Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
045. Beste biak, aire arin eta su
Beste biak, aire arin eta su
arazle, zurekin dauzkat. Lehena,
pentsua; bestea, desira: non zu,
han dira, hutsez egina izana.
Behin, bada, gai bizkorrok joanik
maitezko mandatuz zugana xamur,
bizitza, lauz osatua, biz soilik,
malenkonian itotzen zait bihur;
harik eta berriz osatu arte,
hor itzulirik mezulari finok,
zeinek ongi zarela baitiote,
hala baititut nik zure berriok.
Haiek entzunik, ni poz-pozik, baina,
berriz igorririk, berriz samina.