Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Xabier Alberdi, Pello Salaburu
HOTS

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > esplikatiboa

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Birformulazio esplikatibo bat bideratzeko erabiltzen da hots: hau da, aurreragoko diskurtso atal batean adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Hitz horretaz baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haren bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela hots hitzak txertatzen duen diskurtso atalean.

Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari birformulakizun esango diogu, eta azalpen berriari atal birformulatzaile edo, oro har, birformulazio. Beraz, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa argitzera edo azaltzera dator atal birformulatzailea.

(2.1)

«Badakigu ez dugula ezer aldatuko, ezer irauliko, baina literaturaz hitz egiteko gogoa genuen eta horren inguruan elkartu gara aldizkaria egiteko», azaldu du Ibon Egañak, sustatzaileetako batek. Aldizkariak ez du maiztasun jakinik izango, eta blog baten ereduari jarraitzen dio. Hots, argitaratu ahala mezuak ikusgai dituen sareko gune bat da. [EPD-prentsa, Berria]

Birformulakizuna

[aldizkariak] blog baten ereduari jarraitzen dio.

Azalpena: atal birformulatzailea

Hots, argitaratu ahala mezuak ikusgai dituen sareko gune bat da.

(2.2)

Afghanistaneko 29 urteko emazte bat lapidatu dute, hots, harrika hil, hango araba lege edo ohiduren arabera. [EPD-prentsa, Herria]

Birformulakizuna

(...) lapidatu dute,

Azalpena: atal birformulatzailea

hots, harrika hil,

Azpimarratzekoa da diskurtsoaren harian atal birformulatzailea geratzen dela indartuta edo nabarmenduta; beraz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.

Bestalde, aurreko adibideetan ikus daitekeenez, hots birfomulatzailearen bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak (ikus sintaxia) enuntziatu osoak (2.1.) nahiz enuntziatu zatiak (2.2.) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikokoak (perpausak, izen-sintagmak, aditz-sintagmak, izenak, aditzak).

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Hona hemen hots birformulatzaileak birformulazio-prozesuetan betetzen dituen funtzio nagusiak (ikus bereziki Garcés 2008):

a. Identifikazio- eta zehaztapen-funtzioa: birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzea

Honetan datza birformulazio-prozesua: hots hitzaren bidez birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen zaio atal birformulatzailean; hots, identifikazio edo zehaztapen bati bide egiteko erabiltzen da hots. Denborazko eta lekuzko esapideak argitzeko erabiltzen da, edota deiktikoen eta sintagma zehaztugabeen erreferentzia identifikatzeko edo zehazteko.

Aurreko enuntziatuaren azalpena honetan datza: biformulakizunari identifikazio bidez esleitzen zaio erreferentzia jakin bat.

(3.1)

Hortaz, azken hori ere jaioa izanez, horrek horrela infinituraino segituko du: baina hastapenean infinituaren existentzia, era honetan ere, ezinezkoa dela ezarria dute, haien XI. baiespenean erakutsi dugunez. Era beretik, aitarik gabeko lehenbiziko banakoarenganaino hel bazintez ere, hots, Adamenganaino, hortik oraino galdera letorke: "Nondik jaio zen Adam hori? ". Eta zerorrek, adibidez, erantzun bazeneza: "hautsetik" nahitaez honako galdera egin lezake: "baina nondik sortu da hauts hori? [Alderraien gidaria, Mose ben Maimon / Xabier Kintana (Pentsamenduaren klasikoak, 2006) Orr.: 221].

adibide gehiago:

(3.2)

Jakintsuek (gorets bedi haien oroitzapena!) pasarte hori alegoriaz '-lî--''Ah-er-i aplikatu diote. Irudia azpimarratzekoa da, jakinduria jatearekin konparatzean, lehenago agertu dugun bezala, jakirik gozoena aipatzen baita, hots, eztia, bere izateagatik, gehiegi hartzen denean, urdaila erretzen eta oka eragiten duena. Pasarte horrek aditzera ematen du (...) [EPD, Alderraien gidaria, Mose ben Maimon / Xabier Kintana (Pentsamenduaren klasikoak, 2006) Orr.: 46]

(3.3)

"Ia '-l-hîm-en (--=Jainkoaren edo aingeruen) pareko egin duzu", orduan ez zeukan bere baitan nola edo hala "litekeena"ri irizteko ahalmenik bat ere, eta horrelako iritziak ulertu ere ezin zituen egin, eta horrela, "litezkeen"en arteko nabarmenki itsusiena bera ere, hots, bere lotsariak agerian jartzea, ez zen harentzat itsusi, eta itsustasuna bera ere ezin uler zezakeen. [EPD, Alderraien gidaria, Mose ben Maimon / Xabier Kintana (Pentsamenduaren klasikoak, 2006)]

Aurreko enuntziatuaren azalpena honetan datza: biformulakizunari zehaztapen bidez esleitzen zaio erreferentzia jakin bat.

(3.4)

Maimonen ortodoxia bere tratatu halakhikoan ikus daiteke, baita Gidarian ere, sorreraren ideia, bere pentsamenduaren ardatz nagusia, azaltzen duenean. Haren fundamentalismorik eza Gidarian, testu biblikoen eta bereziki profeziaren interpretazioan nabaritzen da. Baldin orain Gidariaren kapituluak berriro irakurtzen baditugu, ohartuko gara bertan ageri den azpitestua Bibliari eta Aggadah-ri, hots, doktrina talmudikoei, buruzko iruzkin aparta eta landu-landua dela. Iruzkin hori irakurtzeko, esan genuen bezala, hainbat hari elkartu eta konbinatu behar ditugu. Are, batzuetan, hala nola, adibidez, III: 8an, ene ustez, fenomeno interesgarri bat aurkitzen dugu. [EPD, Alderraien gidaria, Mose ben Maimon / Xabier Kintana (Pentsamenduaren klasikoak, 2006) Orr.: 12]

adibide gehiago:

(3.5)

Ingeles hiztunak ingelesaren idazketa-sistema alfabetikoaren eraginpean izaten dira maiz; hots bakoitza letra gisa hartzen dute zuzenean, hots, unitate atomiko autonomo gisa, beste edozein letrarekin berdin-berdin erlazionatua edo erlazionatu gabea; horren arabera, adibidez, /p/ eta /b/ ez leudeke /g/ eta /s/ baino elkarrekiko hurbilago ala urrunago. [EHU, Hizkuntza eta hizkuntzalaritza: hastapenak, Fasold, Ralph et al. (EHU, 2010) 1. kapitulua]

b. Birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzea

Honetan datza birformulazio-prozesua: hots hitzaren bidez birformulakizunaren esanahia edo zentzua argiagotzen da atal birformulatzailean; hots, azalpen bati bide egiteko erabiltzen da hots. Alde batetik, aurreragoko enuntziatu oso baten zentzua edo interpretazioa argiagotzeko erabiltzen da; bestetik, hitzen esanahia argiagotzeko (neologismoak, hitz ezezagunak, hitz teknikoak, atzerriko hizkuntzetakoak, latinetikakoak, eta abar argitzeko).

(3.6)

Arrazoimenak, aldiz, egitate bera, nahimenaren gertakari gisa pentsatuko du. (Zuzenean nahimena bera ez dugu inon hautematen, baizik haren ondorioak; hots, efektu bat da, zuzenean hauteman eta interpretatzen duguna kausa haren obratzat, hura zergatiko libre legez ulertuz edo ezinbestekotasun naturalaren menpegabekotzat) . Kausalitate naturala, batetik, eta kausalitate librea, bestetik, munduan eragintza pentsatzeko bi modu da. [EPD, Volksgeist - Herri gogoa. Ilustraziotik nazismora, Joxe Azurmendi (Elkar, 2007.) Orr.: 21]

(3.7)

Bihurguneak, etxeak, horizonteak, dimentsio banatan nekutsen, desloturik, elkarrekiko osotasun gabe. Orain, birseneraturik, ezin dut irudikatu nola zitekeen, baina bazen. Horrexegatik nabari nuen halako zorabio zoria, lehenago ere inoiz, oso errepide ezagunean, zerbaitetan oso kontzentraturik, hots, ingurutik guztiz abstrahiturik nindoala, bat-batean non nindoan oharmen oro galtzen nuenean bezala. Gehienean, gauez gertatzen ziren suspentsio larri haiek (inguru hurbilaren ezagutzak huts egitean, alferrik zen urrunagoko erreferentziei heldu nahi izatea) hain inolako kokapen gabe uzten ninduten, ezen bazterra jotzea besterik ez bainekusen. [EPD, Olatu bat kuartelen gainetik, Xabier Amuriza (Lanku, 2009) Orr.: 35]

adibide gehiago:

(3.8)

Orain Estatua eta indibiduoak besterik ez dago; naziorik-eta, ez, Estatua bera ez bada (oroit Kataluniako Estatutuaren edo Andaluziaren "errealitate nazionalaren" inguruko komeriez) . Orain oso-oso inportantea izpiritu nazionalen ukoa bilakatu da. Esentziak eta esentzialismoak garaituak daude. Hots, lehen Izpiritu Nazionalarekin ukatzen zena, orain izpiritu nazionalaren ukoarekin ukatzen da: arlotekeria eta inkulturaren "ipuin nazionalistak" baino ez ez omen diren kontuak. Nazionalismoa bidaiatuz sendatzen dela esan bide zuen norbaitek, eta jakintsuaren esaldi zuhur bat bezala hori errepikatuz jarraitzen du zenbait jendek, itxura guztiz bera ez asko, edo begiak itxita, bidaiatua izan behar duenak. [EPD, Volksgeist - Herri gogoa. Ilustraziotik nazismora, Joxe Azurmendi (Elkar, 2007.) Orr.: 302]

(3.9)

Kontua zen ea zer animalia sartu han. Nire gogoan, saguari buruz han egiteko zen ikerketak honako hauek ekarriko zituen: sagu odolkidezko hainbat leinu mantentzea; mutanteak bereizi eta mantentzea: gurutzaketa bidezko mutazioak atzematea, aldian-aldian enbrioiak ekoiztea; hots, hamarka mila animaliak hantxe haztea aurreikusi behar zen. Garai hartan, Institutuko animalia-erabiltzaile nagusiak immunologoak ziren, untxia zutela animalia kuttun. [ZIO, Sagua, eulia, eta gizakia, François Jacob / Juan Garzia (EHU, 2004) Orr.: 86]

(3.10)

Hor, Maimonen estrategia jeniala da. Maimon sorrerari buruz hiru jarrerarekin aurkezten zaigu. Jarrera teologiko klasikoa, hiru tesi baieztatzen dituena: 1 munduaren "berritasuna", hau da, mundua denboran eta denborarekin batera agertzea, 2 ex nihilo, hots, ezerezetik, 3 Jainkoaren borondatearen eraginez. Jarrera platonikoak, Maimonen ustez, bigarren tesia ukatzen du; aristotelikoak lehenengoa ukatzen du eta, beraz, baita hirugarrena ere. [EPD, [Alderraien gidaria, Mose ben Maimon / Xabier Kintana (Pentsamenduaren klasikoak, 2006) Orr.: 16]

(3.11)

Arma atomikoak badu beti bere larderia eta emaiten duen beldurra ere munduan gaindi. Zenbaitek ba eta besteek ez, nori fida eta nori konfiantxa egin, dakigularik zer den arma horren desmasia ahala. Beldur horrek izaki halere bere ona, nehork ez baitaki nor atera litaiken osorik mundua hortaratzen balitz. Hots, huna zein diren arma izigarri horren jabe diren herriak: Errusia, USA, Frantzia, Inglaterra eta Xina [EPD-prentsa, Herria, IZENBURURIK GABE, SINADURARIK GABE, (2010-02-11, 3. orr.)]

c. Birformulakizunaren esanahia zabaltzea: definizioa

Honetan datza birformulazio-prozesua: hots hitzaren bidez birformulakizuna definitzen da atal birformulatzailean; hots, definizio bati bide egiteko erabiltzen da hots. Batez ere, terminoak definitzeko erabiltzen da.

(3.12)

Are gehiago, kuantuak energia hori guztia ematen badio elektroiari, irteten den elektroiaren energia, besterik gabe, hauxe da: erradiazioaren energia, kuantua, ken elektroia metaletik erauzteko behar den energia. Einsteinek adierazpide matematikoa eman zion ideia horri, eta horixe dugu geroztik haren lege fotoelektrikoa deritzona. Einsteinek "heuristiko" -hots, ikasteko lagungarritzat erabiltzen den zerbait- zeritzon argiari buruzko bere ikuspegiari; bazirudien tentuz jokatu nahi zuela argi-kuantuak errealak zirenetz erabakitzeko auzian. [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 45]

(3.13)

Sintaxiak, hots, hitzen ordena bereizteko gaitasunak, beste animalia guztien gainetik jartzen ditu orka arruntak. [EITB dokumentalak: “Animaliak gure antzeko”]

adibide gehiago:

(3.14)

Hala, t? umput? umpu 'burruntzi' ez da t? umput? ump bihurtzen, amaieran mp duela, t? umput? u baizik, azken hiru segmentuak ezabatuta. Ahultzea eta indartzea. Beste aldaketa mota bat ahultzea da; hots, hotsak leunago edo ahulago bihurtzea. [EHU, Hizkuntza eta hizkuntzalaritza: hastapenak, Fasold, Ralph et al. (EHU, 2010) 1. kapitulua]

(3.15)

Hitz egiteko ahots-bidea erabili behar da (birikak, trakea, laringea, ahoa eta sudurra), airea mugitu eta dardararazteko, eta ondoren mugimendu hori hainbat eratara moldatzeko. Ahots-bidearen goialdeko zatien diagrama agertzen da 1.2 irudian. Hizketa-hots gehienak biriketatik irteten den airearen bidez egiten dira; horregatik, arnasa hartzearekin hasten da hizketa. Hitz egiten hasteko, beherantz bultzatzen da diafragma, hots, bularreko barrunbe eta urdaila bereizten dituen gihar handia. [EHU, Hizkuntza eta hizkuntzalaritza: hastapenak, Fasold, Ralph et al. (EHU, 2010) 1. kapitulua]

d. Birformulakizunaren esanahia laburbiltzea: izendapena

Honetan datza birformulazio-prozesua: hots erabiliz birformulakizuneko formulazio luzea termino bakar batera ekartzen da atal birformulatzailean; hau da, birformulakizuna laburbiltzen duen deitura edo termino bati bide egiteko erabiltzen da hots.

(3.16)

Honelako aipamenak ezin ugariagoak dira; baina Liburu santu guztietan horiek kontatzen hasten bazara, esan dizudan bezala dela egiaztatuko duzu. Eta liburu profetikoek horri hainbeste aldiz ekiten badiote, hori Jainkoa (gorets bedi!) ukitzen duen kontzeptu faltsua delako besterik ez da, hots, "idolatria". Norbaitek uste balu Zayd zutik dagoela, eseririk dagoenean, egiatik lukeen desbideratzea ez litzateke hain larria izanen, sua airearen azpian, edo ura lurraren azpian, edo lurra laua dela eta antzeko gauzak sinetsiko lituzkeenarekin parekatuz. [Alderraien gidaria, Mose ben Maimon / Xabier Kintana (Pentsamenduaren klasikoak, 2006) Orr.: 96]

(3.17)

Gizakiok entzuten ez ditugun maiztasun baxuko soinuak, hots, infrasoinuak nabaritzeko gai dira. [EITB dokumentalak: “Animaliak gure antzeko”]

adibide gehiago:

(3.18)

Lehenik eta behin hobi-gaina aurkituko duzu, justu hortzen atzean sortzen den konkor hezurtsua. Hortz-hobien atzeko aldeak arku itxura du eta hobi-gainetik hasi eta ahosabai gogorrera arte iristen da, hots, ahoaren sabaira arte. Mihia ahoaren atze-atzeraino kiribiltzen baduzu, ahosabai gogorraren egitura hezurtsuaren ondoren ehun leunagoa dagoela igarriko duzu, hots, ahosabai biguna. [EHU, Hizkuntza eta hizkuntzalaritza: hastapenak, Fasold, Ralph et al. (EHU, 2010) 1. kapitulua]

e. Beste balio batzuk: ondorioa, dedukzioa…

Bestalde, zenbaitetan —testuingurua lagun— aipatutakoez bestelako balioak bereganatu ditzake hots markatzaileak. Izan ere, birformulatzaile esplikatiboak, birformulazioaren nolabaiteko hiperonimoak direnez, gai dira erabilera markatuetan bestelako balioak (ondorioa, dedukzioa) eta bestelako birformulazio motak adierazteko (zuzenketa, laburbilketa, berrazterketa).

Ondorioa, dedukzioa, konklusioa.

Zenbaitetan eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko. Izatez, hori ez da birformulatzaile esplikatiboen funtzio prototipikoa, baina, testuingurua lagun, ondorioa eta bestelako funtzio argumentatiboak bereganatzen dituzte inferentzia-prozesuetan.

Inferentziazko prozesua gertatzen denean ondorio edo dedukzio bati bide egiteko erabiltzen da hots: ondorio subjektiboa, emaitza, dedukzioa Atal birformulatzailearen hasieran paratu ohi da markatzailea eta identifikaziotik edo baliokidetzatik harantzago doa bi atalen arteko lotura: birformulazioa ez da oinarritzen parafrasian, inferentzian baizik. Informazioaren egituraren aldetik, iruzkin berriak ez du errepikatzen lehengo mintzagaia, baizik eta aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen du: ondorengo lehen adibidean, esaterako, birformulakizunean adierazten denetik ( alferrik izango naiz zoriontsu) harantzago doa birformulazioa (Hots, ez naiz izango zoriontsu). Gehienetan, aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen da birformulazioan (zenbaitetan, ondorio subjektiboa).

(3.19)

Eta zer?, dioste eurek ni inguratzeaz zoriontzen diren eta ni eurek inguratua izateaz zoriontzen naizen animaliek. Eskerrik asko, bizikide laztanok, baina neure buruaren oharmena galtzen badut, alferrik izango naiz zoriontsu. Hots, ez naiz izango zoriontsu, lehengo bizitza zaharrean sobera frogatua nuenez. Ondo bizi ginenean, gauza bat falta zitzaigun ondo bizi izateko: jakitea. Sufrimenduak ez du oharmenik behar, sufrimendu izateko. Aitzitik, ezoharmenak hura txikitzen lagun dezake, eta hori on desiagarritzat jo daiteke. [EPD, Olatu bat kuartelen gainetik, Xabier Amuriza (Lanku, 2009) Orr.: 114]

(3.20)

Esperanto mintzaira beharko ote dute egun batez Europa egiten duten 25 herri horietakoek? Gauza bat bada ororentzat argi-argia dena, denak lehertuko dituela emeki emeki ingles mintzairak hola segituz. Alta ez litake hori ere egiazko Europa. Hortaz, gauza jakina da orai Europan sartu berri diren hamarrek ez dutela beren mintzairan agertu ahal izan gain hartan beren dozierik. Hots, izanen da oraino zer asma denen egiazko errespetu batentzat [EPD-prentsa, Herria, HERRIAK ETA GIZONAK, SINADURARIK GABE, "HERRIAK ETA GIZONAK" (2004-05-27, 2. orr.)]

(3.21)

Arrazoimenak, aldiz, egitate bera, nahimenaren gertakari gisa pentsatuko du. (Zuzenean nahimena bera ez dugu inon hautematen, baizik haren ondorioak; hots, efektu bat da, zuzenean hauteman eta interpretatzen duguna kausa haren obratzat, hura zergatiko libre legez ulertuz edo ezinbestekotasun naturalaren menpegabekotzat) . Kausalitate naturala, batetik, eta kausalitate librea, bestetik, munduan eragintza pentsatzeko bi modu da. [EPD, Volksgeist - Herri gogoa. Ilustraziotik nazismora, Joxe Azurmendi (Elkar, 2007.) Orr.: 21]

(3.22)

Hori horrela, edozein "indibiduo historikorekin" berdintsu da, izan dadila hori karlistada, edo Waterlooko bataila, edo kapitalismoa (edo, baita ere, Napoleon, edo Zumalakarregi): aurrena indibiduoa "eraiki" egin behar da, erreferentzia batzuetatik abiaturik; hots, indibiduoa beti "emaitza" da "Ergebnis", behatzailearen ikuspegiarena, aintzat hartzen diren erlazioena, etab., sasierrealismo naibo batek suposatu gura izaten duenaren aitzi; eta hastean berean da jada "teoriagintza" baten emaitza eta parte, ez ikerketaren buruan soilik. [EPD, Volksgeist - Herri gogoa. Ilustraziotik nazismora, Joxe Azurmendi (Elkar, 2007.) Orr.: 57]

adibide gehiago:

(3.23)

Gisa hortan izan ditakeen argitasuna lagungarri balios atera ditake batetik, zerbait eritasunen aski goiz artatzea ekar badezake, haatik kaltegarri ere, den mendreneko osagarri estakuru ttipiena aski balitz abortoaren erabakitzeko. Kristau Berrionak diona aldiz hauxe da: izaite bakoitxa maite duela bere kreatzaileak eta bere buraso, haurride eta gizakideen maitasunaren esku ezartzen. Ez da hemen lekua, ikertze erakaspen horien aitzinean, zer egin erraiteko, baina bakarrik kondu emaiteko hemen zer gogoetagari eta eginbide zorrotzak sortzen diren. Hots, bizia eta biziaren errespetuarekin ez dela jostetarik, gaurko jendartean [EPD-prentsa, Herria, herriak eta jendeak, sinadurarik gabe, (2006-03-09, 2. orr.)]

(3.24)

Kategoria kantiarren banaketaren kontua, a prioriko judizio sintetikoen kontua eta haiek zientziaren eraikina altxatzeko orduan duten transzendentziaren kontua ez daude, ez hurrik eman ere, garbiturik. Nik neuk, nahi dut pentsatu zientzian a prioriko judizio sintetikoak komeni direlako hori printzipio aurre - edo meta-zientifikoei dagokiela, hots, aurretiazkoak diren edo jada izadiaren oinarrizko legeetatik harago doazen printzipioei. [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU, 2007) Orr.: 120]

Zenbait testuingurutan laburpen-kutsua eta ondorio-kutsua doaz uztarturik:

(3.25)

60 langile behar zenituen hilabete guziez guziz pagatu, eta batzuetan sosik ez. Hori bat, bazen... Bestalde, behar zenituen gurasoak ikusi... Behar zinen akomodatu profesoreekin, atxeman behar zinituen profesorak... Behar zenuen tresneria, behar ziren 'dortoir'-ak eta lo egiteko lekuak egin eta... Enpresa bat zen, hots! Eta ni ez nintzen batere horri buruz itzulia.Teologia eta filosofia eginak nituen, teknika aldetik ez nekien fitsik, eta nere inguruak ere are gutiago baizik ez... Eta bakarrik egin behar zela. Eta xuxen ez zakiten zer egin behar zen ere! [EPD, Ez da musik, Menane Oxandabaratz (Elkar, 2006) Orr.: 96]

Batzuetan enuntziatu batek baino gehiagok —birformulazioaren aurreko perpausek— osatzen dute birformulakizuna:

(3.26)

Chiita erlisione alderdiko gazte hunek segitzen du erranez soladoak heien etxeetan sartu zirela, ohoinen pare, denak fundituz eta denetaz jabetuz, berak ere drogatuak zirelarik zenbait, deneri kaskak eta bortxaketak eginez. Beste gazte batena ere kondatzen du, ibairat bizirik aurtikia izana dela bere irakiar bandera zabaldu nahi izanik. Hots, bada holakoekin aski % 82 irakiar okupazione horren kontra izaiteko. [EPD, Herria]

Zenbaitetan ez dago argi katafora gisa —ondoren datorrenari sarrera emanez— ala interjekzio gisa erabiltzen den (batzuetan hona hitzari lagunduz). Halakoetan, ez du betetzen birformulatzaile baten zeregina, ez baitago zinezko birformulaziorik. Hona adibide adierazgarri bat:

(3.27)

Eta hor dituzte horiek denek auzi haundiarekilako tratuak beti ta dirutsuagoak, % 14 ez emendatu direnak joan den urte hortan berean. Aljeriak, jazarketa batzu goiti-beheiti, oroitarazten du, hartako doia, ez daudela lo terrorista gune batzu eta, nork daki, suemaile batzu ere ez baitira irriskutik kanpo sekulan zenbaiten xixtako edo ipizta txarrak. Hots, hona islamista armatu batzu polizak hil dituela tirokada batean, eta tiro batzu ere bestalde autokar bati tiratuak, hau errusoa, lau hil bederen izan direlarik huntan [EPD-prentsa, Herria, herriak eta jendeak, sinadurarik gabe, (2007-03-15, 2. orr.)]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziazioaren elementu garrantzitsua, birformulatzaile paradigmatikoa: esatariak, lehen formulazio “desegoki” baten ordez bigarren bat jartzen du, egokiagoatzat jotzen duena: esatariak, bere aurreko adierazpenaren balizko iluntasunaz jabeturik, agerian utzi nahi du birformulazioaren bidez bere diskurtsoaren zentzua. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketa bat bideratzen da, lehen formulazioa bigarrenari menderatuz. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketak ez du esan nahi, hala ere, argudiaketaren norabidea ere aldatzen denik (ikus Larringan, 1996: 245).

Gainerako diskurtso-markatzaileekin alderatuz, izaera polifonikoa da birformulatzaileek parte hartzen duten egituren bereizgarrietako bat (Garcés 2008: 82-83). Izan ere, zerbait birformulatzean atzera egiten dugu diskurtsoan lehenago adierazitakoa berrinterpretatzeko, eta atzera itzultze horretan ikuspuntu berri bat sartzen dugu, birformulakizunekoarekin bat etor daitekeena edo ez.

argibide gehiago:

Hiru tipo nagusi bereizi ohi dira polifoniari dagokionez (Murillo 2007; Fuentes 2004). Lehenengo tipoan —gehienetan agertzen dena— erlazio polifonikoa ez dago markatuta, ez baita aldatzen hiztuna edo esataria*:

*Oharra: Polifoniari buruzko teorian (Ducrot 1984) hiru kontzeptu hauek bereizten dira: a) hiztuna (gazt. hablante), enuntziatua ematen duena; b) esataria (gazt. locutor), esaten denaren erantzulea; enuntziatzailea (gazt. enunciador), enuntziatuetan agertzen diren ahots edo ikuspuntuen erantzulea. 

(4.1)

«Badakigu ez dugula ezer aldatuko, ezer irauliko, baina literaturaz hitz egiteko gogoa genuen eta horren inguruan elkartu gara aldizkaria egiteko», azaldu du Ibon Egañak, sustatzaileetako batek. Aldizkariak ez du maiztasun jakinik izango, eta blog baten ereduari jarraitzen dio. Hots, argitaratu ahala mezuak ikusgai dituen sareko gune bat da. [EPD-prentsa, Berria]

Bigarren tipoan, esatari bat eta bi enuntziatzaile bereizten ditugu:

(4.2)

Berandu etorriko dela esan du. Alegia, ez da etorriko.

Enuntziatu hori polifonikoa da, ikuspuntu-aldaketa bat gauzatzen baita enuntziatzaileari dagokionez birformulakizunetik atal birformulatzailera: lehen enuntziatuan (birformulakizunean) enuntziatzaile batek (e1) adierazten du —zehar-estiloa erabiliz— norbaitek esan duela berandu etorriko dela; bigarren enuntziatuan (atal birformulatzailean), beste enuntziatzaile batek (e2) —zeina bat baitator esatariarekin— dio etortzekoa den pertsona hori ez dela etorriko (hots, bere ikuspuntutik egiten du aurreko enuntziatuaren berrinterpretazioa).

Hirugarren tipoan, lotzen diren enuntziatuetan bi esatari —eta bi enuntziatzaile— bereizten ditugu. Horixe gertatzen da, adibidez, heterobirformulazioan edota enuntziatuetako batean “hitz aipatuak” (norberarenak edo beste norbaitenak) agertzen direnean.

(4.3)

[Heterobirformulazioa] Laukizuzena, gero; bi informazio behar dira hura zehazteko. Gero, erronboa, paralelogramoa, trapezioa. Eta, hara, ia-ia ahaztu zaizkit, haiek izanik ugarienak inondik ere: nolanahikoak! Ezer nabarmenik ez dutenak. -Alegia —sartu zen tartean Jonathan—, matematikan lanerako sekula erabiltzen ez direnak. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 156]

(4.4)

Insistió en que los aumentos de los pilotos deben ir ligados a los beneficios empresariales, es decir, "si la compañia obtiene esos beneficios, ellos obtienen esas subidas", algo que Iberia no puede garantizar de antemano. (Faro de Vigo, 21/06/2001, CREA)

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Azalpenak gehitzeko ez ezik, informazioa gaineratzeko ere erabiltzen da hots birformulatzailea. Bestalde, nabarmenduta edo indartuta geratzen da hots birformulatzailearen bidez txertatzen edo gaineratzen den iruzkina eta informazioa (birformulazioa): birformulakizuna atzenduta, birformulazioa hartu behar da aintzat diskurtsoaren harian.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Argumentazioaren ikuspegitik, gehienetan lehenago emandako argudioa indartzera dator birformulazioa. Inferentziazko prozesuetan, berriz, ondorioa adierazteko erabiltzen da hots birformulatzailea: birformulakizunean esandakotik ondoriozta daitekeen zerbait —batzuetan, ondorio subjektiboa— gaineratzeko balio du.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Interjekzio-erabileratik eratorria dirudi, OEHn diskurtso-markatzaileari dagokion 3. sarreran egiten duten iruzkinetik (“El carácter de interjección no es, ni mucho menos, general en todos los ejs.”) eta ematen dituzten adibide hauen idazkeratik (hots!) ondoriozta daitekeenez (ikus Euskal hiztegiak):

(7.1)

Larrunen, Ibantelin, Harxurian eta, hots! zokho guzietan. Elzb PAd 75.

(7.2)

Badea (…) hitz xuxen eta zuzenagorik, hots! garbiagorik. HU Zez 188

8. aurkibidera joan Aldaerak

Ez du aldaerarik.

9. aurkibidera joan Baliokideak

HAU DA, ALEGIA

argibide gehiago:

Oharra: Baliokidetasuna ez da erabatekoa. Birformulatzaile esplikatiboak dira hirurak —hau da, hots, alegia— eta baliokideak dira balio semantiko-pragmatiko nagusiari bagagozkio, baina desberdinak dira joskeraren eta posizioaren aldetik: alegia birformulatzailea birformulazioaren hasieran zein amaieran kokatzen da gaurko euskara estandarrean; hots birformulatzailea, berriz, atal birformulatzailearen hasieran kokatzen da gehienetan; eta hau da, ezinbestean eta beti birformulazioaren hasieran (ikus beherago posizioa).

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Ez dago aztertua hots birformulatzailea euskal gramatiketan

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[OEH] Ikus hitzaren gainerako adiera eta balioak Orotariko Euskal Hiztegian: hots

II (Interj.). (gral.; SP, Lar, Aq (R), Arch Gram 160, Gèze, Dv (L), H). Ref.: A; A Morf 729; Lrq.

argibide gehiago:

1. "Ta, interjección" Lar. "Expresión para que anden los bueyes" Aq 756. "Allons" Arch Gram y Gèze. "¡Ea!, interjección de incitación" A. Tr. Más frecuente al Norte hasta el s. XX; a partir de aprox. 1930 su uso crece entre los autores guipuzcoanos e incluso se encuentra en algún vizcaíno como Otxolua. Hots aitzina. Lç Ins D 6r. Elkharri erran zioten: / hots, ea, ikhustera. EZ Noel 62. Hots arren erakutsguzu / bethi zeure kredita. Hm 188. Ots, bada [...] ber-bereala Erregeri burua ta bizia kendu. Mb IArg I 214s. Ots bada, irten zaite bereala zere erritik. Ub 17. Ots, mogi, biztu zeloan ta egizu penitenzia (290). LE-Ir. Utzirik ele horik oro / hots barazkaitera. AstLas 16. Artzañ hoiek ardier: hots Arhanera! Etch 350. Hots! laster zuhaiñ tegira. Gy 90. Ots, uri bat egin dezagun. Lard 11. Hots, sal diezadazu othoi bulunbari bat. Hb Egia 131. Ots bada! azka ztei edo xagi ztei, fan gitian kementik. Hual Mt 26, 46. Hots, ene arima, ützi ditzagün lür huntako egitekoen phensamentiak. Ip Hil 231s. Hots, Kattalin maitea, / ez bada hasarra. Zby RIEV 1909, 105. Hots, Diharassarry [...] zuri dohakizu hor zankako baten emaitea. HU Aurp 103. Hots, ama, higi zaite! Barb Sup 17. Ots, ots! ziotsaten zangurru-biltzaileak beorrari. Or Mi 61. Ots, ene otseñak; dettu apur baten Erminiri. Otx 181. Ots, mutil!, edan ezazu! Goen Y 1934, 183. Ots! txuti zaitezte, goazen emendik. Ir YKBiz 452. Ots! [...]. Goazen erreka zuloan behera. Etxde JJ 7. Hots! gira ilherritarat / orai berbera abiatüko. Casve SGrazi 114. v. tbn. AstLas 25. UskLiB 220. Arch Fab 239. Laph 216. CantIzp (1868), 98. Atheka 141. Elzb PAd 62. Arb Igand 151. UNLilia 8. Mdg 159. A Ardi 68. Ox 78. Etcham 98. Zait Sof 19. SMitx Aranz 41. Gazt MusIx 187. (Usado para llamar la atención). Ots, zer adín dú? LE Urt ms. 13v. Klamatzendú oráño ere Nausi dibinoak, ots, noiz izanbeardá? Ib. 31v.

2. (Usado como exclamación). "Ifernuak erraiak idekirik", / diote, "hots, irets baginetza!" Monho 118. Ez zela [...] estalia aranez, bainan hots! bazian halaere fruiturik aski. Elzb PAd 39. Hots! onik ere badu gure irabazbideak! Barb Sup 91. Hots! Herriño guzia hor dago bildua. Ox 181. "Erori dala Lekunberri"... Ots! / ez giñan il-ezkilletan. Or Eus 234. Ots! Irrikan opa ditudanak eskatu dizkitzut. Zait Sof 198. Gezur-gezurra, ots, besterik badiok. Berron Kijote 105. v. tbn. Lf Murtuts 52.

3. Es decir, esto es. (El carácter de interjección no es, ni mucho menos, general en todos los ejs.). Larrunen, Ibantelin, Harxurian eta, hots! zokho guzietan. Elzb PAd 75. Badea [...] hitz xuxen eta zuzenagorik, hots! garbiagorik. HU Zez 188. Begien aitzinean eztezakete ikus; poxolu dute, hots, ezin gehiago. Ib. 121. Horiek oro bazakizkan, eta nola zakizkan! Hots, makilkari bat egin zen izigarria. Barb Sup 180. Hunek hauxe, harek hura, / hots, nehor ezin mentura. Ox 122. Pruntagoa zen bere zerbitzuan; berant bazen berant, guardagoari emanxea hots. Ib. 200. Antz-emango diok aurrak nolakoak ditudan: ots, beste non-naikoen antzekoak. Ldi IL 15. Gizon haragia nola-nahi jaten zuen [Hongriako jendeak], gizon odola edaten. Osoki basa zen, hots! Zerb IxtS 103. Mendelen legea etzunan aipatu, ots, bizidunen motak aldakaitz zirala. Or QA 104. Berberen ahaide ziren, hots, kamitak ziren. Mde Pr 221. Bere lekuan diarkia bat sartu, ots, bi sexuen berdintasun osoa. Vill Jaink 163. Haizeak ere etziren hanbatekoak, udari buruz errexago zitaken abiatzea... eta holako. Hots, etsitu zuen Frantsesek. "Bref". Ardoy SFran 216s. Hobeak izango dira, hots, ez gurasoak bezain aldrebeskerietara emanak. MIH 214. v. tbn. JE Bur 183. FIr 192. Zub 101. Lf Murtuts 2. Lek SClar 106. Txill Let 30. Zait Plat 108. Gazt MusIx 68. Onaind in Gazt MusIx 146. Ibiñ Virgil 99. Hamabortzetarik hamabitan, onak dire sartu oraino ere, edo hots, onerateko urratsa dutenak. HU Zez 90.

III (Adj.). "(L-ain), enorme. Gezur ori otsa duk, esa mentira es enorme" A.

[Euskal Hiztegia]

B) interj. ( 1571) 1. Batez ere Ipar. Deiki gisa, norbaiti eragiteko edo haren arreta lortzeko izenaren aurrean ezartzen den hitza. Ik. 2 ea. Hots, andrea, abia gaitezen. Nagusiaren oinordekoa da; hots, hil dezagun eta bere ondasuna guretzat izango da. "Hots! ekiok lasterrari" oihu egin zidaten. Hots, bazatozte afaritera ala ez? "Hots, hots!", ziotsoten behorrari. || Jauna, hots, hitz bat! Hots bada, irten zaitez berehala zeure herritik; nik egingo zaitut ezin konta ahal jenderen arbasoa.

2. Aurrean esan dena argiagotzeko hitza, "hau da"-ren baliokidea. Ez dugu arras zuzen jokatu "politikari" dagokionez. Egia zor du kritikoak, hots, gogoan bata eta ahoan bestea duela ez ibiltzea.

[Elhuyar]

6 interj. batez ere Ipar. adorea emateko, zirikatzeko

¡ea!, ¡hala!, ¡vamos! Hots, andrea, abia gaitezen!: ¡vamos, mujer, pongámonos en marcha!

7 lok.

es decir, esto es; o sea

Batasunaren aldekoek, hots, guk, ez dugu zuzen jokatu: los partidarios de la unificación, es decir, nosotros, no hemos actuado correctamente.

[Euskaltzaindiaren Hiztegia]

hots (...) 6 Aurrean esan dena argiagotu nahi dela adierazteko erabiltzen den hitza, hau da-ren baliokidea. Ik. alegia. Galian, Hispanian, Italian, Britanian, hots, Europaren sartalde guztian. Batasunaren aldekoek —hots, guk— ez dugu arras zuzen jokatu “politikari” dagokionez. Egia zor du kritikoak, hots, gogoan bata eta ahoan bestea duela ez ibiltzea.

Oharra:

Harrigarria dirudi, baina Azkuek ez du jasotzen bere hiztegian (Diccionario vasco-español-francés) birformulatzaile-balioa hots hitzaren adieren artean.

12. aurkibidera joan Posizioa

Gaurko euskara estandarrean, betetzen duen funtzioa betetzen duela —hau da, hots aposatu gabea izan (12.1.), zein hots aposatua izan (12.2.)—, atal birformulatzailearen hasieran agertzen da ia beti hots birformulatzailea.

(12.1)

Errusianaski hotzean egonik hango bereko ortodoxia Erromako Eliza katolikoarekin, hango Alexis II patriarkak aski ongi hartu du Walter Kasper aleman kardinalearen bisita. Gomendatu dio haatik erruso patriarkak ez dezan kardinaleak sobera erakuts katolikotasunaren han gaindi zabaltzeko gosea. Bainan, bere partetik, Aita Sainduak erakutsi nahi ukan du egun berean Erromako Buruzagiak leku eta parte berezi bat daukala Elizaren Batasun Osoaren buruan. Hots, izan dira hotzagoak Batasun horren barneko harremanak eta ez dira dena den lokarriak hautsiak. [EPD, Herria]

(12.2)

Kategoria kantiarren banaketaren kontua, a prioriko judizio sintetikoen kontua eta haiek zientziaren eraikina altxatzeko orduan duten transzendentziaren kontua ez daude, ez hurrik eman ere, garbiturik. Nik neuk, nahi dut pentsatu zientzian a prioriko judizio sintetikoak komeni direlako hori printzipio aurre - edo meta-zientifikoei dagokiela, hots, aurretiazkoak diren edo jada izadiaren oinarrizko legeetatik harago doazen printzipioei. [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU, 2007) Orr.: 120]

Iparraldeko tradizioan, berriz, zenbaitetan —iruzkin aposatua gaineratuz agertzen denean, batik bat— birformulazioaren amaieran ere agertzen da kokaturik, bai lehen (12.3.) eta bai gaur (12.4., 12.5., 12.6.):

(12.3)

Gizon haragia nola-nahi jaten zuen [Hongriako jendeak], gizon odola edaten. Osoki basa zen, hots! [OEH, Zerb IxtS 103.]

(12.4)

Txetxenian Ramzan Kadyrov dute beren lehen ministro berria, aitzineko lehen ministro hilaren semea hots. 29 urte ditu eta erran behar da Wladimir Putin errusoaren aldekoa dela eta hala izana bere gudariekin, beldur haundiak hedatu ere baitzituen denetan Errusiari sumetitzen ez zireneri [EPD, Herria, HERRIAK ETA JENDEAK, SINADURARIK GABE, (2006-03-09, 2. orr.)]

(12.5)

Lekutu behar zuen, baina kurios-pinterdia zenez, sasiaren atzealdean eta lokatzean iltzatu zen, geldo. Mutu. Izutua. Begimentzeko baimenik nehoiz edukiko ez zukeen zerbaiten lekuko. Bekatuaren minean ihalozka. Hala baitziren ipurdiak, gerriak, pottottak, pittilinak eta izter-azpiak. Eki arraioetara erakusten ez ziren gorputz zatiak hots. [EPD, Zeruetako erresuma, Itxaro Borda (Susa, 2005) Orr.: 25]

(12.6)

Alabaina, Albuquerquetik Flagstaffera zihoan bide handitik bazterturiko lege eta jainkorik gabeko cow-boy deabruek edo berrehun kilometro eskasetan zegoen Mexikoko mugatik etorri gosaio pikarraiek ardiak ebasteko raid delakoak antolatzen zituzten. Orduan, bospasei gizon armatu bakarraren kontrako borroka horretan, erasoak irauten zueno, artzainak bazekien hobe zuela arroila sakon baten gerizan geratzea. Hilarena egitea, hots. Tiroak, heiagorak eta zaldien lauhazka azantzak jabaldu arte. Ortzaizean altxaturiko errauts zutoina zen atake horien iragarlea. Gero zaldien aztalkaden harramantza. Eta azkenik, astoaren aztoramena. Zakurraren zaunka-intziriak, herioari. Une horietan artzainak ez zezakeen laguntzarik eska: polizia tribal posturik hurbilena Shiprock herrian zegoen, erokeria bat. [EPD, Zeruetako erresuma, Itxaro Borda (Susa, 2005) Orr.: 37]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Koma artean agertu ohi da; eta, etenaldi baten ondoren (hots, puntuaren, puntu eta komaren, eta gidoi edo parentesi baten ondoren), eskuinean koma duela agertzen da.

(13.1)

Aldiz, uretako ugaztun guztiek egiten dute igeri uhin bertikal batez mugituz gorputza (hots, kasu horretan, plano bertikalean lekualdatze-norabidearekiko zut diren uhinez). Eta ia har guztiak lekualdatzen dira gorputza luzerazko uhinez higituz, hots, beren lekualdatze-norabidean berean mugituz, aurrera eta atzera. [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU, 2007) Orr.: 312]

(13.2)

Fenomenoen mundutik bakartzen ditugun kategoriak eta motak ez ditugu hor besterik gabe aurkitzen, ez baitaude behatzaile guztien begi-bistan; aitzitik, inpresio-jario kaleidoskopiko baten gisara aurkezten zaigu mundua, eta jario hori geure buruek antolatu behar dute; hots, neurri handi batean, geure buruetako hizkuntza-sistemek. [ZIO, Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr (EHU, 2010) Orr.: 60]

Birfomulazioaren amaieran agertzen denean, zenbaitetan ez du komarik aurrean:

(13.3)

Lekutu behar zuen, baina kurios-pinterdia zenez, sasiaren atzealdean eta lokatzean iltzatu zen, geldo. Mutu. Izutua. Begimentzeko baimenik nehoiz edukiko ez zukeen zerbaiten lekuko. Bekatuaren minean ihalozka. Hala baitziren ipurdiak, gerriak, pottottak, pittilinak eta izter-azpiak. Eki arraioetara erakusten ez ziren gorputz zatiak hots. [EPD, Zeruetako erresuma, Itxaro Borda (Susa, 2005) Orr.: 25]

14. aurkibidera joan Sintaxia

Hots birformulatzaileak perpausaren esparruan nahiz perpausetik gorako mailan betetzen du bere eginkizun diskurtsiboa. Alde batetik, tarteki gisa (gazt. 'inciso') erabiltzen da, perpaus baten barruan, elementu baten eta elementu hori azaltzera edo zabaltzera datorren iruzkin baten arteko lotura ezartzeko erabiltzen da (hots 'aposatua'). Beste alde batetik, testu bateko perpaus biren (edo gehiagoren) arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da (hots 'aposatu gabea').

1) Hots, tarteki gisa (hots 'aposatua'): aurreragoko sintagma bat —eskuarki, aurreko sintagma— da birformulakizuna.

(14.1)

Egia balitz, berriz, berak dakike zer egin. Nahi badu, itzuliko da bere jatorri ingurura, eta hemengo ospeak ez dio jarraituko. Gelditzea erabakiko balu, ikusiko dugu bere egitekoari noraino tiratzeko gertu dagoen. Esateko erabakia argi dago, baina modua ez da hutsala, hain kontu delikatuan, hots, beldurgarrian. Aurrean duzuna, eskala sozialak beherago jarri dizun hori, beldurra diozun zerbaitegaz -labana, mamu, kuartel- erlazionatu duzunetik, pentsarazten dizun elementuaren inponentzia guztiagaz aurkezten zaizu. [EPD, Olatu bat kuartelen gainetik, Xabier Amuriza (Lanku, 2009) Orr.: 342)]

Horrelakoetan, tartekatuta eman ohi da atal birformulatzailea: a) aposaturik (maizenik koma artean); b) edo besterik gabe tarteki gisa[1] (sarritan koma artean edota gidoi edo parentesien artean). Eta gehienetan halako paralelismo funtzional bat —'baliokidetasun funtzionala' (ikus Suñer 1999)— egon ohi da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (hain kontu delikatuan / hots, beldurgarrian): paralelismo funtzional horrek, bestalde, badu zerikusia informazio-egiturarekin, eskuarki birformulakizuneko mintzagai bera iruzkintzera baitator atal birformulatzailea (gure testuan, adibidez, galdera berari erantzuten diote bi enuntziatuek: Non/Zertan?). Gainera, gehienetan erlazio parafrastikoa dago bi enuntziatuen artean: hau da, nolabaiteko baliokidetza egon ohi da birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean.

[1] Zentzu hertsian ulertuta, elementu nominalen arteko albokotasunezko predikazio-erlazioa baino ez da aposizioa: "El nombre mismo del fenómeno, appositio, del latín apponere —equivalente a «colocar junto a»— nos indica ya que suele existir adyacencia entre los términos en aposición.  Esta circunstancia no es casual, no responde únicamente al mero deseo de un hablante de colocar contiguos dos elementos, sino que es manifestación de la relación predicativa que necesariamente debe mediar entre los dos miembros en aposición. Las aposiciones introducirían, pues, una predicación secundaria (cf. Stowell 1983) de caráctcr nominal [-> §§ 38.1 y 73.2.2], usada para especificar o explicar otra palabra de la misma especie (Suñer 1999: 525). (…) “En los ejemplos anteriores [51a: 'Al final apareció con su hermano, con Pedro'; 52c: 'Se le veía feliz, andaba canturreando, gorgoriteando, por lo bajo'] se respetan ciertos requisitos estructurales comunes a los casos de aposición que se han visto hasta ahora: los dos elementos deben ser de la misma categoria o equiparables funcionalmente y deben poseer cierto grado de afinidad semántica. Sin embargo, si el término 'aposición' se aplica restrictivamente sólo a aquellos segmentos que establezcan una relación predicativa con un nombre o complemento nominal adyacente, ejemplos como (51) o (52) no son propiamente aposiciones puesto que no es posible establecer una predicación con un 'sujeto’ que no sea un elemento nominal” (Suñer 1999: 542-543). Dena dela, lan honetan zentzu zabalean darabilgu 'aposatua' terminoa, beraren barnean aposizioa eta tartekia sartuta (ikus Euskaltzaindiaren 109. araua: 109 Komunztadura aposizioetan).

2) Hots 'aposatu gabea': aurreragoko perpaus bat —eskuarki, aurreko perpausa— da birformulakizuna.

(14.2)

Independentzia printzipioa: Auzitegia ez da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren egitura hierarkikoaren parte. Hots, administrazio autonomikotik independentea da, bere jarduerei eta eskumenen garapenari dagokienez. Halaber, lehiaren arloan legediak unean-unean seinalatzen duenaren arabera soilik jokatuko du. [EPD-prentsa, Berria]

HOTS 'APOSATU GABEA': AURRERAGOKO PERPAUS BAT —ESKUARKI, AURREKO PERPAUSA— DA BIRFORMULAKIZUNA

Alde batetik, testu bateko perpaus batzuen arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da.

(14.3)

Aurreko urtearekin alderatuz, %350 handitu da industriaren sektorean erregulazio eskaerek eragindako langileen kopurua. Azaroko eta abenduko datuak beldurgarriak dira: egunean 240 lagun gehiago erregulazioen menpe. Oraindik 1992-1993ko krisiko datuetik urrun daude, baina joera oso kezkagarria da. Datuak txarrak izanik, egia da batzuk are okerragoak izan zitezkeela. Esaterako, kasu gehienak (%85) kontratua eteteko eskaerak dira. Hots, ez dira langileak behin betiko kaleratzen. [EPD-prentsa, Berria]

(14.4)

(...) Hitzarmena izenpetu aintzin, hauek aurkeztu daukute euskal gobernamenduko hizkuntzaren aldeko politika. Beren egitasmo nagusia dute " Etxepare " erakundearen sortzea. Hunek elgarren lotura egin du euskararen hedapen arlo guzien artean: hizkuntzaren erakaspena Eskual Etxetan eta unibertsitatetan - jadanik hamazazpi unibertsitatek erakasten dute euskara munduan zehar, eta bertze hogoitamarrek bide horri jarraiki nahi lioteke -, euskal liburuen bertze hizkuntzetara itzultzea gure literaturaren hedatzeko, Iparraldean Euskararen Erakunde Publikoarekilako harremanak bultzatzea, komunikabide berrietan euskararen hotsaren zabaltzea; hots, euskara ezagutarazten ahal luketeen ekitaldi guziak konponduko ditu laster "Etxepare" erakundeak. [EPD, EUSKARA, PARISE ETA MUNDURAT JALGIA, SINADURARIK GABE, (2007-02-08, 8. orr.)]

Gorago esan bezala (ikus posizioa), gaurko euskara estandarrean gehienetan atal birformulatzailearen hasieran agertzen da: hots, birformulazio esplikatiboa gauzatzen duen sintagmaren edo perpausaren hasieran. 

Zenbaitetan, gainera, aurreko enuntziatuan esandakoa perpaus konpletiboa erabiliz garatzen da birformulazioan, perpaus osagarria aditz inplizitu baten mende (14.5) egongo balitz bezala ( halako igarkizun kutsua hartzen genion; hots, historia zela [uste genuen]). Beste batzuetan (14.7. eta 14.8.), birformulakizuneko predikatua da birformulazioko konpletiboaren oinarria (badaki gizonak…, hots, … direla).

(14.5)

Gauza da ohatzerat eraman behar izaten genuela hiruzpalauren artean, jostetak edota liskarrak alde baterat utziz, gu beti geurean ibiliz ere jainko eta jainkosen istorioak txunditurik uzten baikintuen, hein batean bedere, ez baikenion sobera konprenitzen. Pentsalari sakon batentzat geneukan guztiok osaba idazle-filosofoa. Istorioari izari berezia hartzen genion, halako igarkizun kutsua; hots, historia zela. Hain zen jakintsu... eta umoretsu. Guztiok erran dut, baina gure amak otto Laurenz funtsgabe hordi bat zela zioen beti, ganorabako bat. Eta amak ezagutzen zuen bere neba, naski. [Denboraren mugan, Jose Angel Irigaray (Pamiela, 2005) Orr.: 14]

(14.6)

Izotzetako ehiztari ospetsu, promiskuo eta gantz-karraskari haiekiko loturak baino ez lezake pitz halako arrunkeriaren inolako ikusmira. Antropologiako anekdotak huskeria badira, zer esan ikerketa kontrolatuez? Psikologia-laborategietako hogeita hamabost urteko ikerkuntzaren ezaugarri berezia da hutsaren hurrengoa gertatu dela. Esperimentu gehienek Whorfen hipotesiaren aldaera "ahul" hutsalak aztertu dituzte, hots, hitzek nolabaiteko eragina izan dezaketela memorian edo kategorizatzeko moduan. [ZIO, Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr (EHU, 2010) Orr.: 66]

(14.7)

Hain zuzen bazuten europearrek Express deitu ikergailu bat Marterat igorria eta huna handik berri interesgarriak etorri berri direla guretako ainitz balio dutenak jakintza mailean. Darmstad agentziak du horren berri eman: lehen aldikotz jakin da hari esker, ura badela hormatua edo karroindua Marteren gainean, alde batean segurik. Haren azalean bide da ur hori, nahiz oraino ez dakiten zenbat, ez-eta ere sasoinka den hormatua, baititu Marzok ere bere gisako uda-neguak. Bestalde, hango mendien berri ere badaki orai gizonak, gero-ta gehiago, hots, hemengoak baino hiruetan goragoak direla bana-beste: 27 kilometra gora haundiena, Everestek hiruetan gutiago dituelarik [EPD, HERRIAK ETA GIZONAK, SINADURARIK GABE, "HERRIAK ETA GIZONAK" (2004-01-29, 2. orr.)]

(14.8)

Adibidez, Elizabeth Spelke psikologoaren esperimentu batean, haurtxo bati pilota bat erakusten zaio, biraka errezel baten atzean desagertzen dena, eta errezelaren beste aldetik agertzen den beste pilota bat, behin eta berriz, aspertzeraino. Errezela kendu, eta espero izatekoa den ezkutuko gertakaria ikusten badu haurrak, hots, pilota batek bestea jo, eta aurrera bultzatzen duela, une batez baino ez da berpiztuko haurtxoaren interesa; ziur aski, horixe da haurtxoak hasieratik buruan zuen irudia. [ZIO, Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr (EHU, 2010) Orr.: 462]

HOTS, TARTEKI GISA (HOTS 'APOSATUA'): AURRERAGOKO SINTAGMA BAT —ESKUARKI, AURREKO SINTAGMA— DA BIRFORMULAKIZUNA

Sarritan erabiltzen da tarteki gisa, perpaus baten barruan, elementu baten eta elementu hori azaltzen edo zabaltzen duen iruzkin baten arteko lotura ezartzeko (Zabala 1996). Halakoetan, luzera eta maila guztietako kategoria lexikoak eta sintagmak txertatzen ditu hots aposatuak (ikus Zabala 1996: 118; Martín Zorraquino, Portolés 1999: 4070): izen-sintagmak, adjektibo-sintagmak, aditz-sintagmak, adberbio-sintagmak, perpausak. Hain zuzen ere, hori da diskurtso-markatzaile honen zeregin nagusietako bat: tarteki gisa txertatzen edo gaineratzen duen iruzkin esplikagarriaren balio birformulatzailea agerian uztea.

(14.9)

Iaztik lantzen ari den Hezkuntzarako itun sozial eta politikoaren barruan dago neurria; horren ildo nagusiak aurkeztu zizkien Gabilondok atzo erkidegoetako Hezkuntza sailburuei. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailaren planteamenduan ere aldaketak aurreikusi ditu. Gabilondok azaldutakoaren arabera, Espainiako Parlamentuaren bi herenek onartu beharko dituzte erkidegoetan abiatutako hezkuntza legeak edo arautegi aldaketak. Espainiako bi alderdi nagusiak, hots, PSOE eta PP, erreformekin bat etortzea bermatu nahi du neurri horren bidez, «arauen inguruko egonkortasuna» bultzatze aldera [EPD-prentsa, Tokiko hezkuntza legeak Madrilen berresteko eskatu du Gabilondok, MAITE ASENSIO, 2010-01-28]

(14.10)

Egia balitz, berriz, berak dakike zer egin. Nahi badu, itzuliko da bere jatorri ingurura, eta hemengo ospeak ez dio jarraituko. Gelditzea erabakiko balu, ikusiko dugu bere egitekoari noraino tiratzeko gertu dagoen. Esateko erabakia argi dago, baina modua ez da hutsala, hain kontu delikatuan, hots, beldurgarrian. Aurrean duzuna, eskala sozialak beherago jarri dizun hori, beldurra diozun zerbaitegaz -labana, mamu, kuartel- erlazionatu duzunetik, pentsarazten dizun elementuaren inponentzia guztiagaz aurkezten zaizu. [EPD, Olatu bat kuartelen gainetik, Xabier Amuriza (Lanku, 2009) Orr.: 342)]

(14.11)

Presioa zera baino ez da: azalera-unitateko indarra, edo, nahi bada, azalera baten gain egiten den ondoriozko indarra zati azalera horren balioa. Indar konstantez, ohiko trikimailu zaharra erabil daiteke presioa handitzeko: indarra aplikatzen den azalera txikiagotzea. Azalera txikiagoa den heinean, presioa handiagoa. Azalera desberdina duten (hots, kamutsago edo zorrotzago diren) hiru puntaren gaineko hiru pisu berdinek garbi erakusten dute zorroztasunaren arabera handitzen dela barrentze-ahalmena. Horregatik ziztatzen du orratz batek: esfortzurik txikiena aski da larrua zeharka dezan. Hautespen naturalak gogo beroz bedeinkatzen du ideia hori. Ba ote ezer egokiagorik jateko eta jana ez izateko orduan? [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU-ZIO Bilduma, 2007) Orr.: 294]

(14.12)

Zure begi-leihoetan behera globo inbertituak bezalako malkoak nekutsen, urrunago eta handiago, benetako negarraren seinale, benetan negar egiten baitzenuen. Horrek nire nahigabea arabera handitzen zuen, baina ez ninduen akabatzen, bai bainekien, hots, etsiki itxaroten bainuen, itzuliko nintzela, eta zure aurpegi samina bueltan distiratsu aurkituko nuela. Oraingoan ez nauzu itzuliko, eta ez dut nahi, atzera begiratuz, zeure azken irudi tristea estanpa diezadazun, bizi guztirako. [EPD, Olatu bat kuartelen gainetik, Xabier Amuriza (Lanku, 2009) Orr.: 20]

(14.13)

Afghanistaneko 29 urteko emazte bat lapidatu dute, hots, harrika hil, hango araba lege edo ohiduren arabera. [EPD-prentsa, Herria, herriak eta gizonak, sinadurarik gabe, "herriak eta gizonak" (2005-05-05, 2. orr.)]

(14.14)

Elektroi atomiko guztiak energia negatiboko egoeretarantz kolapsatzea saihesteko, suposatu zuen egoera horiek ia guztiak beterik zeudela, hala Pauli-ren esklusio-printzipioak (bi elektroik egoera bera okupatzea debekatzen duenak) energia positiboko elektroi arrunten egonkortasuna kontserbatu zezan. Inoiz hutsik geratzen zen energia negatiboko egoera, hala, energia positiboko eta elektroiarenaren kontrako karga elektrikoko partikulatzat interpretatu behar zen, hots, antielektroitzat. [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 452]

(14.15)

Hala, gauero oherakoan, sotana, logela erdiko lanpara hirukoitzean dilindan, biratzen nuen, ukitzen, eragiten nion, Xalbadorrek penaz ikusi zuen soineko hutsaren alderantziz, betetasun atsegintsua sentituz. Eseriz, zutituz, etzanez, inguratuz, hots, pentsamenari angelu posible guztiak eskainiz, behin betiko hustasun imminente hura amodioaren irudirik samurren bilakatzen ari zen. Niotsan: - Egunen batean, helduko don goiza, eta hortxe geldituko haz dilindan, hutsik, betiko. Denpora batean, hortxe edukiko haut, logela geriza mugikorrez, irribarkorrez betetzen. [ZIO, Olatu bat kuartelen gainetik, Xabier Amuriza (Lanku, 2009) Orr.: 139]

(14.16)

Horixe ulertu neban, behintzat, berari be esan neutsan moduan. Eta horixe pentsaturik etorri naz, harik eta, zuek ikustean, hots, nekarren ideia abstraktu samarra, bat-batean, emakume haragizkoekin konfrontatu behar izan dodanean, beste interpretazino bat bururatu jatan arte, suposatzen baitot Don Terentziok zuek ezagutzen zaitueela ni ezagutzen nauen beste. Baina interpretazinoa bikotxa izan daitekeenez, dudan nago nondik ulertu. [ZIO, Olatu bat kuartelen gainetik, Xabier Amuriza (Lanku, 2009) Orr.: 158]

(14.17)

Oraintxe ez nekike nire bat-bateko itsas-grina ez ote den itzul-min bat besterik izan, neu ere olatu harexen osagai izatearen sentipen energikora. Zer dira berrogei urte, iragana gertagai bihurtzeko gai den oroimenarentzat, abantailagaz ezen badakiela gertatzekoa nola gertatuko den, hots, nola gerta dadin komeni den? Adin ezberdinetako zenbait neska-mutil taldek osaturiko gazteria baten partaide naiz. Helduenen taldean, potenteagotzat jotzen diren ekimen puntualetan, eskualde osoko ordezkaritzak batzen dira, lekeitiar taldekide baten familiaren lokal leihogabe batean. [ZIO, Olatu bat kuartelen gainetik, Xabier Amuriza (Lanku, 2009) Orr.: 8]

(14.18)

Moja pare ondo uniformatuak, koroi formako kofia eta guzti, zeintzuen irribarre txandatuak ez baitakit mojazkotik ala apaizei eskaintzera behartutik daukan gehiago, gela karratu txiki baina nabarmenki altuan utzi nau, zeinak zerura kasik nahitaez begirarazten dizun, zerua goian delakoak egia izaten badarrai. Nire eliztar ikasleak berehala etorriko direla, hots, ekarriko dituztela esanez aldendu dira mojak, adeitsu. [ZIO, Olatu bat kuartelen gainetik, Xabier Amuriza (Lanku, 2009) Orr.: 245]

Aurreko adibideetan ikusi denez, askotan, halako funtzio-paralelismoa ageri da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (paralelismo diskurtsiboa, baina ez nahitaez sintaktikoa): alegia, atal birformulatzaile aposatuak eta birformulakizunak kasu-marka eta numero bera izaten dute maiz (14.19); baina, berez, ez dute zertan komunztadura sintaktikoa gorde (14.20-14.22). Aski da elkarrekin identifika daitezkeen elementuak izatea (ikus Zabala, 1996).

(14.19)

Errepara bekie dortoka gehienen oskolei (11.8 irudia): hexagonoak. Ez dira begi fazetatu batenak edo erle-abaraska batenak bezain perfektuak, baina hexagonoak dira. Zolatzen duten hexagonoen jatorria ukitze-lehian dauden plaka biribilak badira, ulertzekoa da hautespen naturalak operazio hori faboratzea, hots, harrapariei beren hortz zorrotzak sartzeko aukera eman ziezaieketen zirrituak kentzearen alde egitea. Diskozko babesgailu batetik hexagonozko babesgailu batera pasatzea harrapari posibleen ziurgabetasunarekiko independentzian aurrera egitea da. Errepara bekie armadilloaren eta gliptodontes deritzon haren arbaso erraldoi argidotarren oskolei (11.9 irudia) [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU-ZIO Bilduma, 2007) Orr.: 255]

(14.20)

Nik are esango nuke izaki bizi baten parte bereizezina dela ingurumenaren ziurgabetasuna. Ez du zentzu handirik bi izaki bizi konparatzeak, haien ingurumenak zein diren kontuan hartu ezean. Ohartu bedi nola ziurgabetasunaren ideia, lagunarteko hizkeran duen esanahiarekin, hots, zoriaren, kaosaren edo ezjakintasunaren sinonimotzat, ondo zentzu argi, neurgarri eta objektibo batez janzten den horrenbestez. Berdintzaren beste terminoetariko edozein bezalaxe, bistan da. Izaki bizi baten aurre-hartze gaitasunak banako bizi bat irits daitekeen egoeren aldakortasun-tartea (bestela esanda, konplexu-tasuna) adierazten du, behin ingurumena zer egoeratara irits daitekeen finkaturik (ezaguturik). [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU-ZIO Bilduma, 2007) Orr.: 148]

(14.21)

(...) Euskararen alde eginen dugu beraz korrika, pollikiño, urratsean, hots, adinetako edozoin herritarrentzat, 100 bat metro oinez eginen ditugu [ZIO, AIHERRA, SINADURARIK GABE, "HERRIETAKO KRONIKAK" (2009-03-26, 5. orr.)]

(14.22)

Nazioen, eskualdeen, hirien eta herrien branding-a du aztergai proiektu horretan, hots, identifikazio markak. [EPD-prentsa, Berria]

Birformulakizunaren ondoan —haren ondo-ondoan— jarri ohi da eskuarki iruzkina sartzen duen atal birformulatzaile aposatua; bereziki, birformulakizuna elementu nominala bada (ikus Zabala 1996).

(14.23)

Azkenean, Merkelek onartu behar izan du CSUren eskaera nagusia, hots, herritarrei zergak murriztea. [EPD-prentsa, Berria] 

(14.24)

Datorren astean bi lanuzte egitera deitu dute Bizkaiko zahar etxeetako langileek. 2008ko abendutik lan hitzarmenik gabe dihardutela salatuko dute asteazkenean eta ostiralean. Maite Asensio. Bilbo. Bizkaiko zaharren egoitzetako beharginen lan hitzarmenaren negoziazioa geldituta dagoela salatzeko asmoz, datorren astean bi greba egitera deitu dituzte langileak ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Egun osoko lanuzteak egingo dituzte hilaren 14an eta 16an, hots, datorren asteko asteazkenean eta ostiralean. [EPD-prentsa, Berria]

(14.25)

Ahots-tolesturek dar-dar egiten duten neurrian, ahots-bide barruko aireari modu konplexu berean dardara eginarazten diote. Ahots-bideko aireak, orduan, ahots-tolesturetan sortutako hotsaren egitura harmonikoa iragazten du. Uhin jakin batzuk (hots, harmoniko jakin batzuk) anplifikatu egiten dira, eta beste uhin batzuk (beste harmoniko batzuk) isilarazi egiten dira. [EHU, Hizkuntza eta hizkuntzalaritza: hastapenak, Fasold, Ralph et al. (EHU, 2010) 1. kapitulua]

Zenbaitetan, berriz, aditzaren aurrean geratzen da birformulakizuna eta aditzaren ondoan birformulazioa: horixe gertatzen da, esaterako, birformulakizuna perpausaren galdegaia izanez gero (14.26., 14.27.).

(14.26)

Ezker abertzalea ez ezik, PP ere kritikatu zuen Zapaterok, Alderdien Legea behar adinako gogortasunez ez erabiltzea egozten dietelako sozialistei: «Paradoxikoa eta amorragarria da batzuk indarkeria gaitzesteko etxeko lanak egin ez dituztelako protestan ari diren bitartean oposizio demokratikoak esatea atea ireki diegula biolentoei». Nolanahi ere, PPren kritiken aurrean, indarkeriari azkena emateko borondateari «irmo» eusten diola azpimarratu zuen. Gauza bera galdegin zien hautagai sozialistei, hots, «pazientzia eta lasaitasunez» legea betearazteko eta indarkeriari amaiera emateko lanean jarraitzeko [EPD-prentsa, Berria]

(14.27)

Politika eredu horien helburua, herritarrek publikoak eta doakoak behar duten zerbitzuengatik ordaintzea da, Muñozen iritziz; hots, zerbitzu horiek pribatizatzea. [EPD-prentsa, Berria]

argibide gehiago:

Askotarikoak izan daitezke azalduaren (birformulakizuna) eta azalpenaren (birformulazioa) arteko harremanak: biak izan daitezke mugatuak (14.28.); biak mugagabeak (14.29.); edo bata mugagabea eta bestea mugatua (14.30. eta 14.31.).

(14.28)

Horrekin, gure intuizioa gogobeteko da edo ez, eta kontzeptuak merezi izango du edo ez gure eskema kontzeptualean sartzea. Lehenengo eta behin, esan behar da izaki zelulaniztun guztiak osatzen dituztenak zelula eukariotak [mugatua] direla, hots, askoz zelula handiago eta konplexuagoak [mugatua], beren organulu desberdinduak dituztenak, hala nola nukleoak, mitokondriak eta abar. Hala gertatzen da animalia guztien kasuan, landare guztien kasuan, onddo guztien kasuan... [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU-ZIO Bilduma, 2007) Orr.: 66]

(14.29)

Aranbururen arabera (1977), berbarako, orduko Hego Euskal Herriko egunkarietan ez zegoen euskaraz zekien zuzendari bakar bat ere. Kazetarien artean kontua ez zegoen askoz hobeto: egile honen ustez, Hegoaldeko eguneroko kazetetan beharrean ziharduten 178 kazetarietatik zazpi [mugagabea] baino ez ziren euskaraz zekitenak (hots, %3,9) [mugagabea]. Horrez gain, beste kezka bat ere bazuen Aranburuk: bere iritziz, euskarari tokiren bat uzten zioten egunkarien euskal orriek folklore-gaiez eta euskarari berari buruz ziharduten batik bat, gainerako gaiak bazter utzita. [EPD, Bidegorriak hizkuntzentzat, Aitor Zuberogoitia (Elkar, 2005) Orr.: 69]

(14.30)

Bigarrenik, dator nola arima ez den gizakia: alde batetik, zeren lehenago 2.&3. zenbakietan adierazi baitugu substantzia gorpuzgabea eta hilezkorra dela: ikus Firmiter kapitulua Trinitate Sainduaz eta Fede Katolikoaz deitu liburuan eta san Tomasek irakasten duena 23. Opus-ean eta bestaldetik bi partek [mugagabea] osatzen baitute gizakia, hots, arima arrazoidunak eta gorputzak [mugatua]. [EPD, Enkiridion, Martin Azpilkueta / Piarres Xarriton (Pentsamenduaren klasikoak, 2006) Orr.: 62]

(14.31)

Nork ez ditu urteko sagarnoak jastatu nahiko? Aurten, 25 sagarnotegiren ekoizpenak [mugatua] dira gozatzen ahalko, hots 2500 sagarno pinta [mugagabea], Baionako 25 elkartek zerbitzaturik.

Batzuetan, aurreko enuntziatuan adierazitako ideia bat garatzera dator birformulazioa, zehar-estiloan eta perpaus konpletibo baten bidez garatu ere. Zenbaitetan (14.34.), birformulakizuneko predikatuan (badaki) oinarritzen da birformulazioko egitura konpletiboa (hots, direla). 

(14.32)

Gauza da ohatzerat eraman behar izaten genuela hiruzpalauren artean, jostetak edota liskarrak alde baterat utziz, gu beti geurean ibiliz ere jainko eta jainkosen istorioak txunditurik uzten baikintuen, hein batean bedere, ez baikenion sobera konprenitzen. Pentsalari sakon batentzat geneukan guztiok osaba idazle-filosofoa. Istorioari izari berezia hartzen genion, halako igarkizun kutsua; hots, historia zela. Hain zen jakintsu... eta umoretsu. Guztiok erran dut, baina gure amak otto Laurenz funtsgabe hordi bat zela zioen beti, ganorabako bat. Eta amak ezagutzen zuen bere neba, naski. [Denboraren mugan, Jose Angel Irigaray (Pamiela, 2005) Orr.: 14]

(14.33)

Izotzetako ehiztari ospetsu, promiskuo eta gantz-karraskari haiekiko loturak baino ez lezake pitz halako arrunkeriaren inolako ikusmira. Antropologiako anekdotak huskeria badira, zer esan ikerketa kontrolatuez? Psikologia-laborategietako hogeita hamabost urteko ikerkuntzaren ezaugarri berezia da hutsaren hurrengoa gertatu dela. Esperimentu gehienek Whorfen hipotesiaren aldaera "ahul" hutsalak aztertu dituzte, hots, hitzek nolabaiteko eragina izan dezaketela memorian edo kategorizatzeko moduan. [ZIO, Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr (EHU, 2010) Orr.: 66]

(14.34)

Hain zuzen bazuten europearrek Express deitu ikergailu bat Marterat igorria eta huna handik berri interesgarriak etorri berri direla guretako ainitz balio dutenak jakintza mailean. Darmstad agentziak du horren berri eman: lehen aldikotz jakin da hari esker, ura badela hormatua edo karroindua Marteren gainean, alde batean segurik. Haren azalean bide da ur hori, nahiz oraino ez dakiten zenbat, ez-eta ere sasoinka den hormatua, baititu Marzok ere bere gisako uda-neguak. Bestalde, hango mendien berri ere badaki orai gizonak, gero-ta gehiago, hots, hemengoak baino hiruetan goragoak direla bana-beste: 27 kilometra gora haundiena, Everestek hiruetan gutiago dituelarik [EPD, HERRIAK ETA GIZONAK, SINADURARIK GABE, "HERRIAK ETA GIZONAK" (2004-01-29, 2. orr.)]

adibide gehiago:

(14.35)

Adimen Artifizialaren lehenengo legearen arabera, hots, problema zailak errazak direla eta problema errazak zailak, kontua da memoriaren partea ordenagailuentzat erraza dela eta jendearentzat zaila, baina erabakia hartzearen partea, berriz, jendearentzat erraza dela (perpausa behar bezala eraikia izan denean bederen) eta ordenagailuentzat guztiz zaila. [ZIO, Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr (EHU, 2010) Orr.: 213]

(14.36)

ISAIASek joateko keinua egiten du, baina MARIA LUISAk beste gai bat, asko interesatzen zaiona, ateratzen dio. Izan ere harrituta geratu zen DOLORESek kontatu zionarekin, hots, ISAIAS eta ANDONI anaiak zirela. [Goenkale, 1056 atala, Amaginarreba etxean]

(14.37)

Badoa: Igande aratsean mintzatu da Jakes Haundia eta erran du denek aspaldi honetan dakitena, hots, ez zela bozetara joanen hirugarren kargu baten lortzeko. [EPD, ELEBIXTA LEIHOTIK, SINADURARIK GABE, (2007-03-15, 6. orr.)]

Beste diskurtso-markatzaile batzuk ez bezala (baina, hala ere, ), normalean ez da agertzen juntagailuekin batera (?eta, hots; ?hots, eta).

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Jatorriz ipar-ekialdeko tradiziokoa da hots birformulatzailea (ikus gorago Euskal hiztegiak), baina ikaragarria da gaurko euskara zainduan lortu duen arrakasta. Izan ere, birformulatzaile baliokide erabilienen maiztasunetatik gertu dabil EUDIMA corpusean: hau da (40,88), alegia ( 31,22), hots (23,42). Hiru birformulatzaile esplikatibook (alegia, hots, hau da), esaterako, askozaz ere maiztasun altuagoa dute, beren artean baliokide diren beste hauek baino: 

Birformulatzaile baliokideen maiztasunak (EUDIMA corpusa) [*Oharra: ‰ = 100.000ko]

Bestela esanda/esateko…

1032 agerpen, ‰ 1,64

Beste era batera esanda/esateko…

462 agerpen,   ‰ 0,73

Beste modu batera esanda/esateko…

231 agerpen,   ‰ 0,36

Beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda/esateko)

257 agerpen,   ‰ 0,41

Beste hitzetan/hitzez (esanda/esateko)

104 agerpen,   ‰ 0,16

 

Gaur egungo euskara estandarrean, hizkuntza zainduan eta bereziki azalpenezko diskurtsoan erabiltzen da (ZIO, PKC, Zuzen-TA, ZTC, EHU). Zuzenbidean, esaterako, testu akademikoetan erabiltzen da batik bat, eta oso gutxi lege-testuetan. Beste muturrean, hutsaren hurrengoa da hots birformulatzailearen maiztasuna Hegoaldeko euskara mintzatua hein batean ispilatzen duten testuetan (Goenkale, ETBko dokumentalak). Bestalde, askozaz ere maiztasun handiagoa ageri du itzulitako testuetan ( 31,14), jatorrizkoetan baino ( 8,57).

Hots [etena bietan]

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

498

49.80

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

1633

29,69

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

194

4,73

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

896

35,84

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

5631

52,62

B1a. EPD liburuak

2149

21,06

B1b. EPD prentsa

1034

9,84

B2. ZT Corpusa

2614

39,60

C1. ETBko dokumentalak

3

0.60

C2. Goenkale corpusa

10

0.09

denera

14662

23,42

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

jatorrizkoak

3061

8,57

itzulpenak

8377

31,14

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a. Euskara estandarrean, oro har, badirudi azalpenezko testuetan erabiltzen dela batez ere hots birformulatzailea. Hona hemen hipotesi hori egiaztatzera datorren datu adierazgarri bat: Zuzenbidearen arloan bederatzi bider altuagoa da birformulatzailearen maiztasuna testu akademikoetan ( 35,44), lege-testuetan baino ( 4,43). [Oharra: 1/100.000 erlazioa adierazteko erabili dugu ‰]

b. Hegoaldeko euskara estandarrean erregistro zainduan erabiltzen da batik bat (eta haren barruan, bereziki, azalpenezko testuetan).

c. Ipar-ekialdeko euskalkietatik euskara batura zabaldu da; baina hizkuntza zaindura zabaldu da batik bat. Ahozko hizkuntzara hurbiltzen diren corpusetan (Goenkale, EITBko dokumentalak) oso maiztasun apala du hots birformulatzaileak.

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

[OEH]

es decir, esto es

[Elhuyar]

es decir, esto es; o sea

frantsesa

[Elhuyar]

Lok. c´est-à-dire

ingelesa

[Elhuyar, Morris]

Lok. that is to say, in other words

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Izen gisa edo interjekzio gisa erabiltzen denean (ikus gorago Euskal hiztegiak).

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus