Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
083. Ez nizun inoiz sumatu pintura
Ez nizun inoiz sumatu pintura
beharrik; ez nizun, bada ezarri;
egotzi bainizun noski itxura
lar fina poetek hartzeko neurri;
hala nintzen zure berrikariz lo,
zeuk hor iraunki garbi zelakoan
agertuko zein motz diren oraingo
lumok zu, goren gailen, gorestean.
Isiltasun hau hobentzat didazu;
loriatzat nik mutu egotea:
hitzik eza eder-kalte ez duzu;
bestek zuri zer?: bizitzat lurpea.
Zure begiño bat da biziago
bi poeton asma ahalak baino.