Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
084. Zer mintzo-trebek luke laudorio
Zer mintzo-trebek luke laudorio
hobea zu zeu zarela esate
soil-soila baino? Non da hitz-jario
bikaina zeina duin bailitzaizuke?
Ihar-zimel huts luma hura zeina
ez den bere gaiaren hitz-hegada;
zutaz ari dena goren da, baina,
«zu zu zara» esateko gai bada.
Kopia beza hitz-hitzez zarena,
naturaz argi dena nahasteka;
horrenbestez bai hark onaren sona,
eredu konpli litzateke eta.
Ez nahas dohainoi behar ez denik,
puzkeria harroz harropuzturik.