Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

leihatila (orobat lehiatila g.er.) 1 iz leiho txikia eta, batzuetan, berezia.

Leihatila bera aski gora da, eta barneko aldetik sare trinko batek ongi hesten du; kanpoko aldetik, burdin ziriak baditu, sare batez estaliak.  Filipe Bidart   «Bakartasunaz bi hitz», 2004 - 32. orr.

Ipar haize beltzak, kilin kalanka darabilzki lehiatilak aitonaren etxean.  Patziku Perurena   «Harrizko pareta erdiurratuak», 2004 - 124. orr.

Bordak bi leihatila ditu alde banatan eta ganbelak eskuineko hormaren ondoan.  Pello Lizarralde   «Larrepetit», 2002 - 16. orr.

Kristalezko leihatila karratu hura zen aretora argia sartzea ahalbidetzen zuen hutsune bakarra.  Aritz Gorrotxategi   «Egurra Pinotxori», 2002 - 90. orr.

Alde bateko leiho guztiak itsutu eta leihatila txiki bat egin zuen haien ordez.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 141. orr.

Egurrezko leihatila txiki bat dauka ziega bakoitzak atean, eta kanpotik ireki daiteke; beraz, saio bat egin dezakezu.  Rafa Egiguren   «Mentxakaren aitorpena» - Jose Ramon Goikoetxea, 2006 - 42. orr.

Ateko leihatila irekita utzirik. Atearen parean leihoa, aski gora, vasistas edo leihatila sistema bat, doi-doia idekia aire pixka bat uzteko gisan.  Filipe Bidart   «Bakartasunaz bi hitz», 2004 - 29. orr.

2 irud/hed

Sukaldera ematen zuen leihatila bat zeukan, tornu batekin komentuetan bezala, eta haren alboan jarri nintzen erne.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 114. orr.

3 bulego eta kidekoetan, enplegatua jendearekin harremanetan jartzeko leiho modukoa.

Hirurak sartu ziren aireportura eta bertan saiatu Bilborako hegaldiari zegokion British Airways-en leihatila aurkitzen.  Joxemari Iturralde   «Euliak ez dira argazkietan azaltzen», 2000 - 255. orr.

Zuk, orain, administrazioko leihatila batera hurbiltzen zarenean, normaltzat jotzen duzu beste aldean dagoenak euskaraz erantzutea.  Pello Salaburu   «Euskararen etxea», 2002 - 88. orr.

Bulegoa hura zen, baina leihatila aurrean sekulako jende ilara zegoen.  Josu Zabaleta   «Gauza baten ametsa» - Pier Paolo Pasolini, 1998 - 65. orr.

Leihatila aldera makurtu nintzen, gaua zen, kutxazaina ilegorria, eta esan nion: "Txartel bat!  Fernando Rey   «Zorrotz begiratutako trenak» - Bohumil Hrabal, 2002 - 37. orr.

Txartelak saltzeko leihatila itxiko kristalari erantsita, txartelak trenean saltzen zituztela gaztigatzen zuen oharra.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 295. orr.

Leihatila batean norbaiti kexan ari zitzaion tonuan mintzo zen Marta.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 24. orr.

Leihatila blindatuaren gibeletik, frantses polizia gizonak bere bisitaren zergatia eskatu zion.  Ramuntxo Etxeberri   «Skyroom», 2004 - 210. orr.

Buru-ukaldi batez eskertu nion faborea, eta xeheak itzuli zizkidan leihatila estuko zirritutik.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 300. orr.

Telegrafo etxe bakoitzean, enplegatuek, leihatilan eserita, eskuratu ahala bidaltzen zituzten mezuak.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 176. orr.

4 (ordenagailuan)

"Aurkitu fitxategia" zioen leihatila hautatu nuen.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 271. orr.

5 (autoez eta kidekoez mintzatuz) leihoa. ik leiho 3.

Edo horrelako zerbait zioen, autoaren leihatila aldera hurbildu orduko Estebanek berehala ezagutu zuen gizonak.  Pako Aristi   «Urregilearen orduak», 1998 - 164. orr.

Txoferrak leihatila jaitsi du, eta Joxe, eskuak sakeletatik atera gabe, pixka bat makurtu da harekin mintzatzearren.  Pello Lizarralde   «Larrepetit», 2002 - 83. orr.

Hegazkinaren leihatila zulatuaren gisan hurrupatu ninduen leihoak, ezkaratzaren beste aldean.  Joxan Elosegi   «Durduzaz eta dardaraz» - Amélie Nothomb, 2003 - 8. orr.

Treneko leihatilan kedarra itsatsi da.  Sonia Gonzalez   «Ugerra eta kedarra», 2003 - 116. orr.

Metroko lehiatiletatik ez da kalerik ikusten, lurpean sartu baita metroa pare bat geltoki lehenago.     «Eta emakumeari sugeak esan zion», 1999 - 114. orr.

6 leihatila bakar

Erakundez erakunde paperak betetzen jardun ez daitezen, leihatila bakarra delakoa sortzeko exijituko die Bruselak EBko herrialdeei.  Berria - Ekonomia   2006-02-17

Espainiako Gobernuak eta erkidego autonomoek lehiatila bakar bat sortuko dute, eskariak batera egin ahal izan daitezen.  Berria - Ekonomia   2004-08-28

Aurten enpresa berriak sortzeko tramiteak koordinatzeko eta azkartzeko leihatila bakarra martxan jarriko dutela iragarri du Josu Lapatzak.  Berria - Ekonomia   2004-04-16

7 txartel leihatila

Era berean, nabarmena da elementuen erabilera sinbolikoa: txartel-leihatila hilkutxa bihurtzen da, kartek etorkizun beltza iragarri eta denboraren urratsak markatzen dituzte.  Berria - Kultura   2004-03-18

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus