Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
078. Hainbestetan dizut, Musa, hots egin
Hainbestetan dizut, Musa, hots egin,
eta zuk hain laguntza fina eman,
non nornahi baita saiatu berdin,
olerki-barreiu zure ospean.
Begi finok —mutuei kantuz, lelo
larriei hegats-goran irakasle—
lumaberritu dute hainbat hego,
berez apainen dohain-bikoiztaile.
Neurtitz hauez behar duzu harroen:
zuk deragiezu, zeure dituzu;
besteok bira estiloz nabarmen,
artegailu edertzat harturik zu;
nik soilik zaitut, baina, arte huts, non
gertatzen baita luma-baldar hau on.