Eduki publikatzailea

Tren komunikazioko zirkuitu elektroniko konplexuen diseinu eta probatzeari ekarpenak

Doktoregaia:
Jaime Jiménez Verde
Urtea:
2005
Zuzendaria(k):
José Luis Martín González
Deskribapena:

Mikroprozesadore bat, periferikoak eta modulu bereziak dituzten zirkuitu digital konplexuak diseinatzea ez da potentzia handiko tresna informatiko erabiltze hutsa. Irtenbidea ez dago betiko tekniketan, ezta lan-ihardunaldi latzetan ere. Milimetro koadroko 100.000 baino ate logiko gehiago eskaintzen duten teknologiak aprobetxatzeko, estrategia berriek ez diete baliabide fisikoei begiratu behar, metodologiari baizik. Besteak beste: abstrakzioa (edo goitik beherako diseinua), arkitekturen ikusketa, aurrez definituriko guneak integratzea, plataformetan oinarrituriko diseinua eta baterako diseinu fisiko-logikoa. Halaber, sistema konplexu bat diseinatzean, egiaztatzeak arreta berezia eskatzen du. Izan ere, horrexek agortzen ditu informatika eta giza baliabide gehienak; beraz, hor dago koska.

Trenbide arloan, Elektronikak gero eta garrantzi handiagoa du, Mekanikarekin alderatuz. Dena dela, trenetarako sistema elektronikoen aniztasuna, hornitzaileak eta zientzi argitalpenak urriak dira. ‘Tren Komunikazio Sarea’ (TCN, ‘Train Communication Network’) arauak zehatz-mehatz definitzen ditu sare lokaleko geruza guztiak kotxeak zein barruko dispositiboak elkarrekin lotzeko. Hauxe da Europak eman dion erantzuna tren egile eta trenbide operadoreek telekomunikazioetan egindako eskakizunari.

Tesi honetan, zirkuitu elektronikoak sortzeko eta egiaztatzeko teknika berrien bidez diseinatu dira TCN dispositiboak. Hain zuzen ere, Funtzio anitzeko Ibilgailu Buserako (MVB, ‘Multifunction Vehicle Bus’) maisu-lotuneko egitura sortu egin da baterako diseinu metodologia bati jarraituz, berrikuntza batzuekin. Bide honetan, funtzio diseinua zein moduluk osatzen duten zehazteko ‘dispositibo aurrerakorren familia’ kontzeptua funtsezkoa izan da. Jarraian, arkitektura hau SystemC lengoaian deskribatu da. Honela, bloke bakoitza gauzatu ahal zen mikroprozesadorearen prozedura batez nahiz periferiko berezi batez. Azkenik, Lee, Hsiung eta Chenen algoritmoak zatiketa fisiko-logikoa bideratu du.

Halaber, MVBko dispositiboak egiaztatzeko, probetarako banku berezi bat eraiki da. Honek, merkatuko tresna bat oinarri hartuta, erabiltzailearen interfazearen bidez egituraturiko simulazio eraginkorrak ahalbideratzen ditu. Probetako zirkuituak VHDLn idatzi behar dira; baita inguruko eredu zati bat ere. Dena den, inguru honetako zereginik konplexuenak Cn programatu dira.