Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

mamitu, mami(tu), mamitzen 1 da/du ad gauzatu. ik hezurmamitu; gatzatu1 3.

Borroka hori Itoizko Koordinakundearen inguruan mamitu zen ia hasieratik.  Edurne Elizondo   «Itoiz, porlanezko gezurra», 2004 - 32. orr.

Eskola espresionista, zehatz hitz egiteko, alor batean baizik ez da egiaz mamitu ikusmenezko arteei dagokienez: pinturan.  Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont, 2004 - 273. orr.

Biharamunean, egunsentia ozta-ozta mamitzen hasten zelarik esnatu nintzen.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 31. orr.

Autoritatezko argumentuz ("Halakok dioenez") mozorrotutako umekeria pedantez mamitua dago, tesi guztiak bezalaxe.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 102. orr.

Eta urte honetan gauzatu zen lehenagotik ere mamitzen egona zen euskal kulturaren aldeko mugimendu bat [...] 1966ko urtarrilaren 23an eman zuen Donostian bere lehenbiziko emanaldia "Ez dok amairu" taldeak.  Pello Salaburu   «XX. mendearen argi-itzalak», 2001 - 82. orr.

Horretara, 1876ko uztailean gertatutako euskal foruen ezeztapena, legezkoa, 1839koaren bidetik mamitutakoa, askoz ere beranduago ikasi nuen.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 289. orr.

-Bada, erakusten dik hilketa ez zela bat-bateko haserrealdi edo muturraldi baten emaitza ustela izan, aldez aurretik mamitua eta prestatua baizik.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 225. orr.

Oraindik zeharo mamitu gabeko ideia baterako apunteak.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 150. orr.

2 du ad mamia eman, gauzatu.

Horrela sorrarazi edo mamitu zuen haiengan hilketaren eldarnioa.  Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre, 2003 - 45. orr.

Egia, bizitzaren legeak mamitzen dituen gehienak bezalaxe, askozaz ere arruntagoa da.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 61. orr.

Gero jakin dut nire deiaren esperoak mamitu zuela ordudanik bere bizi-poza.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 342. orr.

Elurra hasi zuenetik igarotako hogeita lau ordu pasatsu haietan gertatutakoak hausnartu, mamitu, bere egin eta gozatzeko.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 152. orr.

Ez zien utzi astirik beren asmoak mami zitzaten, eta berak zituenei jarrai zekizkien arduratu zituen buru-belarri.     «Legeen espirituaz II» - Montesquieu, 1999 - 330. orr.

Ameriketatik itzuliz geroztik mamituz joandako proiektuaren berri eman nion Mary Anni: liburu bat egin nahi nuen Soinujolearen semea aintzat harturik.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 21. orr.

Euskararen eta euskal gizartearen inguruan egin dituen irakurketen gainean mamitu dituen hausnarketak.  Berria - Kultura   2004-11-23

3 esneaz mintzatuz, gatzatu.

Baina ez daukagu gatzagirik, eta esnea mamitu ezean alferrik gabiltza.  Jokin Urain   «Errotarria», 2006 - 119. orr.

Esnea mamituta ez badago eguerdirako, bihar ez dago gaztanberarik.  Jokin Urain   «Errotarria», 2006 - 120. orr.

4 (era burutua izenondo gisa)

Aitorpen honek marka guztiak hausten ditu, eta ezin gordinkiago erakusten alaitasun mamituaren barrengo harra.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 134. orr.

Isuritako odol mamituarekin joan zitzaion bizia, paradisuko huriak ezagutzeko ametsa zuela azken pentsamendu, agian.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 84. orr.

Hurra jakituria mamitua da, barruan sendotua, gordean ondua, jakituria umo trinkotua, baina aldi berean, oskol ttiki gogor baten barruan gordea.  Patziku Perurena   «Harrizko pareta erdiurratuak», 2004 - 177. orr.

5 mamituxe mamitu xamar.

Aspaldi ase baitzituen gaixoak, amodio jolasak eta bizi grinak, eta hauts enamoratuaren muintegi gordean, amodio hazia mamituxe zaio gaurgero  Patziku Perurena   «Harrizko pareta erdiurratuak», 2004 - 183. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus