Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
077. Ispiluan dakuskezu nola den
Ispiluan dakuskezu nola den
zure ederra maizten; erlojuan,
urre-minutuok nora doazen;
orri zurioz, zer duzun gogoan.
Mirailak zintzo dagertzan zimurrek
hobi-ahoen gomuta bekarte;
erlojuaren ihes itzal horrek,
Aldiren jomuga: Eternitate.
Hara: oroitzak eusterik ez duen
hori eman hutsarte zabalotan,
eta zure garunak hazi haurren
bidez dukezu zerorren berri han.
Hiru zerok, so egin bezain sarri,
zeure zein orrion aberasgarri.