez da agertzen juntagailuekin batera (bai, ordea, adberbio-erabileran: eta hala hurrenez hurren, eta horrela hurrenez hurren).

14. aurkibidera joan Maiztasuna

Diskurtso planifikatu idatzian erabiltzen da batik bat (hizkuntza akademikoan eta azalpenezko testuetan bereziki, eta dezente gutxiago prentsa idatzian).

Ahozko hizkuntzan ez da erabiltzen birformulatzaile gisa: Goenkale corpuseko agerpen apurrak, adibidez, adberbio-erabilerari dagozkio (“bata bestearen ondotik doala”) eta gidoilariaren deskripzio-oharretan baino ez dira agertzen; ETBko dokumentaletan ere, entzunak izateko sortuak baitira, ez da behin ere agertzen.

Beste birformulatzaile batzuekin gertatzen den moduan, badirudi itzulpenak eragina izan duela birformulatzaile honen erabileran, testu itzulietan batez bestekoaren ( 5,69) gainetik baitabil hurrenez hurren-en maiztasuna:  8,64 oro har; eta ‰ 23,01 unibertsitateko testu euskaratuetan (EHU). [Oharra: ‰ = 100.000ko]

hurrenez hurren
(Oharra: agerpen guztiak ez dagozkio
birformulatzaile-balioari)

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

1266

23,01

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

452

11,02

B2. ZT Corpusa

632

9,57

A1. ZIO corpusa

56

5,60

B1b. EPD prentsa

502

4,78

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

98

3,92

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

416

3,88

B1a. EPD liburuak

127

1,24

C2. Goenkale corpusa

16

0,14

C1. ETBko dokumentalak

0

0,00

Denera

3565 

5,69

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

Jatorrizkoak

1239

3.47

Itzulpenak

2326

8.64

15. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a. Planifikatutako diskurtsoan erabiltzen da hurrenez hurren birformulatzailea eta, batez ere, hizkuntza idatzian eta irakurtzekoak diren testuetan. Datuak ez dira inola ere erabakigarriak, baina joera hauek ikusten ditugu: hizkuntza akademikoan erabiltzen da gehien hurrenez hurren esapidea[1] (EHUko ikasliburu itzuliak: ‰ 23; Zuzenbideko lege-testu itzuliak: ‰ 11; Zientzia eta Teknologiaren Corpusa: ‰ 10 inguru); dezente gutxiago erabiltzen da bestelako azalpenezko testuetan (ZIO: ‰ 5,6; Pentsamenduaren Klasikoak: ‰ 3,88) eta prentsa idatzian (EPD-prentsa: ‰ 4,78); eta nekez agertzen da ahozko testuetan.

b. Nekez erabiltzen da lagunarteko hizkeran, erregistro hori planifikatu gabea baita.

c. Ematen du hizkuntza idatzitik kanpo nekez erabiltzen dela. Badirudi egungo ahozko euskara biltzen duen “Ahotsak” corpuseko datuek (http://www.ahotsak.com/) ere hipotesi bera berresten dutela: transkribatutako testuetan ez dugu aurkitu hurrenez hurren esapidearen arrastorik.


[1] Hurrenez hurren esapideari dagozkio maiztasun-datuak eta ez soilik birformulatzaileari. Dena dela, corpusetako adibide edo agerpen gehienak hurrenez hurren-2 markatzaileari dagozkio.

16. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

[Elhuyar]

respectivamente

frantsesa

[Elhuyar]

Lok. respectivement

ingelesa

[Elhuyar, Morris]

Lok. respectively

17. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Adberbio-erabileran (“bata bestearen ondotik doala”) ez dago ageriko korrelaziorik edo erlazio anaforikorik eta, beraz, halakoetan ez da diskurtso-markatzaile.

(17.1)

Era berean, baldin eta pentsa bageneza badela laugarren pertsona bat, Jainkoarengan (gorets bedi!) grinak ezin onartuzkoak direla gauza frogatutzat edukiko lukeena, eta, aldiz, Jainkoaren gorpuztasuna ukatu besterik egiten ez duen lehenbiziko pertsona hark ez duela hori gauza frogatutzat ematen, ezbairik gabe laugarren hori Jainkoarengandik hurbilago legoke lehenbizikoa baino, eta horrela, hurrenez hurren; (...) [EPD, Alderraien gidaria, Mose ben Maimon / Xabier Kintana (Pentsamenduaren klasikoak, 2006) Orr.: 146]

(17.2)

(...) Heriotza unetik ehorzketara bitartean, hertuz-hertuz baitzihoan, hasierako hilkutxan kutxa hurrenez hurren txikiagoak sartzen joan ziren, handia hainbeste bider txikitzeak baino errazago eta, ziur, merkeago urtengo ebala-eta, harik eta, lehenengo palakada-lurraren aurretxoan, azkenengo txikiena egokitu eben arte. [EPD, [Olatu bat kuartelen gainetik, Xabier Amuriza (Lanku, 2009) Orr.: 183]]

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus