Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
044. Haragi sor hau baldin banu pentsu
Haragi sor hau baldin banu pentsu,
urrun dorpeak ezin ni oztopa;
lekua leku, hor ninteke prestu,
azken bazterretik arin hegaka.
Berdin lidake baldin banintz neurez
urrunenean zugandik aparte;
bizkor da Pentsu itsasoz zein lurrez:
pentsatzez bertan da, hori du arte.
Tamalez, pentsu latz dut ez naizela
milia luzez jauziz doan pentsu,
baizik, lur eta ur bainaiz makala,
betaren jopu naizela dolutsu:
gai geldo horien opari xuhur,
malko astunok, min banaren ikur.