Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

orraztu, orraz, orrazten 1 da/du ad orraziaren edo kideko baten bidez bereizi, leundu edo apaindu. ik orraztatu.

Orraztu ere ispilurik gabe orrazten naiz, baina hala ere ondotxo dakit zernolako itxura dudan.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 258. orr.

Orraztu ere egin nintzen, denbora galtzearren hain zuzen.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 15. orr.

-Orraz nazazu, ai! orraz nazazu; horrek sendatuko nau; orraztu egin behar naute.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 170. orr.

Gero, orraztu, ilea xingolaz lotu, eta jaietako soinekoa jantzi zuen, senarra bizi zenean erabiltzen zuena.  Jose Antonio Mujika   «Agindutako lurraren bila II», 2002 - 148. orr.

Bakero-galtza beltzetatik orrazia hartu eta orrazteari ekin zion.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 181. orr.

Gizonezko asko zegoen burua brillantinaz orraztuta eta jaka urdin gurutzatuez jantzita.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 88. orr.

Ez da sekula garbitzen ez orrazten ez ezer.  Koro Navarro   «Artistakume baten erretratua» - Dylan Thomas, 1999 - 109. orr.

Bakeroz jantzitako eta ilea dozenaka txirikorda bihurrietan orraztua zuen neska bat.  Koro Navarro   «Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean» - Raymond Carver, 2003 - 66. orr.

-Eta bestea -esan zidan, gako-orratza hortz artean, motots kaxkagorria orrazten ziharduela-, ikusia duzu.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 181. orr.

2 (ile edo kideko bat osagai zuzena dela)

Sakelako orraziaz orraztu du ilea, armairu haundiko ispilura hurbildu gabe.  Pello Lizarralde   «Larrepetit», 2002 - 111. orr.

Aita ohean etzanda egoten zen, ilea orraztu gabe, begirada galduta.  Joseba Sarrionandia   «Kolosala izango da», 2003 - 121. orr.

Eskuaz orraztu dut bere ile gorria, eta beste eskuarekin beste zeozer heldu dut.  Joseba Sarrionandia   «Lagun izoztua», 2001 - 419. orr.

Joanesek begiak igurtzi zituen, bi eskuez ilea orraztu zuen.  Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa», 2002 - 49. orr.

Florak ile bustiak orraztu zituen hatzekin.  Oskar Arana   «Brooklyngo erokeriak» - Paul Auster, 2006 - 45. orr.

Emazteari begiratzen zion; ilea orraztua zuen ordurako, soina kortsearen barruan estu, apain-apaina goitik behera, betiko moduan.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 227. orr.

Erdi-loaren eztitan neskatoaren ile luze sakabanatua ukitzen ari zenean, hura orraztuko balu bezala, loak hartu zuen.  Ibon Uribarri   «Loti ederrak» - Yasunari Kawabata, 2006 - 45. orr.

Apain-apain jantzita zegoen, ile kizkurrak ardura handiz orrazturik zeuzkan.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 393. orr.

Eurokopan Greziak behera bota ditu, ordea, orain arteko mito handiak, eta Nedveden urrezko tximak orraztu ere egin ditu.  Berria - Kirola   2004-07-06

3 (adizlagunekin)

Tipo betaurrekoduna eta ondo orraztua.  Sonia Gonzalez   «Ugerra eta kedarra», 2003 - 54. orr.

Horixe izan zen tipo ondo orraztuak entzun zuen azkena.  Sonia Gonzalez   «Ugerra eta kedarra», 2003 - 75. orr.

Jaka eta galtza grisak eta atorra zuria soinean, ile urdin eta sarria atzeraka orraztua.  Pello Lizarralde   «Larrepetit», 2002 - 30. orr.

Catherine atean zegoen, ilea harroki orraztua, ezpainak distiratsuki gorrituak.  Iñaki Zabaleta   «110. Street-eko geltokia», 2003 - 54. orr.

Ilea patxadaz orraztu berria zuen, eta janzkia kontuz eskuilatua.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 110. orr.

Oso txukun eta gustu onez orrazturik zeuzkaten belarrondoko bizarrak.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 30. orr.

Hantxe, ohe ertzean eserita, apain orraztua goiz-goizetik.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 230. orr.

-Bai, bai -ihardetsi zion Nestok, Marco, moxala, gogotik orraztuz-, erretorearenak ez, ordea!  Josu Zabaleta   «Gauza baten ametsa» - Pier Paolo Pasolini, 1998 - 124. orr.

Zaldiak txukun-txukun orrazturik zeuden.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 92. orr.

4 irud/hed

Berak eta bere taldeak gudu-zelaia orrazten zutenean, beren lana zen zauritu konfederatuak bereiztea hildako konfederatuetatik.  Anton Garikano   «Maitea» - Toni Morrison, 2004 - 359. orr.

Eguzki orban zabalak ziztu bizian orraztu du belardia.  Pello Lizarralde   «Larrepetit», 2002 - 44. orr.

Aurrera zihoan gaua, orduak leun orrazturik.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 70. orr.

Mateok baloia orraztu eta bigarren zutoinean errematatzeko aukera izan zuenean.  Berria - Kirola   2004-01-15

Eta Santosen jenio txarra orraztu behar zuen.  Unai Elorriaga   «Van't Hoffen ilea», 2003 - 107. orr.

Waits ahotsa ere bada, alkoholak orraztutako ahots ikaragarri adierazgarria.  Berria - Kultura   2004-10-03

Sindikatu horren ustez, eurek hitzartu duten irtenbide bera izango da, baina «orrazturik».  Berria - Ekonomia   2004-07-21

5 idazlan bati buruz mintzatuz, zuzendu, azken ukituak eman.

Bikain egin du editore lana: testuak orraztu, zuzendu, iradokizunak egin...  Berria - Kultura   2004-06-04

Moldiztegiko probak orrazten dituen idazlea balitz moduan.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 45. orr.

Ibonek euskara aldetik orraztu zuen eta hirurok sinatu genuen.  Ana Urkiza   «Zortzi unibertso, zortzi idazle», 2006 - 28. orr.

Hara, nik Sokrates Lakes dialogoan ontsa ezagutu arren, ez nekien olerki baten orraztera apaldu zenik!  Itxaro Borda   «Hiruko», 2003 - 141. orr.

Liburuan jatorrizko testua jaso dute faksimilean, eta baita testua bera, txukundua eta orraztua.  Berria - Kultura   2004-04-30

6 (era burutua izenondo gisa)

Ile orraztutik beheraka elur malutak eta euri tantak erortzen zitzaizkion.  Joxemari Iturralde   «Euliak ez dira argazkietan azaltzen», 2000 - 80. orr.

Den alerik bikainenak Ostots orraztua duela izenburu, eta beste batek Igeltsuzko elektrikara eta beste batek Axaxas mlö.  Juan Garzia   «Ipuin hautatuak» - Jorge Luis Borges, 1998 - 66. orr.

· Neskaren ile solte urrezkoaren edertasun orraztu gabea.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 123. orr.

7 (era burutua izen gisa)

Zure orraztua ez zaio gaizki etorriko...  Joan Mari Irigoien   «Odolean neraman», 2004 - 69. orr.

Berak tinbreari behetik sakatzen zionean, amak hiltegirako antxumeari legez begiratu eta azken orraztua, un dernier coup de peigne, ematen zidan, azken orraztua emateak ez zuela merezi pentsatuko balu bezala.  Harkaitz Cano   «Neguko zirkua», 2005 - 17. orr.

Bob artzaina bere bulegoan zegoen, idazmahaian eserita, ustez hurrengo goizean eman behar zuen predikuari azken orraztua ematen.  Oskar Arana   «Brooklyngo erokeriak» - Paul Auster, 2006 - 311. orr.

8 orraztearren adlag orrazteko.

Sabeth berriro orrazten, ilea bustita dauka, burua zeharka goraturik, hartara hobeto orraztearren.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 289. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus