Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
099. Bioleta ozarrari nik hitz bi
Bioleta ozarrari nik hitz bi:
«Lapur ezti, nondik hik horren gozo
lurrina? Maiteren hatsetik, noski.
Gorrindol bitxiz musu-eder oso,
haren zainetatik baitun edoski».
Lirioak zure eskua, hara;
mendaroak ilea ostu zizun;
arrosa bik arantzetan ikara:
gorri, lotsa-suz; zuri, etsikizun;
ez gorri ez zuri, hirugarren bat,
bietatik eta zure hatsetik
ebasle, sasoi betean har beltzak
mendekuz janez zeukan ia hilik.
Beste lilirik bazen, baina oro
zure lapur huts, gozo eta margo.